Emakumeen Liburutegi eta Dokumentazio Zentroak ateak irekiko ditu berriro Emakumeen Etxean, arratsaldeko ordutegia luzatuz

Emakumeen Liburutegi eta Dokumentazio Zentroak ateak irekiko ditu berriro Emakumeen Etxean, arratsaldeko ordutegia luzatuz
Doaneko zerbitzu horrek 15.650 erregistro baino gehiago ditu paperezko euskarrian zein elektronikoan, kontsultarako nahiz mailegurako

Emakumeen Liburutegi eta Dokumentazio Zentroak ateak irekiko ditu berriro, kokapen berri batean: Emakumeen Etxea (Aoiz k., 9). Hemendik aurrera, 1985ean abiatu zen funts espezializatu horretan interesa dutenek, 137,90 m2 erabilgarri izanen dituzte, Udalaren eraikin horretan. Ordutegia honako hau izanen da: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara. Zerbitzu hau doakoa da eta publiko mota orori zabalik dago.

Dokumentazio-zentro eta Liburutegi hau IPES Fundazioak eta Iruñeko Udalak 2006az geroztik sinatutako hitzarmenaren ondorio da, eta publiko orokorraren eskura jartzen du emakume, genero eta feminismoan espezializatutako dokumentazioa –material bibliografikoa, dokumentalak, material elektronikoak, kartelak eta ikus-entzunezkoak–, xede hartuta emakumeek historian zehar, eta ideien, arteen eta kulturaren arloan egindako ekarpenak berreskuratzea, zaintzea eta hedatzea, eta askotariko ikuspegi eta egoerak ezagutaraztea, berdintasun errealaren alde lan egiteko asmoz. Halako ezaugarriak dituen zerbitzu bakarra da Nafarroa osoan.

Bildumak 15.650 erregistro bibliografiko baino gehiago ditu, paperean zein euskarri elektronikoan: liburuak (literatur funts garrantzitsua barne), agiriak, aldizkariak, filmak, dokumentalak... Ezagutza arloen arabera sailkatuta daude, denak ala denak genero ikuspegitik aztertuak. Erregistroen artean bada haur eta gazteen literaturari buruzko berariazko funtsa. Funtsak kontsultatzeaz eta mailegu-zerbitzuaz gain, erabiltzaileek informazioa eta aholkua jaso dezakete, hala aurrez aurre nola telefonoz zein e-mail bidez, online katalogoetara sar daitezke, eta nobedadeen buletinetara izapidetu. Esparru horretan, irakurketarekin lotutako jarduerak egin ohi dira, genero-ikuspegiarekin, hala nola liburuen aurkezpenak, literatura-solasaldiak, etab.

2019an 4.094 erabiltzaile ziren; epe horretan, Emakumeen Liburutegi eta Dokumentazio Zentroak 787 dokumentu gehitu zizkion bildumari. Horien artean ‘Nafarroako emakumeen eta mugimendu feministaren ondare historiko dokumentala berreskuratzea, zaintzea, digitalizatzea eta zabaltzea’ proiektuaren parte izan diren 132 dokumentu berri. Epe horretan, halaber, 6.500 kontsulta eta 1.800 mailegu baino gehiago egin dira.

¿Te ha sido útil esta página?