‘Emakumeak aurrera’ lehenengo jaialdiak larunbat honetan aurkeztuko ditu Rigoberta Bandini, Julia de Castro, Ede, Cintia Lund eta Dj Raxku, beren proiektuak sortu eta horien protagonista diren emakumeak

‘Emakumeak aurrera’ lehenengo jaialdiak larunbat honetan aurkeztuko ditu Rigoberta Bandini, Julia de Castro, Ede, Cintia Lund eta Dj Raxku, beren proiektuak sortu eta horien protagonista diren emakumeak
Jaialdia Runa parkean izanen da, doan, eta ateak 19:00etan irekiko dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Rigoberta Bandini, Julia de Castro, Ede, Cintia Lund eta Dj Raxku izanen dira protagonista Iruñeko Udalak antolatutako ‘Emakumeak aurrera’ lehenengo jaialdian, datorren larunbatean, irailaren 4an, Runa parkean, 19:00etatik aurrera. Sarrera doan da, María García-Barberena Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi ordezkariak eta Nerea Madariaga jaialdiaren zuzendari artistikoak aurkezpen-prentsaurrekoan azaldu duten bezala.

Kontzertuak feria-lekua jartzen den eremuan izanen dira. Sarbidea 19:00etan irekiko da, eta sartzen ahalko da ezarritako edukiera –600 pertsona eserita– bete arte. Hortik aurrera, bakarrik sartzen ahalko da norbaitek bere aulkia uzten duenean. Ostalaritza zerbitzua egonen da, osasun arauak une oro betez (zerbitzua eserlekura).

Jaialdia 19:30ean hasiko da, Dj Raxkuren eskutik, eta aurreikusitako iraupena bost ordu eta erdikoa izanen da. Agertokira igoko den lehen abeslaria Cintia Lund izanen da, 20:00etan. Ondoren Ede, 21:05 inguruan, eta Julia de Castro, 22:10ean; programa Rigoberta Bandiniren emanaldiarekin amaituko da, 23:20 aldera. Programa Dj Raxkuk itxiko du berriz ere.

Une oro gaur egun osasun krisiari aurre egiteko ezarritako osasun neurriak errespetatu beharko dira, hala nola, eserlekuan egotea dantzatu gabe, maskara erabiltzea eta tartea zaintzea aulkiak jarri diren lekutik mugitu gabe.

Estilo ezberdinetako emakumeak

Jaialdiaren izenak adierazten duen moduan, eguneko proposamen guztietan buru izanen dira musika-proiektu oso ezberdinen bidez ezagunak diren lau emakume; horiei Raxku gehituko zaie, kontzertuen artean eta amaieran musika jarriko duen Dj-a. Entzuten ahalko da Rigoberta Bandiniren musika elektroniko pertsonala, Julia de Castroren cumbia, rantxera eta flamenko doinuen nahasketa, Ederen soul eta R&B soinuen abesti intimoak eta Cintia Lunden dream pop, folk eta musika elektronikoaren musika-korronteen nahasketa.

Udalaren kultur adierazpen berri hau sortu da egungo panoraman arrakasta lortzen ari diren emakumeen musika-proiektuak egiteko eta ikusarazteko asmoz, feminismoa, aniztasuna musika-estiloetan eta kalitatea uztartuz. Arreta jartzen du, proiektuen ageriko aurpegiak izateaz gain, konposatu, sortu eta beren ibilbideen protagonista diren artistengan. Abeslari guztiek zera partekatzen dute: gaztelaniaz konposatu eta abestea, eta diskurtso feminista, sozial eta intimoak dituzten letrak eskaintzea.

Jaialdiaren izena ‘Girls to the front!’ lelo mitikotik dator, zeina Kathleen Hanna eta ‘Riot Grrrl’ underground-mugimendu feministaren beste buru batzuek hartu baitzuten 90. hamarkadako musika-eszenan. Emakumeei eskatzen zieten kontzertuetan lehen ilarak betetzeko, gizonek beren tamainagatik eta jarreragatik kolonizatzen zuten espazio batez jabetzeko eta, horrela, erosotasun- eta protagonismo-eremu batean gozatzeko, baztertuta geratu gabe.

Rigoberta Bandini, agertoki alternatiboaren fenomenoa, eta Julia de Castro, artista polifazetikoa

Rigoberta Bandini 2020ko agertoki alternatiboaren musika-fenomenotzat jotzen dute. The Mamzelles taldearen parte izateagatik ezaguna da, eta bakarkako ibilbidea 2019an hasi zuen. Bere proposamenak euforia malenkoniatsu mota bat uztartzen du musika elektronikoarekin eta egile-kantarekin. Bere letretan literatur proposamen interesgarria topatu daiteke, bai eta esperientzia-narratiba poetikoa eta aldarrikapen feminista ere. Bartzelonako Paula Ribóren ahotsak kalitatea eta ñabardurak ditu ezaugarri. Kontzertuetan txandaka abesten ditu dantza-erritmoko abestiak, dagoeneko arrakastatsu bihurtuak, eta lasaitasuna zein intimitatea nagusi dituzten beste kanta batzuk.

‘De la Purísima’ bikotearekin ibilbide luzea egin ostean, Julia de Castro abeslari, konpositore eta aktoreak berriki bakarka estreinatu da ‘La historiadora’ albumarekin. Diskurtso intelektual eta feministari eutsiz, emaitza festa bat izan da, cumbia, rantxera, musika elektronikoa eta flamenkoa nahasten dituen koktela. Edukia ere ahozkotasunaren eta antzinako kontakizunen aldarrikapena da, emakumeen historia nabarmentzea xede duena.

Ede eta Cintia Lund, jaialdiari hasiera emanen dioten kontzertuak

Estiloa aldatuz, Madrilgo Edek bere proposamenik intimoena eramanen du Runa parkera. Xoel Lópezen taldeko ahotsen kide, Edek bere bakarkako musika-proiektuari ekin dio, egile eta konposizio lanak beregain hartuta. Ederen ezaugarriak dira samurtasuna, sentiberatasuna, barru-barruko lanaren zintzotasuna eta bere ahotsaren kalitate aparta. Kontzertu horren musikak soularen, sustrai herrikoietako musiken, boleroaren eta flamenkoaren ukituak izanen ditu, maitasunik ezari, autobaieztapenari eta abarri buruzko letrak erabilita.

Gaueko laugarren abeslaria, eta lehena abesten, Cintia Lunde izanen da. Aurkeztuko duen proiektuan modernitatea eta retro itxurako nostalgia uztartzen dira, dream pop, folk eta musika elektronikoaren joeren bitartez. Ahots boteretsua eta ñabarduraz betea, eszenaratze zainduaz lagundua, soinu-atmosfera berezi bat eta nortasunez betetako diskurtso artistiko bat sortzeko.

Girotze-musika ekitaldian zehar eta emanaldiak amaitutakoan Dj Raxkuk jarriko du; bere saioek musika elektronikoa eta haren aldaerak dituzte ardatz, betiere emakumeek egindako musikara joaz. Klasikoak eta ohiko popa abesti ezezagunagoekin eta esperimentalekin uztartuko ditu. Haren nahasketa-lanetan inoiz ez dira falta Jessie Ware, Grimes, Empress Of, Dua Lipa eta Bad Gyal artisten kantak, besteak beste. Iruñean hainbat tabernatan aritu da musika jartzen, Txintxarri tabernan kasu, bai eta Londreseko klub txiki batzuetan ere.

¿Te ha sido útil esta página?