Iruñeko Udaleko Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuak (EUAZ) aurten berariazko lan ildo bat landuko du nerabe eta gazteen artean genero-indarkeria prebenitzeko eta bikote-harremanetan tratu ona sustatzeko, hiriko institutuetako ikasleei zuzendutako jardueren bidez. Horretarako lantegiak antolatu eta EUAZko informazio-materialak berrituko ditu, bereziki adin horietako biztanleei egokitzeko. Osasun, hezkuntza zein gizarte-lanaren arloko langileendako diseinatutako informazioa ere berrituko da.
Beste jarduketa-ildoetako bat Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldearekin (EISOL) elkarlanean abiatuko da, sexu-ustiapena helburu duen salerosketaren biktimen zein prostituzioa uzteko prozesuan dauden emakumeen enplegagarritasuna hobetze aldera. Halaber, beste sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduera batzuk mantenduko dira, hala nola zinema-emanaldiak, saioak osasun zerbitzuetako langileekin, eta berdintasunari zein genero-indarkeriari buruzko EUAZko funts bibliografikoaren berritzea eta eguneratzea. Xehetasun guztiak gaur goizean eman dituzte, prentsaurrekoan, Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok, Alorreko zuzendari Marisol de la Navak, EUAZko Merche Esparzak, eta Aukera eman zure buruari zerbitzuko Ugi Barriendok.
EUAZek arta kopurua mantentzen du 2016. urteari dagokionez, 50 eta 59 urte arteko emakume gehiagorekin
EUAZek 595 kasuri erantzun eman zien iaz; horietatik 300 kasu berriak izan ziren, eta 295, aurreko urteetakoak. Kopuru hori 2016. urtekoaren antzekoa da, orduan 596 kasu izan baitziren, eta 306, berri. Urte horretan arta kopuruak % 6,5 egin zuen gora aurreko urteari dagokionez, 2015ean 560 kasu egon baitziren (263, berri; eta 297 aurrekoak). Gorakada hori eragin ahal izan zuten faktoreen artean dago EUAZen 25. urteurrena ospatu izana, zerbitzuak oihartzun handiagoa lortu baitzuen, urte osoan zehar antolatu izan ziren jarduerak zirela medio.
Kasu berriak aintzat hartuta, gora egin dute 50 eta 59 urte arteko emakumeen kasuek -2015ean, 29 izan ziren; 2016an, 28; eta iaz, 40- eta 60 urtetik gorakoenek -iaz 18 izan ziren, 2015eko kopuru bera; eta 2016an behera egin zuten, 11ra heldu arte-. Kopuru baxuetan mantentzen badira ere, 20 urtetik beherakoen artean gora egin du baita ere arta kopuruak. Iaz 10 izan ziren; 2016an, 8; eta 2015ean, 4. Horregatik EUAZen ustez arreta berezia eskaini behar zaio kolektibo horri. Arta jaso duten emakumeen herena 30 eta 39 urte artekoa da (104 izan ziren 2015ean eta 2017an; eta 109, 2016an).
Zerbitzura zuzenean heltzen diren kasuek gora egin dute, aurrez beste zerbitzu batzuetatik eratorri beharrik gabe
Kasuak zerbitzura heltzeko bideari dagokionez, gora egin dute EUAZera zuzenean etorri direnak. Horrek zerbitzuak egungo kokalekuan duen ikusgaitasuna islatzen du, baita ezagutzen dela ere. Halako 101 kasu izan dira (% 33,67); 2016an, aldiz, egon ziren 306 kasu berrietatik 86 izan ziren (% 28,1); eta 2015ean, 263tik 80 (% 30,42). Bestalde, 2016an 25. urteurrena ospatu zenetik, gora egin dute Udalarenak ez diren zerbitzuetatik eratorritako emakumeen kasuek: % 32 izan dira 2016an eta 2017an (100 eta 96, hurrenez hurren); eta % 26,62, 2015ean (70 kasu). Horrek esan nahi du profesionalek Udal zerbitzu hau aintzat hartzen dutela.
Jatorriari dagokionez, 139 emakume nazionalak ziren (% 46), eta 161, atzerritarrak (% 54). Oraindik ere jatorriz latinoamerikarrak diren emakumeen taldea ugariena bada ere, nabarmentzekoa da EUAZek lagundutako emakume afrikarren kopuruak gora egin duela. Gainera, lehenengo kasuan hainbat herrialdetako emakumeak biltzen dira, baina Afrikatik datozenen kasuan, ia esklusiboki Nigeriatik datoz denak. Horregatik kasu horien gorakada, handia ez bada ere, oso esanguratsua da. Berez, 2015ean, EUAZeko kasu berrien artean ordezkari gehien izan zituen herrialdea Nigeria izan zen lehenengo aldiz, Ekuadorren aurretik, zeinak kasu gehien izan ohi zituen. 2017an Nigeriako emakumeen 41 kasu berri egon ziren, eta Ekuadorreko emakumeen 26. 2016an, kopuruak 33 eta 30 izan ziren, hurrenez hurren; 2015ean, 22 eta 17; eta 2014an, 5 eta 21.
Genero-indarkeriak eragindako artak
Balorazio-diagnostikoei dagokienez, 2017an berrikusi egin ziren EUAZen ematen den artaren arrazoiak sailkatzeko irizpideak, batez ere emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutakoak, xede hartuta irizpide horiek bat etortzea Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean jasota dagoen sailkapenarekin. Atal honetan, sexu-ustiapena helburu duen salerosketaren biktima diren emakumeen kopuruak gora egin duela nabarmendu daiteke. Gorakada horrek zerikusia du emakume horiek zerbitzura gehiago etortzearekin (gehienak nigeriarrak dira, eta hori ere kolektibo horren arta kopuruaren gorakadarekin lotuta dago), bai eta EUAZko taldearen prestakuntza eta sentsibilizazio handiagoarekin ere, horri esker salerosketaren biktima diren emakumeak hobe atzematen baitira.
Iaz, esparru pribatuko genero-indarkeriaren ondoriozko 131 kasuri arta eman zitzaiela jasotzen du memoriak. 2016an 136 kasu izan ziren, eta 2015ean, 100. Esparru publikoko genero-indarkeriaren ondorioz, aldiz, iaz 35 kasu izan ziren, joera gorakorra argia delarik, 2015ean 3 kasuri arta eman baitzitzaien, eta 2016an, 11ri. Emakumeen aurkako indarkeriaren ondoriozko arta guztiek, 2017an, 166 kasu berri batzen dituzte; 147, 2016an; eta 103, 2015ean. Iaz genero-indarkeriaren ondorioz arta jaso zuten emakumeen % 42 nazionalak ziren, eta % 58, atzerritarrak.
Indarkeria jasaten duten Iruñeko emakumeendako arreta integrala eta pertsonalizatua
Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuak zerbitzu espezializatu bat da, eta xede du arreta integral eta pertsonalizatua ematea genero-indarkeria pairatzen ari diren (bikote-indarkeria, erasoak edota sexu-jazarpena, bikote-harremanen haustura gatazkatsuak, genero-diskriminazioa) edo pairatzeko arriskuan dauden Iruñeko emakumeei. Emakumeek zuzenean jo dezakete zerbitzura, edo beste bide batzuetatik eratorrita, hala nola Auzo Unitateetatikk, Gizarte Ekintzako Alorretik eta beste programa batzuetatik, zein beste erakunde nahiz entitateetatik, izan horiek publikoak zein pribatuak.
Etxe barruan zein kanpoan genero-indarkeria pairatzen duten eta pairatzeko arriskuan dauden emakumeei arta ematen die, indarkeria hori hainbat modutan islatu daitekeelarik: bikote-indarkeria, erasoak edota sexu-jazarpena, bikote-harremanen haustura gatazkatsuak eta genero-diskriminazioa. Halaber, badira prostituziotik irten nahi duten emakumeak, familiaren babesik ez duten ama bakarrak, estutasun egoeran dauden emakume etorkinak eta haustura bati aurre egin behar diotenak baliabide eskasekin, salerosketaren biktimak, eta haurtzaroan abusuak zein tratu txarrak pairatu dituztenak. Adingabeen zaintzarekin zerikusia duten kasuak era badira, non zenbait gizoni ere arta ematen baitzaie. Emakume horiei guztiei eskaintzen zaizkie orientazioa eta informazioa, arreta psikologikoa eta laguntza juridikoa. Marcelo Celayeta etorbideko 51n dago, beheko solairuan (La Carbonilla eraikina). Hori horrela, EUAZek 2.023 emakumeri arta eman zien 2017an; aurreko urtean, 2.053ri; eta 2015an, 1.865ri.
Emakume horietako askok Udalaren baliabide hori ezagutu dute 2016an 25. urteurrena ospatzeko antolatu ziren jardueren ondorioz. 2018tik aurrera, EUAZek hainbat ekimen abiatuko ditu xede hartuta zerbitzua ezagutzera ematea, herritarrek, oro har, eta beste alor batzuetako profesionalek haren berri izan dezaten; emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan sentsibilizatzea eta prebentzioa bultzatzea; eta emakumeen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten gaietan jarduten diren profesionalen prestakuntza sustatzea.
EUAZek, berariazko baliabide gisa, Aukera eman zure buruari izeneko programa du. Gizarte-zailtasun bereziak dituzten emakumeei eta haien seme-alabei zuzendutako programa bat da, zeinek gizarte eta hezkuntza arloetan laguntza eta esku-hartze integrala behar baitute. Programan sartu aurreko balorazioa EUAZeko taldeak egiten du beti. 2017an, Aukera eman zure buruari (DUO) programan 52 emakumeri eta 69 adingaberi eman zitzaien arta. Datu horiek 2016koak bezalakoxeak dira.