Iruñeko Udaleko Ematic zentroak 2022an neska eta emakumeei zuzendutako 72 ikastaro eta lantegi eman zituen guztira. Zentroaren helburua prestakuntzaren bidez gizonen eta emakumeen arteko eten digitala murriztu eta ezabatzea da eta 572 ikasle bertaratu ziren zituen urtean zehar egindako programazioen barruan. Gainera, beste 3.492 neska eta emakume zentrora joan ziren ekipamendu informatikoak modu librean erabiltzeko eta teknologia berriei buruzko zalantzak argitzeko.
Zentroak bost programazioren bidez antolatzen du urteko prestakuntza: urtarriletik martxora; apiriletik ekainera, eta irailetik abendura, eta horiei udako (uztailetik irailera) eta Eguberrietako programazioak gehitu behar zaizkie. Horietan guztietan prestakuntza-eskaintza hainbat irizpide aintzat hartuta egiten da. Hala, oinarrizko mailako eta maila aurreratuko ikastaroak eskaintzen dira, eta kolektibo desberdinendako erabilgarritasuna eta egokitasuna kontuan hartuta aukeratzen dira edukiak. Izan ere, Ematic zentroak ikastaroak antolatzen ditu informatikako ezagutza gutxi dituzten 60 urtetik gorakoendako; neskendako, sormena sustatu eta IKTen inguruko jakin-mina pizteko, eta, oro har, emakumeendako, haiei egunerokotasunean baliagarriak diren tresna informatikoak eskaintzeko.
Ikastaro gehienak emakumeengan pentsatuta programatu dira. Izan ere, 2022an egindako 72 prestakuntzetatik 48 haiei zuzendu zitzaizkien. Neska eta nerabeendako 7 ikastaro programatu ziren haien oporraldiak baliatuz, eta 60 urtetik gorakoendako 17 ikastaro eta lantegi diseinatu ziren.
Iaz antolatu ziren jardueren artean azpimarratu behar dira Windows 10 sistema eragilea duen ordenagailua erabiltzen eta interneten nabigatzen ikasteko ikastaroak; telefono adimenduna eta tableta erabiltzen ikastekoak; hodeiko fitxategietara sartu eta horiek kudeatzeko prestakuntza jasotzekoak, eta Google Photos aplikazioaren bidez argazkiak maneiatu eta artxibatzekoak. Baina, era berean, administrazioekin izapideak online (ziurtagiri digitalarekin edo gako iraunkorrarekin) egiteko lantegiak eman ziren, Excel eta Word programei buruzkoak, sare sozialei buruzkoak eta programazioari buruzkoak, besteak beste.
Aldez aurreko oinarrizko ezagutzak
Erabiltzaileei banatzen zaizkien inkestetan jasotako datuen arabera, Ematic zentroko ikastaro eta lantegi horietara doazen emakume gehienek informatikako ezagutza baxuak dituzte eta lehen urratsak egiten ari dira gai horretan. Hala, joan den ikasturtean, 572 erabiltzaileetatik 164k hasiberriak zirela aitortu zuten. Beste 108k bost urte baino gutxiago zeramaten ordenagailuak eta programa informatikoak erabiltzen. Beste 223 pertsona, berriz, beste muturrean daude;aitortu zutenez,bost urte baino gehiago daramatzate informatikako erabiltzaile izaten. Online programetan parte hartu zutenen (guztira 77 izan ziren) aldez aurreko ezagutza ezin izan zen egiaztatu. Nolanahi ere, ondorioztatzen da Ematic zentrora jotzen duten emakumeen erdiak baino gehiagok informatikaren mundura hurbiltzeko lehen urrats gisa egiten dutela.
Erabiltzaileen ikasketa-mailak askotarikoak dira. Hala, Ematic zentrora unibertsitateko prestakuntza duten pertsonak joaten dira, baina baita eskola-adineko neskak eta lehen mailako ikasketak dituzten emakume helduak ere. Kasu guztietan, eta erabiltzaileen prestakuntza alde batera utzita, zentroak eskaintzen dituen ikastaroetan gero eta digitalizatuagoa den mundu honetan moldatzeko beharrezko ezagutzak eskuratzea da xedea;izan ere, informatikaren erabilera oinarrizkoa baita eguneroko bizitzan, ez informazioa Internet bidez kontsultatzeko soilik, baita era guztietako eragiketak eta kudeaketak egiteko ere, hala nola online erosketak eta medikuntza- eta finantza-kudeaketak.
Hori dela eta, ikastaro desberdinen berariazko helburua baliabide informatikoetara sartzeko eta horiek autonomiaz erabiltzeko beharrezko ezagutzak ematea da. Horretarako, zentroak prestakuntza aukera zabala eskaintzen du helburuen araberako hiru programatan egituratuta. Hala, Enred@TIC programak oinarrizko mailakoak eta maila ertain eta aurreratuko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak biltzen ditu; Adapt@TIC programak behar espezifikoak (emakume langabeak, gutxiengo etnikoak, etab.) dituzten emakumeak gaitzea du ardatz, eta Cre@TIC programak teknologia berriak neska eta nerabeendako erakargarri egiteko apustua egiten du.
Ekipamendu informatikoen erabilera librea
Ikastaroez gain, Ematic zentroak zentroko informatika-ekipamenduak erabiltzeko aukera ematen du, modu librean, profesionalen laguntzarekin, zentroaren ordutegian. Izan ere, 2022an guztira 3.492 pertsonak erabili zuten zerbitzu hori. Gehienek beren kudeaketak modu autonomoan egiten zituzten; hala ere, 681 pertsonari kontsultak eta zalantzak argitu zitzaizkien.
Erabilera libreko zerbitzu hori hautatu zutenak interneten kontsultak egitera joan ziren zentrora eta lan partikularrak egiteko programa informatiko zehatzak erabiltzera. Auto-prestakuntzako saioak ere egin zituzten webguneen bitartez, eta batzuek, oraindik ere gutxi diren arren, teleprestakuntzako modalitateko ikastaroetan parte hartu zuten.
Erabilpen handieneko hilabeteak maiatza eta ekaina izan ziren, hilero 400 erabilera inguru egin baitziren. Uztailean, ordea, jarduera 107 erabilera eskasera jaitsi zen. Bataz beste, hilero 300 erabilera inguru egiten dira. 65 urtetik gorako emakumeek erabiltzen dute gehien zerbitzu hori (erregistratutako 3.942 erabiltzaileetatik 738k), ondoren 35 eta 39 urte bitarteko emakumeek (598) eta 45etik 49ra bitartekoek (434). Zentroko ekipoetan eman zuten batez besteko denbora 60 eta 83 minutu bitartekoa izan zen.