Ikasturte honetan ‘Energia xahutzearen kontrako ekintza’ udal-programan parte hartzen duten hiru ikastetxeek programaren Ekintza Planeko proposamenak gauzatu dituzte. FEC Vedruna, Nuestra Señora del Huerto eta Teresianas ikastetxeek argi-sentsoreak eta LED motako argi berriak dituzte dagoeneko, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek egindako lanaren fruitu. Ekainean, haien ikastetxeetan energia-aurrezpena hobetzeko ekintza-plana ezartzeko garatu duten prozesua partekatuko dute hiru ikastetxeek.
‘Energia xahutzearen kontrako ekintza’ izeneko hezkuntza-proiektuak Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak diseinatutako gamifikazio-tresna bat erabiltzen du. Tresna horrek ikastetxeko energia erabiltzeko ohiturak ezagutzea ahalbidetzen du, energia-diagnostiko baten bidez. Diagnostiko horrek Ekintza Plan bat sortzea errazten du, eta Udalak 1.000 euro inguruko ekarpena egiten du ikastetxe bakoitzak sortu dituen proposamenetan inbertitu dezan.
FEC Vedruna ikastetxeak fluoreszenteak aldatu eta haien ordez LED argiak jarri ditu elektrizitate-kontsumoa murrizteko xedez. Gainera, ikasleek txorrotak ixteko, ikasgelatik ateratzean argiak itzali edo beharrezkoak direnak soilik erabiltzeko, eguzkiaren argia aprobetxatzeko eta elektrizitate-kontsumoa murrizteko pertsianak igo eta jaisteko kontzientzia hartu dute. Neurri horiek Energia xahutzearen kontrako ekintza planean zehaztuta daude.
Nuestra Señora del Huerto ikastetxeak mugimendu-sentsoreak jarri ditu Lehen Hezkuntzako korridoreetan eta komunetan, ahaztuta argiak piztuta ez uzteko. Horrez gain, ikasleek ateak itxita edukiko dituzte berogailua alferrik ez erabiltzeko, kartelak eginen dituzte ikastetxeko guztiei energia modu arduratsuan erabiltzera dei eginez eta teknologiarik gabeko egun bat sustatuko dute. Ikastetxera joateko garraio jasangarria, zaintza-patruila bat sortzea eta aireztapena eta argi naturalaren erabilera kontrolatzea ere aztertu dute.
Teresianas ikastetxekoek ere argi-sentsoreak instalatu dituzte ikastetxeko korridoreetan, eta horrekin batera ohiturak aldatzeko apustua egin dute. Landu diren proposamenen artean, ikasgeletan distirak saihesteko gortinak instalatzea, erradiadoreen tenperatura balbula termostatikoen bidez erregulatzea eta eguzki-plakak instalatzea daude. Ikasturte osoan zehar mantenduko dira azturak aldatzeko neurri guztiak.
Deialdi berria 2023-2024ko ikasturterako
Heldu den ikasturtean bi ikastetxe batuko dira programara: La Compasión Escolapios eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoa. Hautatutako bi ikastetxe horiek Arrotxapea auzoan daude, izan ere, energia positiboko auzoa izan dadin lanean ari dira, Europako OpenLab proiektuaren esparruan. Horiek horrela, testuingurua oso aproposa da ikastetxe horiekin programa lantzeko.
Ikastetxeek, 2023-2024ko ikasturterako, baliabide pedagogikoak, aholkularitza eta prestakuntza jasoko dituzte Iruñeko Udaleko ingurumen-hezkuntzako zerbitzuaren eskutik, eta ekarpen ekonomiko txiki bat ere bai, parte hartzen duten ikasleek proposatutako energia aurrezteko neurrietako batzuei ekiteko. Ikasturte honetan parte hartu duten hiru ikastetxeek bigarren urtez jarraitzen ahalko dute, kasu horretan laguntza-proposamen batekin, horrek autonomia handiagoa ematen baitio ikastetxeari.
Hezkuntza-ekimen hau Europako Stardust proiektuaren barruan sartzen da. Proiektu horrek energia-eraginkortasun globala handitzea eta parte hartzen duten hirien bizi-kalitatea hobetzea ditu xede. Gainera, ‘Energia xahutzearen kontrako ekintza’ bat dator udalak klima-aldaketaren aurkako borrokan duen konpromisoarekin eta hiria klima-arriskuei aurre egiteko egokitzearekin. Konpromiso hori Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 2030erako Estrategiarekin, Iruñeko 2030erako Hiri Agendarekin eta Go Green Estrategiarekin gauzatu da.
Datuak
- Hiru ikastetxek parte hartu dute 2022-2023ko ikasturtean:
- FEC Vedruna, Nuestra Señora del Huerto eta Teresianas
- Ekainaren 19an, Ingurumen Hezkuntzako Museoan:
- Hiru ikastetxeetako esperientzia bateratzeko saioa
- Bi ikastetxe gehiago 2023-2024 ikasturtean:
- La Compasión Escolapios eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoa