
Iruñean genero-berdintasunean eta emakumeetan espezializatutako zentro bat dago, emakumeek munduan duten papera landu nahi duen ororendako erreferentzia puntu bilakatu dena. Silvia Fernández Viguera Emakumeen dokumentazio-zentroa eta liburutegia da, IPES Fundazioak 1985ean sustatu zuen eta Iruñeko Udalaren babesa duen dokumentu-funtsa. Dokumentazio-zentroa Emakumeen Etxean dago, Agoitz kalean, eta 18.724 erregistro dituen bilduma bat du, liburuez, aldizkariez, literaturaz, ikus-entzunezko materialaz, baliabide elektronikoez eta kartelez osatuta, emakumeei buruzko ikerketak eta haiek idatzitako literatura biltzen duena.
Liburuaren egunean Udalak emakumeek hainbat esparrutan egindako ekarpenak eta haien egoera biltzea xede duen baliabide garrantzitsu horren garrantzia gogoratu nahi du. Silvia Fernández Viguera Emakumeen dokumentazio-zentroko eta liburutegiko materiala ikasleek, ikertzaileek, kolektiboek eta publikoak, oro har, kontsultatzeko eskuragarri dago. Egun, 4.700 erabiltzaile baino gehiago ditu zerbitzu publikoko liburutegi horrek, eta bere funtsak maileguan utzi eta irakurketa-klubak, topaketak egileekin, aurkezpenak, ikastaroak eta zikloak antolatzen ditu.
Iruñeko Udalak, IPES Fundazioarekin duen hitzarmenari esker, zentroaren mantentze-lanetan eta garapenean laguntzen du, genero-berdintasunaren alde duen hezkuntza- eta kultura-interesagatik. Izan ere, emakumeen esparruak ardatz dituen Foru Komunitateko zentro bakarra da, eta berdintasunean, genero-teorian, emakumeen historian eta emakumeek kulturaren eta literaturaren munduari egindako ekarpenez gozatzeko interesa duten pertsona guztiei eskaintzen die zerbitzua.
Zentroa Espainiako Emakumeen Dokumentazio Zentroen eta Liburutegien Sarearen parte da, eta aholkularitza espezializatua eta emakumeen aurrerapenen inguruko bilerak egiteko, eztabaidarako eta hausnarketarako gunea eskaintzen du. Hala, eskaintzen dituen doako zerbitzuen artean, kontsultetarako aretoa eta irakurketa-gela nabarmentzen dira, non funtsak eskura daitezkeen, baita mailegu-sistema ere, non liburuak, ikerketak, ikus-entzunezko materiala eta gidak, besteak beste, aldi baterako mailegatzen diren.
Liburutegi digital bat ere badu, kontsultatzeko eta deskargatzeko moduko testu osoko dokumentazioa duena, Nafarroako Mugimendu Feministari buruzkoa barne; eta online katalogo bat, kontsultatzeko eta mailegatzeko eskuragarri dauden baliabideen aipamen bibliografikoak biltzen dituena. Kontsultara bideratutako zerbitzu horiez gain, aholkularitza pertsonalizatua dago, aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa edo posta elektronikoz eta posta arruntez egin daitekeena. Liburutegiaz arduratzen diren teknikariek genero-berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutako gaiei buruzko zalantzak argitzen dituzte, baliabideak ematen dituzte edo gai zehatzetan lan egiten duten beste instituzio eta erakunde batzuetara bideratzen dute.
Hori guztia osatzeko, ikastetxeendako, taldeendako, elkarteendako eta erakundeendako bisita gidatuak antolatzen dira, espazioa, bilduma eta Espainiako eta Europako emakumeen dokumentazio-zentroen historia ezagutzeko.
SILVIA FERNÁNDEZ VIGUERA EMAKUMEEN DOKUMENTAZIO-ZENTROA ETA LIBURUTEGIA
- Kokapena: Emakumeen etxea (Agoitz k. 9, 1. sol.).
- Funtsak: Bilduma osatzen dute emakumeen esparruan espezializatutako 18.724 liburuk, aldizkarik, kartelek, ikus-entzunezko materialek...
- Erabiltzaileak: 4.732
- Ordutegia: Astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara.
- Harremanetarako: 948225991 eta fundacion@fundacionipes.org