Emozioak kudeatzen ikasteko tresnen berri emanen du Juslarrocha Civivoxean egitekoa den hitzaldi-zikloak

Emozioak kudeatzen ikasteko tresnen berri emanen du Juslarrocha Civivoxean egitekoa den hitzaldi-zikloak
Astelehenenean izanen dira zikloa osatzen duten lau hitzaldietako lehena, Unax Flores psikologoaren eskutik
Personas emociones


Juslarrocha Civivoxak ‘Emozioak era adimentsuan kudeatzen ikasi’ izeneko zikloa antolatu du, helburu hartuta emozioak ezagutzen, kontrolatzen eta horiei aurre egiten laguntzeko baliabideak eskaintzea. Guztira, lau hitzaldi izanen dira, hiru gaztelaniaz eta bat euskaraz, guztiak Unax Flores Uribe psikologoaren eskutik. Hitzaldiak urriaren 14 eta 21etan eta azaroaren 4 eta 11n (astelehenak) izanen dira, 19:30ean. Sarrera doan da; hala ere, aldez aurretik gonbidapena jaso behar da.
 

Hitzorduetako lehenena datorren astelehenean izanen da, hilaren 14an. ‘Emozioak: gure barne labirintoa’ izeneko hitzaldian, Floresek ibilbidea eginen du eguneroko bizitzan gurekin ditugun emozio nagusietan barna. Poza, tristezia, amorrua, etsipena, euforia, apatia, zoriontasuna… horrekin sortzen den koktela ahalik eta hobekien kudeatzen jakin behar da ahalik eta modurik onenean, egonkortasuna lortu ahal izateko, hala nork bere buruarekin nola besteekin ere. Horri buruz ariko da, hain zuzen ere, bigarren hitzaldia, hilaren 21ean, astelehenarekin. Oraingo honetarako aukeratutako izenburua da ‘Nola egin harremanak inor zauritu gabe eta inork ni zauritu gabe’. Unax Floresek harreman pertsonalen zenbait alderdi landuko ditu, arreta berezia emanez pertsona zailekin izaten diren harremanei. Kasu horietan, psikologoak nabarmentzen duen moduan, jokaera asertiboak erabili behar dira, zeinek bere eskubideak defenditu ditzan, betiere besteenak errespetatuta.
 

Hitzaldiekin aurrera eginez, hirugarren hitzorduan, azaroaren 4an, helburua izanen da zeinek bere burua kudeatzen ikastea egoera intentsoetan. Jakinda horrek ekartzen duen zailtasuna, Floresek zenbait tresna proposatuko ditu egoera korapilatsuen aurrean emozionalki bizirauten ikasteko, egoerok sor ditzaketen inpultsibotasuna eta estresa kudeatzen ikasteko, eta, gainera, hori modu egokian egin ahal izateko.
 

Zikloko azken hitzaldia azaroaren 11n izanen da, euskaraz. ‘Emozioen kudeaketa, identifikatu, bizitu’ izenburua du, eta bertan hizlariak bertaratuak animatuko ditu emozioak bizitzen eta ez horiei bizkarra ematen, emozioz beteriko bizitza bizi ahal izateko.
 

Unax Flores Uribe prestakuntza du psikologia kognitibo-konduktualean eta terapia humanistan, eta bere lan-ibilbideak laguntza-harremanen alorra izan du bereziki ardatz. Horretan, talde-dinamikak erabili izan ditu besteak eta norbera ezagutzeko prozesuan sakontzeko, inguruarekin harremanetan aritzeko funtsezko bitarteko gisa.

 

Hitzaldi-zikloa
  • Hitzaldiak eta egunak:
    • Urriak 14, astelehena: Emozioak: gure barne labirintoa
    • Urriak 21, astelehena: Nola egin harremanak inor zauritu gabe eta inork ni zauritu gabe
    • Azaroak 4, astelehena: Egoera intentsoen aurrean neure burua kudeatzea
    • Azaroak 11, astelehena: Emozioen kudeaketa, identifikatu, bizitu
       
  • Tokia: Juslarrocha Civivoxa
     
  • Sarrera doan, gonbidapena aurretik hartuta
¿Te ha sido útil esta página?