
Emakume kartografoak, ilustratzaileak, koloristak, analistak... baina emakumeak finean, lan handien eta analisi-proiektu zein esparru-deskribapen garrantzitsuen egileak, maiz oharkabean geratutakoak. Anonimatu hori apurtzea da arte-proposamen honen xedea. WOMAN+HUMAN izenburupean apirilaren 12ra arte egonen da ikusgai Kondestable Civivoxean, eta astelehenetik igandera bisitatzen ahalko da, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Society for News Design Espainiak (SNDE) antolatu du erakusketa, eta Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorreko laguntzarekin ekoiztu, Endesa eta Nafarroako Unibertsitatearekin batera. Jorge Urdánoz Alorreko zuzendariak, Javier Errea SNDEko lehendariak eta Jaime Sierra egileak gaur aurkeztu dutena, haiek aitortu bezala, erakusketa bakarrean bildutako bi erakusketa dira: WOMAN, infografian aitzindari izan ziren emakumeek Erdi Arotik gaurdaino egindako lana aztertzen duena; eta HUMAN, zorroztasun estatistikoaz harago doana munduari begirada kritikoaz behatzeko.
‘WOMAN. Kodexetatik big datara: emakumeak eta bistaratzea’ erakusketaren abiapuntua inguruko emakumeek mendeetan zehar arretaz egindako azterketa da. Toki, gune, zifra eta kopuruen azterketa xehearen ondorioz artelan bisualak sortu dituzte, esaterako X. mendeko Liébanako beatoaren kodexean txertatutako mapamundia, emakume bati loturiko lehen agiri kartografikotzat jotzen dena, zehazki Zamorako Tábarko Monasterioko moja bati egotzia. Badaude mapa tematikoak ere, Chicagoko populazioaren lansariei buruzkoa kasu, XIX. mende amaieran Florence Kelley Estatu Batuetako industriako lehen lan-ikuskariak egina. Ilargiaren alde ezkutuaren lehen kartografia eta ozeano-hondoaren lehen mapa ere emakumeek eginak dira.
XII. eta XXI. mende bitarteko lanak
Orotara, WOMAN erakusketak 17 emakumek egindako lanak biltzen ditu, hamar mendetan barnako ibilbide bat egiteko asmoz –kasu gehienetan kartografiaren eskutik– emakumeek inguruaz egin duten interpretazioaren gainean. “Egileak emakume-sorta txiki bat dira, baina emakume erabakigarriak, haien zeregina uste zena baino askoz garrantzitsuagoa zela berretsi baita” erakusketaren antolatzaileek azaldutakoaren arabera. Eva van Alphen, Anna Beek, Elizabeth Haussard, Emma Willard, Shanawdithit, Florence Nightingale, Ann Maunder, Marie Tharp eta Kira Shingareva dira datuen analisian aitzindari izan ziren emakume horietako batzuk, zein bere esparruan eta garaian, XII. mendetik XXI.era.
Baina emakumeek analitikan izan duten paperaren aitortza harago doa erakusketan, keinu bat egiten baitzaie “egungo bistaratzaile” delakoei. Horretarako, datuak modu artistikoan irudikatzen dituzten 28 emakume hartu dira oinarritzat, hala nola Giorgia Lupi, lanak makrodatuetan oinarritzen dituen diseinatzaile italiarra, Sisi Wei ikerketa-kazetari eta diseinatzailea eta Diana Woo informazioaren diseinatzaile grafikoa. Irekiak direnez gero, haien obrek bi erakusketetan dute tokia, hala WOMANen nola HUMANen, eta horrela azpimarratzen dira bai emakumeen protagonismoaren garrantzia datuen analisiaren historian, bai emakumeen ikuspegia datu horiek aztertzean.
Interpretazioa da gakoa
Egileak –izan gizon izan emakume– nola interpretatzen dituen datuak; horixe da muina ‘Human. Bizitza datuez harago: infografia minimoak’ bigarren erakusketa horretan. Topikoak deseraikitzen dituen premisa batetik abiatzen da: berez, datuak ez dira ez objektibo ez neutro, beti erantzuten diote interpretatzailearen begirada subjektiboari. Horregatik, erakusketak datuen alderdi gizatiarrari heltzen dio. Eta hori egiteko Giorgia Lupik sortutako ‘data humanism’ kontzeptuaz baliatzen da, nola eta big data tradizionaletik aldendu eta besteak beste emozioez mintzatzen diren munduko punta-puntako egileen hamar proiekturen bidez.
Proiektu horien artean azpimarratzeko modukoa da ‘Real life charts’; immigrante venezuelarren alaba den Michelle Rial diseinatzaile estatubatuarrak egindakoa da, eta haren eguneroko gauzez mintzatzen diren eskuz marraztutako grafiko sotiletan oinarrituta dago. Beste bat, José Naranja aeronautika-ingeniari espainiarraren ‘The Orange Manuscripts’ bidaia-bloka, 120 orrialdeko faksimile bat, mundu zabalean barna egindako bidaietan topatu dituen toki, amets, bizipen eta datu erabilgarrien sorta hautatuaz osatua. Mona Chalabi-k, esaterako, bere ‘Datablog’ lana ekarri du Kondestablera. Analista eta kazetari hau Iraketik Erresuma Batura etorritako immigranteen alaba da, ilustratzailea, beti estatistika abiapuntu harturik berdintasuna, immigrazioaren defentsa eta arrazakeriaren kontrako borroka defendatu dituena.
Beste hauek dira gainerako proiektuak: Javier Royo-ren ‘Ikusizko datu subjektiboak’, Jaime Serra-ren ‘Datuak eta egiak’, Amy Cesa-ren ‘DayDohViz’, Público egunkariko infografia-taldearen ‘Freskogramak / Udako kaierak’, Nicholas Felton-en ‘Feltron Project’, Stefanie Posavec eta Giorgia Lupiren ‘Dear Data’ eta Giorgia Lupiren ‘Based on True Stories’ bakarkako lana. Horrez gain, HUMAN erakusketan dokumental txikiak ere txertatu dituzte, ‘Bideografikoak’ izenburupean, eta istorioak kontatzen dituzte datuen bidez. Hamabost pieza dira guztira, askotariko jatorri, gai eta estilotakoak. Ikusizko pildora txikiak dira: nola jaurti beisboleko pilota bat, zein da hegazkineratzeko modurik onena, bat-bateko gaixotasun batek gaixo batengan eta haren inguruan duen eragina edo gizon batek bikotekideari 48 urteko harremanean oparitutako 8.522 loreak, besteak beste. Hori guztia erakusteko datuez harago istorioak, pertsonak eta bizitzak daudela.
Malofiej hitzaldiak
WOMAN+HUMAN erakusketa Malofiej Infografiaren Nazioarteko XXVIII. Biltzarraren jarduera osagarria izanen da nolabait, biltzarra martxoaren 23tik 27ra eginen baita Nafarroako Unibertsitatean. Biltzarraren programaren barruan hitzaldi-ziklo bat antolatu dute Kondestable Civivoxean, ‘Giza datuak’ izenburupean. Hitzaldietako lehena martxoaren 26an izanen da, ostegunarekin, 19:30ean. Fernando G. Baptista eta Mónica Serrano arduratuko dira ‘Wow efektua. Grafikoak eta animazioak National Geographic-en’ hitzaldiaz. Martxoaren 30ean, 19:30ean Javier Royok ‘Datu subjektiboak’ izanen ditu hizpide, eta biharamunean, martxoak 31, Jaime Serrak irakurketa-errezitaldia eginen du, zuzeneko musikaz, ‘Benetako sei istorio eta gezur orokor bat’ izenburupean.
Hitzaldi guztiak Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoan izanen dira. Hitzaldien ostean, bertaratuek hizlariekin solas egiteko aukera izanen dute. Sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte.