‘Emakumeak eta kulturartekotasuna’ erakusketa jarri dute ikusgai Emakumeen Etxean, emakume migratzaileen ikuspuntua azalera ateratzeko

‘Emakumeak eta kulturartekotasuna’ erakusketa jarri dute ikusgai Emakumeen Etxean, emakume migratzaileen ikuspuntua azalera ateratzeko
Collage teknikarekin egindako 17 artelanek osatzen dute erakusketa, eta ekainaren 20ra arte jarriko dute ikusgai
Irudia
Irudia
Irudia

Kulturartekotasuna emakume migratzaileen begiradaren bidez islatzen da erakusketan, haien ikuspuntua, iragana eta orainaldia eta etorkizuneko nahiak uztartuta. Hori da, hain zuzen ere, Emakumeak eta kulturartekotasuna erakusketaren mamia. Aipatu bezala, Emakumeen Etxean jarriko dute, Iruñeko Udalak antolatutako Kultur Aniztasunaren II. Astearen barruan. Erakusketa ekainaren 20ra arte bisitatzen ahalko da.

Erakusketak 17 artelan ditu guztira, eta Gurutze Gorriak antolatutako lantegi artistikoaren  emaitza da: izen bera du lantegiak, hau da, Emakumeak eta kulturartekotasuna. Lantegian 17 emakumek parte hartu dute, eta beren jatorrizko herrialdeetatik etorri eta Iruñean eta Agoitzen bizitzen hastearekin lotutako sentimendu eta itxaropenak irudikatu dituzte collage teknika baliatuta. Artelan bakoitzean emakumezkoen irudi batek gorpuzten du kulturartekotasunak artista bakoitzari iradokitzen diona. 

Laura Jordán Arilla izan da Gurutze Gorriaren egitasmoaren koordinatzailea, eta lantegia egitea posible izan da Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrari esker. Bai erakusketa eta bai lantegi artistikoa Abegitsuak proiektuaren parte dira: Gurutze Gorriak antolatzen du proiektu hori, eta Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Departamentuaren dirulaguntza jaso du. Proiektuak emakume-sareak sortzea du helburu, kulturarteko bizikidetza hobetzeko asmoz. Proiektua aurten jarri dute abian, eta 2026ra arte iraunen du gutxienez. 

Abegitsuak proiektuak emakume parte-hartzaileen prestakuntza sustatzea du helburu. Hain zuzen, Kulturarteko elkarbizitzaren, elkarbizitzaren, eta bitartekaritzaren aldeko eragileei buruzko ikastaro bat antolatu dute proiektuaren barruan. Hauek dira ikastaroaren helburu nagusiak: proiektuaren kide diren emakumeei prestakuntza ematea, haien arteko harremana sustatzeko sareak sortu eta mantentzen laguntzea, eta Iruña hiri askotarikoa eta plurala dela aintzat hartuta kulturen arteko bizikidetzari mesede egitea. 

Apirilean eta maiatzean lau saio egin dituzte bai Iruñean eta bai Agoitzen, jatorri askotako 18 urtetik gorako emakumeendako. Batez ere emakume migratzaile eta errefuxiatuek hartu dute parte. Besteak beste, herrialde hauetako emakumeek parte hartu dute egitasmoan: Argentina, Bulgaria, Espainia, Nikaragua, Peru, Siria eta Ukraina. Prestakuntza jasotzeaz gain, emozioen kudeaketa eta arteterapia ere landu dituzte saioetan.  Halaber, beste helburu honekin prestatu dituzte saioak: hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko eta kulturarteko bizikidetzari mesede egiteko guneak sustatzea.

¿Te ha sido útil esta página?