Emakumeen Etxeko ekitaldi-aretoaren eraberritzeko eta sarbideak hobetzeko lanak 2026an amaituko dituzte

Emakumeen Etxeko ekitaldi-aretoaren eraberritzeko eta sarbideak hobetzeko lanak 2026an amaituko dituzte
Tokiko Gobernu Batzarrak lanak adjudikatu ditu 632.121,34 euroan, eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa izanen da

Tokiko Gobernu Batzarrak Agoitz kaleko 9. zenbakian dagoen Emakumeen Etxea eraberritzeko lanak adjudikatzea onetsi du. Lan hauek eginen dira, besteak beste: jarduera sailkatuaren berrikuspena; estalkian esku hartzea amiantoa duten plakak kentzeko; ekitaldi-aretoa, musika-areto zaharra eta erdisotoko solairuko gune batzuk eraberritzea; sarrerako eta barruko ateak ordeztea eta barruko banaketa egitea.

Erki Construcción Sostenible SL da enpresa adjudikazioduna, 632.121,34 euroan: lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa izanen da eta berme-epea, 3 urtekoa. Aurreikuspenen arabera, urrian hasiko dituzte lanak. Emakumeen Etxea elkartzeko eta parte hartzeko gunea da, eta obra gune horren mantentze-lanen parte da; gainera, Emakumeen Etxeak gune hauekin partekatzen du espazioa: beste udal-bulego batzuekin eta Emakumeen Dokumentazio Zentroa-Liburutegiarekin goiko solairuan.

Estalkian amiantoa izaten ahal duten elementuak kenduko dira; horretarako, zuntz-zementuzko plaka eta zurezko petralak altxatuko dira, azken horien ordez altzairu galbanizatuzko petralak jarriko dira, eta horien gainean, isolamendua duen panel berri bat. Horrez gain, estalkiaren erretenen eta zorrotenen ordez altzairu galbanizatuzko beste batzuk jarriko dira. Estalkira ateratzeko leiho bat eta segurtasun-soka bat jarriko dira, ondorengo mantentze-lanak segurtasunez egiteko.
 

Suteen aurkako legeria
Suteetarako segurtasunari buruzko oinarrizko agiria (SI) betetzeko xedez, eraikinera sartzeko ate nagusia ordezkatuko da: ate horrek 50 eta 90 cm-ko bi orri ditu, eta haren ordez, 80 cm-ko bi orri dituen ate bat jarriko da. Halaber, ekitaldi-aretora sartzeko ate bikoitza kendu eta % 6ko malda baino gutxiago duen arrakala bat sortuko da; horrenbestez, ez da beharrezkoa izanen eskudela jartzea. Era berean, larrialdietako alboko atea kenduko da, eta larrialdietako ate gisa mantenduko dira ekitaldi-aretora sartzeko bi ate bikoitzak.

Ekitaldi-aretoaren barneko aldeari dagokionez, ezin da jakin egun dagoen zurezko estalduraren suarekiko erreakzioa nolakoa izanen den, eta horrenbestez, suaren kontrako estaldura akustikoa jarriko da haren ordez. Halaber, suaren kontrako 1. motako belusezko errezelak jarriko dira eszenatokian eta ekitaldi-aretoko sarbideetan. Bestalde, ekitaldi-aretoko eserlekuak ordezkatuko dira, argien instalazioa aldatuko da, eta berogailu bidezko kalefakzioa mantenduko da, baita aireztapen mekanikoko instalazioa ere.

Ekitaldi-aretoaren ondoko komuna eraberritzea ere proiektuaren parte da, eta aurreikuspenen arabera, komunaren ondoko biltegian konketadun aldagela bat jarriko da. Horrez gain, lehen solairuko eszenatokiko kontrolpeko gunera sartzeko eskailera kendu eta haren ordez hormari ainguratutako eskailera bertikala jarriko da: soilik mantentze-lanak egiteko baliatuko da eskailera berri hori. Sarrera aldean dagoen pasabidean 2020ko lanetan eraikinaren sarbidean jarri zuten estaldura bera jarriko da.

Eraikinaren ebakuazioa hobetzeko xedez, erdisotoko solairuaren banaketa aldatuko da, eta horri esker, lorategira sartzeko atetik ateratzeko aukera izanen da. Pablo Sarasate Kontserbatorio zaharreko dantza-ikasgeletako batean (4. ikasgelan) kortxozko estaldurak eta zoladura kendu eta presio-taldeendako egokituko dute, egun dauden sute-ahoek modu egokian funtziona dezaten.

Halaber, beste lan hauek eginen dira: erdisotoko 1. 2. eta 3. ikasgelak eraberrituko dira etorkizunean erabili ahal izateko; pasabidera sartzeko koska kenduko da; kortxozko estaldura eta egoera txarrean dauden sabai aizunak kenduko dira; argien instalazioa aldatuko da eta komun-multzo bat sortuko da lorategiaren sarbidearen alboan. Bukatzeko, 5. 6. eta 7. ikasgelak banatzen dituzten trenkadak eraitsiko dira, eta bertan Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldearendako biltegi bat jarriko da.

¿Te ha sido útil esta página?