Iruñeko Udalaren Energia Agentziak martxoaren 2ra arte jasoko ditu norbanakoek nahiz enpresek EnerAgen sarietara aurkeztutako hautagaitzak. Estatuan ematen diren sariak dira, eta energia berriztagarriei, energia-eraginkortasunari edota mugikortasun jasangarriari loturik abian jarritako proiektuak aintzatesten dituzte. Sariak –hamabigarren edizioa da aurten– EnerAgen Energia Kudeatzeko Espainiako Agentzien Elkarteak banatzen ditu, eta udal zerbitzua elkarte horretako kide da. Izan ere, Energia Agentzia inguruko hautagaitzak jaso eta kudeatzeaz arduratzen da, eta kategoria bakoitzeko bat hautatzeaz. Sariek REE Espainiako Sare Elektrikoaren babesa dute eta 2019an gauzatutako proiektuak aintzatesten dituzte.
Deialdiak hiru kategoria bereizten ditu, sari bakoitzak 1.500 euroko zuzkidura duelarik. A kategoriak energia berriztagarriei loturiko jarduketarik onena aintzatesten du; B kategoriak energia-eraginkortasuneko edota mugikortasun jasangarriko jarduketarik onena, eta C kategoriak energia berriztagarrien edo energia-eraginkortasunaren sentsibilizazioa eta hedapena ditu ardatz. Oinarriak eta eskabide-eredua www.pamplona.es/temas/medio-ambiente-y-salud/agencia-energetica-municipal-de-pamplona udal-webgunean kontsulta daitezke.
Norbanako, erakunde publiko zein pribatu, ikastetxe eta abarrei zuzendutako sariak
Edozein norbanakok, entitate publikok zein pribatuk aurkez dezake hautagaitza. Kasu guztietan honako hauek aurkeztu beharko dituzte: jarduketaren laburpen-fitxa, deialdiaren oinarrietako ereduarekin bat eta bi orrikoa gehienez ere; memoria bat, 8 orrikoa gehienez ere, hautagaitzaren merezimenduak eta ezaugarriak xehekatuta, eta power point labur bat.
Agiriak agencia.energetica@pamplona.es helbidera igorriko dira, eta haien kopia bat premios@eneragen.org helbidera, EnerAgen 2020 Sarietarako direla adierazita. Edozein zalantza argitzeko Energia Agentziara jo daiteke: bertara joanda (Armadaren etorbidea 2, 9. solairua); posta elektronikoz (agencia.energetica@pamplona.es) edo telefonoz (948420991 zenbakia). Deialdiko kategoria bakoitzerako Agentziak hautagaitza bat aukeratu eta EnerAgenera bidaliko du, ondoren epaimahaiak balorazioa egin dezan.
EnerAgen Energia Kudeatzeko Espainiako Agentzien Elkartea, 2003an sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Iruñeko Udal Energia Agentzia izan zen kide sortzaileetariko bat. Honako hauek dira haren helburuak: energia-agentzien zeregina indartzea, eta estatuan energiaren esparruan diharduten agentzien eta erakunde publikoen arteko kooperaziorako eta koordinaziorako tresna nagusi bilakatzea.