
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak laguntza teknikoko kontratu bat lizitatzea onetsi du Iruñeko Emakumeen Etxearen proiektua babestu eta kudeatzeko. Emakumeen Etxeak ematen dituen zerbitzuetan lan egiteko langileak ordaintzea da kontratuaren xedea: besteak beste, informazio-zerbitzua ematen dute, guneak lagatzen dituzte eta baliabide materialak jartzen dituzte herritar ororen eskura. Urtebeterako kontratua da, eta 62.670,68 euroren aurrekontua du; gainera, bi aldiz ere luzatzeko aukera dago. Lizitazioa Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da, eta argitaratzen denetik aitzina hasiko da eskaintzak aurkezteko epea.
2019an zabaldu zuten Emakumeen Etxea, Agoitz kaleko 9.ean. Hiriko emakumeendako hausnarketarako eta ahalduntzeko gune bat da, eta aliantzak ehundu eta sinergiak sortzea du helburu, emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko. Halaber, feminismoan erreferentziazkoa izanen den gune bat eskaintzea du xede, intesekzionala eta belaunaldien artekoa, elkarrekin politikan eragina izanen duten estrategiak martxan jartzeko. Emakumeen elkarte eta kolektibo feministendako toki bat ere bada, egin nahi dituzten emanaldiak eta jarduerak egin ditzaten, eta parte hartzeko mekanismoak eta komunikaziorako bideak ere eskaintzen ditu emakumeen elkarteen eta administrazioaren arteko komunikazioari bide emateko, denen artean balio soziokultural eta politikoetan aldaketak egiteko Iruñean. Azkenik, hausnarketarako, eztabaidarako eta sormenerako gune bat eskaintzea ere bada Emakumeen Etxearen helburua, diskriminazioak emakumeen bizitzan duen eragina azaleratzeko.
Ateak zabalik
Emakumeen Etxea 2019ko urrianzabaldu zuten, Agoitz kaleko 9.enean, eta Iruñeko Udalaren eta Emakumeen Etxea Elkartearen artean kudeatzen dute. Hasieran goizez zabaltzen hasi ziren, baina denborak aurrera egin ahala, 2024an arratsaldez ere zabaltzea erabaki zuten, herritar gehiagok aukera izan zezaten parte hartzeko.
Lizitatu berri duten kontratuari esker, programazioa aurrera eramateko behar den kudeaketa eta antolaketa bermatuko da, eta ziurtatuko da lagatzen dituzten guneak modu koordinatuan erabiliko direla eta informazioa eta komunikazioa modu eraginkorrean eginen dela. Izan ere, astean 40 orduz egon ohi da zabalik Emakumeen Etxea, astelehenetik larunbatera. Zehazki, astelehenetik ostiralera 16:30etik 21:30era; ostegun eta ostiraletan baita 10:00etatik 13:30era ere, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era.
Emakumeen Etxeak oinarrizko lau zerbitzu eskaintzen ditu. Alde batetik, informazioa ematen du, bai aurrez aurre, bai telefonoz eta bai e-mail bidez. Bestetik, eraikineko guneak lagatzen dizkie herritarrei: bost areto ditu jarduerak, lantegiak eta bilerak egiteko, aukera-berdintasuna bultzatzea helburu betiere. Halaber, jardueren udal-programazioa ere kudeatzen du: Udalak lau hilean behin feminismoaren eta aukera-berdintasunaren inguruan antolatzen dituen jarduerak alegia. Azkenik, baliabide materialak ere eskaintzen ditu bai jarduera ofizialak eta bai lagatzen dituen guneetan egiten direnak aurrera eraman ahal izateko.