Emausko Trapuketariek harresiaren portale zaharrak irekitzen zituzten bi giltza berreskuratu dituzte Iruñerako

Emausko Trapuketariek harresiaren portale zaharrak irekitzen zituzten bi giltza berreskuratu dituzte Iruñerako
Entitateak Udalari eman dizkio Taconerako eta San Nikolaseko portaleetako giltzak, etxe batean bilketa bat egitean ustekabean aurkituak
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Emausko Trapuketariak Nafarroako Mankomunitateetako gaikako bilketaz arduratzen dira, eta berreskuratze-lan horietan, 2020an 11.000 tona hondakin baino gehiago hartu zituzten bere gain. Ahal den neurrian, horiek birziklatzen eta berrerabiltzen saiatzen dira. Eta, batzuetan, hondakinen artean balio historikoa, kulturala edo artistikoa duten aurkikuntzak egiten dituzte. Hori da San Nikolaseko eta Taconerako ateei dagozkien bi ‘erabilera’ giltzen kasua. Bi portale horiek, beste lau sarrera monumentalekin batera, hiriaren perimetro gotortua ixten zuten. XX. mendearen hasieran deseraiki zituzten, urte batzuk geroago beste toki batzuetan jartzeko.

Gaur eguerdian, Marta Lacueva Armendáriz eta Jose María García Bresó Emausko Trapuketarien zuzendari eta koordinazio orokorreko lantaldeko kideek, lantalde horretako kide Amaia Olaverri Malok eta Alba García entitateko bilketa berezien arduradunak hiriari giltzak itzuli nahi izan dizkiote Udaletxean egindako harrera-ekitaldian, Enrique Maya alkatea buru izan delarik. Udalbatzako beste kide batzuek parte hartu dute ekitaldian, eta Félix Segura Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko zuzendaria eta Susana Irigaray Nafarroako Gobernuko Museoetako zerbitzuko zuzendaria ere izan dira bertan.

Nafarroako Emausko Trapuketarien talde batek aurkitu zituen giltzak etxe batean egindako bilketa batean, eta hondakinak banatzerakoan hor zeudela antzeman zuten. Bata, San Nikolasekoa, irekitzen zuen portalearen izena grabatuta zuen brontzezko giltzatako bati lotuta dago; bestea, egur eta sokazko giltzatako batean sartuta dago, eta Taconerako portale zaharrarekin lotzen duen legenda bat dauka paper batean itsatsita. Trapuketariak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko eta Nafarroako Museo Etnografikoko zuzendariekin harremanetan jarri ziren, eta hasierako azterketaren ondoren, Iruñerako balio handiko bi pieza bakar eta orijinal zirela egiaztatu zuten. Garrantzia ikusita, aurkikuntzaren berri eman zioten Udalari, giltzak eskuratu zitzan zaindu eta kontserbatzeko.

Iruñeko Udalak, ekitaldi honen bidez, Emausko Trapuketariek, egunero, hondakinak biltzen egiten duten lan goraipagarriari balioa eman nahi izan dio, bai eta ingurumena babesteko egiten duten kontzientziazio-lanari ere, altzari eta ondasunen berrerabilpenaren alde apustu eginez, eta kasu honetan bezala, baita gure ondarea kontserbatzeko egiten duten lanari ere. Dohaintza hori eskertzeko, alkateak Nafarroako Emausko Trapuketarien ordezkariei Udaletxearen fatxadaren irudi bat eman die.

Sei ate, zazpi giltza

Udaletxeko ezkaratzean, hiriaren historiarekin eta zeremoniekin lotura estua duten beste objektu batzuen artean, hala nola Batasunaren Pribilegioaren faksimila (sorrera-gutuna) edo protokolo-ekitaldietan desfilean ateratzen diren zilarrezko hiru mazoak, Iruñeko perimetro gotortuan zehar igarotzea erregulatzen zuten sei ateetako giltzen erreprodukzioak erakusten dituen beira-arasa bat dago: Arrotxapea, Frantziako portalea, Telleria, Taconera, San Nikolas eta Portale Berria. Marcos Vergara sarrailagileak egin zituen 1828an Fernando VII.arentzat eta Sajoniako María Josefa Amaliarentzat protokolo-opari gisa, eta, garai hartan dagoeneko, aurreko beste batzuen erreprodukzioak ziren: frantziarrek 1812an portalezainei konfiskatu zizkietenak eta Nafarroako erregeordearen zaintzapean zeudenak, hain zuzen.

Baina harresian 1560az geroztik giltzak zeudela jasota dago. Trapuketariek aurkitutako giltzetan dauden hitzetako batzuk irakurtezinak dira, baina brontzezko giltzatakoan ‘Puerta de San Nicolás’ inskripzioa dago grabatuta. Egur eta sokazko giltzatakoan honako hau dago tintaz idatzita: “Llave del 1er rastrillo exterior derecha de la puerta de la Taconera n° en el inventario 14 y en el llavero el n° 1 ......... (hitz irakurtezina). Nota: existe tal ... (hitz irakurtezina) rastrillo únicamente una barrera elevada con listones sin que se vean señales de haber habido cerraduras". Orain, Trapuketariek berreskuratutako ‘erabilera giltzak’ aztertu, katalogatu eta Udaletxean utziko dira gordailuan, hiriaren ondare-elementu gisa.

Taconerako eta San Nikolaseko portaleak 1906an eta 1907an deseraiki ziren, hurrenez hurren, eta horien berreraikuntzak zorte ezberdina izan zuen. San Nikolasekoa 1929an muntatu zen berriz ere egungo Basotxo kalean, Taconerako parkerako sarrera gisa, eta Taconerako portaleko armarriak urte luzez egon ziren Antoniuttiko lorategietan, 2002an bere jatorrizko tokian ate osoa berreraiki zen arte.

Hasiera batean alkatearen bulegoan zegoen eta orain ezkaratzean dagoen beira-arasan, zazpigarren giltza bat dago, gainerakoak ez bezalakoa: Udalaren zezen-etxekoa. Eraikin horretan egoten zen Udalbatza zezen-ikuskizunen buru zenean. Giltza barroko estilokoa da, eta XVIII. mendean egin zen, zezenketak Gazteluko plazan egiten ziren garaian.

11.299 tona hondakin, pandemiak jotako urtean

Emausko Trapuketariek egunero jasotzen dituzte, Mankomunitateetako gaikako bilketa-zerbitzuen bidez, berreskuratu (berrerabili eta birziklatu) eta beren erabilgarritasun-zikloetara itzultzen diren hainbat objektu eta material: altzariak, apaingarriak, liburuak, etxetresna elektrikoak, ehun-gaiak, etab.

2020an, pandemia gorabehera, 11.299 tona baino gehiago bildu zituzten (7.100 tona, Iruñerriko Mankomunitatean; eta 4.199, Nafarroako gainerako Mankomunitateetan). Horiek guztiak Berriozarko eta Lizarrako Berrerabiltzeko eta Birziklatzeko prestatzeko zentroetan deskargatu eta tratatu ziren. Tamaina handikoak, TEEHak, Trasteak eta Ehun-gaiak "atez ate" (etxez etxeko bilketa) biltzeko sistemak aukera ematen du herritarrekin gertuko harremana izateko eta bildutako objektuak gehiago berreskuratzeko (% 80). Urtero 42.000 etxe baino gehiago bisitatzen dituzte.

¿Te ha sido útil esta página?