Emakumeen ekarpenak ezagutaraztea eta ahantziak izan diren hiriaren historiako pasarteak berreskuratzea izanen dituzte ardatz Iruñeko historiari buruzko hurrengo hizketaldian

Emakumeen ekarpenak ezagutaraztea eta ahantziak izan diren hiriaren historiako pasarteak berreskuratzea izanen dituzte ardatz Iruñeko historiari buruzko hurrengo hizketaldian
Maiatzaren 6an izanen da, 19:00etan, Kondestablen: aurrez gonbidapena hartu beharra dago, hizketaldia hasi baino ordubete lehenagotik aitzina
2.100


Iruña, emakumeen hiria izenburupean eginen dute Iruñeko historiari buruzko hurrengo hizketaldia. Bihar izanen da, maiatzak 6, 19:00etan, Kondestablearen jauregian. Emakumeek hiriaren historian eginiko ekarpenak azaleratzeaz gain, hori guztia ikusezin bihurtu duten eta oraindik ere bihurtzen duten mekanismoak ere aztertuko dituzte.

Uste zenaren kontrara, badirudi Pompeloren estatua togadunak neskato bat irudikatzen duela. Iruñeko eta Nafarroako erreginak, ez ezkontidearen bidez bakarrik, bai eta legez hala tokatzen zitzaielako erregina izanda ere, zeharka baino ez dira landu historian, nahiz eta funtsezko eginkizuna izan duten. Beste emakume batzuek, berriz, kritika zorrotzak jasan behar izan dituzte, gogor epaitu izan baitira haien bizitza pribatua dela-eta: Emilia Zubeldia Inda konpositore nafarra adibide garbia dugu. Bizitzaren ikuspegi androzentrikoak eta misoginiak bezalaxe, kalte handia egiten du emakumeak ikusezin bihurtzeko ohiturak ere. Ez da denbora asko historian hainbat arlotan garrantzitsuak izan diren emakumeen izenak berreskuratzen hasi zirela: hala nola Matilde Huici politikaria, Pliego Soler ahizpa argazkilariak, Natividad Bella erraketista, Paquita Bretos alpinista, Remigia Echarren akrobata, etab.

Hiru emakume historialarik hartuko dute hitza astearteko saioan: Amaia Nausia Pimoulierrek, Gemma Piérola Narvartek eta Ana Diez de Ure Eraulek. Nausia eta Piérola unibertsitateko irakasle ere badira, eta Diez de Ure, berriz, kultur teknikaria. Hiru historialariak egiten ari diren ikerketak eta argitalpenak funtsezkoak dira hiriaren historiaren “galdutako” zati horiek berreskuratzeko. Hizketaldi guztiak bezala, hau ere doan izanen da, baina aurrez gonbidapena hartu behar da (bakoitzak bi gehienez), saioa hasi baino ordubete lehenagotik aitzina, Kondestablen bertan. Gainera, zeinu-hizkuntzara egokituko dute hizketaldi hori ere.

Ohiko moduan, saioa grabatu eta bideoa YouTubeko kanalean kargatuko dute; gainera, www.pamplona.es/eu webgunearen bidez ere eskuratzen ahalko da eduki hori, eta hizketaldiaren laburpenak zabalduko dituzte Udalaren sare sozialetan. Hil honetan egitekoak diren beste bi hizketaldiek Zabalguneen Iruña eta Euskara Iruñeko historian aztertuko dituzte. Lehenengoan Bixente Taberna Irazoki eta Maria Urmeneta Fernandez arkitekto eta hirigileak arituko dira hizlari, eta bigarrenean, berriz, Enrike Diez de Ulzurrun Sagalà kazetari eta itzultzailea eta Ekaitz Santazilia Salvador  filologo eta NUPeko irakaslea. Maiatzaren 20ra arte eginen dituzte hizketaldiak adituekin. Pompelo, 2.100 urteko elkarbizitza programaren barruan antolatu dituzte: 2026ra arte iraunen du programa horrek, eta helburu du hiriaren historiari eta hiriaren sorreran funtsezkoak izan ziren bi uneei balioa ematea, erromatarrek hiria sortu zutenekoa eta XV. mendean Aro Modernoan sartu zenekoa alegia.

Emakumeak emakumeen historia kontatzen
Amaia Nausia Pimoulier historian doktorea da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea; Historia eta Ondarea graduan ematen ditu eskolak. Nafarroako Unibertsitatean egin zuen doktoregoa Historian, gehigarri europarrarekin; 2010ean defendatu zuen tesia: Entre el luto y la supervivencia: viudas y viudedad en la Navarra Moderna (siglos XVI y XVII). Aro Modernoaren hasierako emakumeen bizimodua, pentsamoldea eta sentitzeko modua hartu ditu ardatz ikerketarako.

Gemma Piérola Narvarte Historia Garaikidean doktorea da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zuen doktoregoa (2011), eta gaur egun irakaslea da hor bertan. 2016tik ikertzaile laguntzailea da Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsean, eta Frankismo garaiko emakumeen historia izan du ikerketarako eremu. Gerraosteko eguneroko bizimodua, garai hartako genero-diskurtsoak eta emakumeen aurkako errepresioaren memoria landu ditu, besteak beste.

Ana Díez de Ure Eraul historialaria, berdintasuneko eragilea eta kultur teknikaria da. 1998an hasi zen historia ikuspegi feminista oinarri hartuta ikertzen, IPES Elkartean emakumeen historia lantzen duen ikerketa-taldearekin. Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona (Emakumeak Iruñearen historian) liburua argitaratu zuen lehenik. 2004an, berriz, Tierra de Estrellas. Guía histórica de las mujeres de Tierra Estella (Izarren lurraldea. Lizarraldeko emakumeen gida historikoa) eman zuen argitara.


IRUÑEKO HISTORIARI BURUZKO HIZKETALDIAK KONDESTABLEAREN JAUREGIA. 19:00

MAIATZA

  • Maiatzak 6, asteartea
  • 5. HIZKETALDIA Iruña, emakumeen hiria.
  • Amaia Nausia Pimoulier (historialaria, NUPeko irakaslea).
  • Gemma Piérola Narvarte (historialaria, NUPeko irakaslea).
  • Ana Diez de Ure Eraul (historialaria, berdintasuneko eragilea eta kultur teknikaria).
     
  • Maiatzak 13, asteartea
  • 6. HIZKETALDIA: Zabalguneen Iruña.
  • Bixente Taberna Irazoki (arkitektoa eta hirigilea).
  • María Urmeneta Fernández (arkitektoa eta hirigilea).
     
  • Maiatzak 20, asteartea
  • 7. HIZKETALDIA: Euskara Iruñeko historian.
  • Kike Díez de Ulzurrun Sagalà (kazetaria eta itzultzailea).
  • Ekaitz Santazilia Salvador (filologoa eta NUPeko irakaslea).
     
  • Ekitaldi-aretora sartzeko, aurrez gonbidapena hartu behar da (bakoitzak bi gehienez) hizketaldia hasi baino ordubete lehenagotik aitzina, Kondestablen bertan.
  • Saio guztiek zeinu-hizkuntzako interpretea izanen dute entzumen-arazoak dituztenen irisgarritasuna bermatzeko.
  • Hizketaldiak grabatu eta Udalaren YouTubeko kanalean jarriko dituzte; herritarrek zuzeneko sarbidea izanen dute www.pamplona.es/eu webguneko hasierako orriaren bitartez. 
  • Udalaren sare sozialetan ere ekitaldien laburpenak ikusten ahalko dira.
     
¿Te ha sido útil esta página?