Emisio gutxiko eremua indarrean egon den lehen egunetan, % 7,5 murriztu da Alde Zaharreko trafikoa

Emisio gutxiko eremua indarrean egon den lehen egunetan, % 7,5 murriztu da Alde Zaharreko trafikoa
Urtarrilaren 1etik 13ra 0 eta Eco etiketak dituzten ibilgailuen sarrerek % 26,9 egin dute gora, eta % 8,7 2025eko denbora-tarte berarekin alderatuta
Irudia
Irudia
Irudia

Urtarrilaren 1etik 13ra, % 7,55 murriztu da Alde Zaharreko emisio gutxiko eremura sartu den ibilgailu kopurua, iazko denbora-tarte berarekin alderatuta. Urteko lehenengo 13 egunetan, 38.168 ibilgailu sartu ziren EGEra; iaz, berriz, 41.051 ibilgailu sartu ziren orduko Alde Zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremuan, hau da, 2.883 ibilgailu gehiago. Egun, sarbidea ibilgailuen ingurumen-sailkapenaren araberakoa da, eta, horrenbestez, 0, Eco, B eta C etiketak dituztenek baino ezin izanen dute EGEan barna zirkulatu. Lehen egun horietako datuen arabera, 0 eta Eco etiketa duten ibilgailuen sarbideak % 26,96 eta % 8,75 igo dira hurrenez hurren, 2025eko egun horiekin alderatuta.

EGEa iazko abenduaren 29an sartu zen indarrean, zegokion ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Orduan, Iruñeko Udalak bi asteko epea jarri zuen abian, eta, tarte horretan, informazioa helarazteari eman dio lehentasuna, emisio gutxiko eremu berriaren ezaugarriak ezagutzera emateko xedez. Udalak emisio gutxiko eremuari eta haren funtzionamenduari buruzko argibide-liburuxka bat banatu du Iruñeko eta Iruñerriko udalerrietako postontzietan. Sarbideen inguruko arauak ez betetzea arau-hauste larritzat hartzen da, eta 200 euroko isunarekin zehatzen da (100 euro, azkar ordainduz gero).

EGEra sartzeko ingurumen-bereizgarriaren eskakizunak salbuespenak ditu: Honako hauek ez daude ingurumen-murrizketen menpe: 1. sektoreko (Alde Zaharra) eta 2. sektoreko (Sarasate pasealekua) bizilagunak; mendekotasuna duten pertsonak (bi ibilgailurako baimenarekin); mugikortasun urriko pertsonak; garajeetako plazen eta aparkalekuetako erreserben titularrak (jabetza edo alokairua); saltoki eta hoteletako establezimenduen titularrak; zamalanak, obrak, etxe-aldaketak eta konponketetak, larrialdietako ibilgailuak eta garraio publikoa. Era berean, ingurumen-bereizgarririk gabe sartzen ahalko da Merkatuko kaleko eta Joan Labritekoa kaleko geralekuetara, eta saltokiek baimendutako aldizkako sarrerak egiten ahalko dira.

Honako hauek, berriz, ingurumen-murrizketen menpe daude: paketeak banatzen eta zamalanak egiten dituzten 3,5 m3-rainoko bolumen-karga duten ibilgailuak; aparkalekurik ez duten hotelen bezeroak; etxez etxeko janari-banaketa egiten dutenak; ekitaldietarako ibilgailuak, eta Alde Zaharrera sartzeko 30 minutuko aldizkako sarrerak. Emisio gutxiko eremuari eta sartzeko baimena duten eta ez duten ibilgailuei buruzko argibideak www.accesocascoantiguo.com/eu webgunean, 010 – 948 420 100 telefonoan, www.pamplona.es/eu webgunean eta Herritarren Segurtasuneko arreta-zerbitzuetan kontsultatzen ahal dira. EGEaren ezarpenari buruzko komunikazioa indartu da mupi estatiko zein digitaletan kartelak jarrita, www.pamplona.es/eu webgunean espazioak egokituta eta sare sozialetan argitalpenak igota.


EMISIO GUTXIKO EREMURAKO (EGE) SARBIDEAK

  • Zer da ingurumen-bereizgarria? Itsasgarri bat da, ibilgailuan ongi ikusiko den tokian jarri behar da eta ibilgailuak energia-efizientziaren arabera sailkatzeko balio du. 0 emisio, ECO, C edo B ingurumen-etiketa duten ibilgailuak sartzen ahal dira.

  • Sarbide Kontrolatuko Eremurako zein sarbide mota ez dago ingurumen-murrizketen menpe? 

    • Egoiliarrak (1. sektorea) -Sarasate pasealekua (2. sektorea)

    • Mendekotasuna duten pertsonak: baimendutako 2 ibilgailu

    • Mugikortasun urriko pertsonak

    • Garajeetako plazen eta aparkalekuetako erreserben titularrak (jabetza edo alokairua)

    • Saltoki eta hoteletako establezimenduen titularrak

    • Zamalanak

    • Lanak, etxe-aldaketak, konponketak

    • Larrialdietako ibilgailuak

    • Garraio publikoa

    • Merkatuko kaleko eta Joan Labritekoa kaleko geralekuak

    • Saltokiek baimendutako aldizkako sarrerak

  • Alde Zaharrerako zein sarbide mota dago ingurumen-murrizpenen menpe?

    • Zamalanak, 3,5 m3-rainoko bolumen-karga duten paketeak banatzen dituzten ibilgailuak

    • Aparkalekurik ez duten hotelen bezeroak

    • Etxez etxeko janari-banaketa

    • Ekitaldiak

    • 30 minutuko aldizkako sarrerak (Tok Tok aplikazioaren bidez)

    • Kontsulta ezazu zein ibilgailu baimentzen den www.accesocascoantiguo.com/eu webgunean eta 010 (948420100) telefonoan

¿Te ha sido útil esta página?