Sentimendu Kopa iaz sortu zen, emakumezkoen futbolak Espainian lortu duen leiha-maila handia, joan den igandean lortutako munduko txapelketarekin berretsitakoa, nabarmentzeko ekimen gisa. Bigarren edizioan, Sentimendu Kopa hiruko txapelketa bihurtu da, eta Emakumezkoen Osasunak, Realak eta Vila-realek jokatuko dute abuztuaren 29an, asteartearekin, Taxoareko kirol instalazioetan.
Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak, César Muniáin Emakumezkoen Osasuna Fundazioko presidenteak eta Xabier Pérez txapelketaren antolakuntzako arduradunak gaur goizean aurkeztu dute Sentimendu Koparen edizio berri hau, non berriz ere F Ligako – Espainako emakumezkoen futboleko maila goreneko– taldeak egonen baitira. Reala eta Vila-real aurkari gogorrak izanen dira Emakumezkoen Osasunarendako, eta denboraldi honetan F Ligara igotzea izanen dute xede, futbol nazionaleko elitera hain zuzen ere.
Txapelketa abuztuaren 29an abiatuko da, 18:00etan, Emakumezkoen Osasuna eta Vila-realen arteko partidarekin. Ondoren, 19:00etan, Vila-realen eta Realaren txanda izanen da. 20:00etan, azken partida jokatuko da, Emakumezkoen Osasunaren eta Realaren artean. Azkenik, amaierako ekitaldia eginen da, eta garaikurrak banatuko dira. Sentimendu Kopak Carlos Purroyk egin eta Sadar futbol-zelaiaren kanpoaldean jarrita dagoen eskulturatik hartzen du izena, izan ere, eskultura horrek Osasunako zaleen babesa irudikatzen baitu.
Sentimendu Kopa hau baliatuz Emakumezkoen Osasunaren fitxaketa berrien eta Iosu Dominguez entrenatzaile berriaren aurkezpena eginen dira. Castellóko taldean izanen da Virginia Torrecilla, fitxaketa berria. Jokalari hori Espainiako emakumezkoen futbolaren adierazle nagusietako bat da, duen kalitateagatik eta minbizia gainditu eta zelaietara itzuliz eman duen ereduagatik. Erreala, bestalde, iazko finaleko porrota kitatzen saiatuko da, denboraldi horretan Women 's Champions Leagueko atariko kanporaketa ere jokatu baitzuten.
Real Madrilek munduko zortzi txapeldunekin irabazi zuen lehen edizioa
Atzo Espainiako selekzioarekin munduko txapeldun bihurtu ziren zortzi jokalari Sentimendu Kopa txapelketaren lehen edizioan izan ziren iaz, Real Madril taldeko jokalari gisa. Txapelketan lau taldek parte hartu zuten, Emakumezkoen Osasunak, Real Madrilek, Errealak eta Levantek, eta bi finalerdi eta finala jokatu ziren. Real Madrilek 3 – 1 irabazi zion Osasunari finalerdietan, eta Reala 3 – 2-ko emaitzarekin gailendu zitzaion Levanteri. Finalean, Real Madrilek ez zion aukerarik eman Errealari eta 3 – 0 irabazi zuen.
Bigarren edizioan, txapelketak Iruñeko Udalaren babesa izanen du berriz ere, baita emakumezkoen kirolaren aldeko ekimenarekin bat egin nahi izan duten beste babesle batzuena ere. Horien artean daude, besteak beste, Verleal, Clínica Universidad de Navarra, Construcciones Izquierdo Ibáñez, MRC, Lacturale, Mobil Estudio, Mobekip, Hotel Tres Reyes, Naturdent eta Nafarroako Futbol Federazioa.
II COPA SENTIMIENTO – SENTIMENDU KOPA. ABUZTUAK 29, ASTEARTEA. TAXOAREKO INSTALAZIOAK
o 18:00. Emakumezkoen Osasuna – Vila-real
o 19:00. Vila-real – Erreala
o 20:00. Erreala – Emakumezkoen Osasuna