Emakume Aitzindarien parkeak 10 urte bete ditu, eta urte hauetan guztietan lasai egoteko, berdeguneez gozatzeko, kirolerako eta jolaserako 93.000 m2 eskaini dizkie herritarrei

Emakume Aitzindarien parkeak 10 urte bete ditu, eta urte hauetan guztietan lasai egoteko, berdeguneez gozatzeko, kirolerako eta jolaserako 93.000 m2 eskaini dizkie herritarrei
Hirigintza Batzordea eta Gerentzia parkean izan dira gaur, hiriak mantentze-lanen ardura hartu aurretik zer egoeratan dagoen ikusteko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Apirilean izanen da Emakume Aitzindarien parkearen 10. urteurrena. Gaur goizean, Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideak parkean izan dira. Herritarrek asko eta sarri erabiltzen dute, bai eta inguruko ikastetxeek ere, kirol-jarduerak egiteko baliatzen baitute. Hamar urte hauetan, parkea eraiki zuen enpresa arduratu da mantentze-lanak egiteaz, Acciona, baina apiriletik aurrera Udalak hartuko du ardura hori. Udalaren Hiri Kontserbazioko Alorraren ohiko mantentze-sistemaren barruan sartuko da, hiri-altzariekin, zoladurekin, argiztapen-sistemekin eta berdeguneekin batera, besteak beste.

900 m luze da parkea, eta 93.000 m2 hartzen ditu: zelai berde handi bat du erdian, biribila, eta beste hamabi gune, hala nola kirola egiteko tokiak, kalistenia-ariketak egiteko zirkuitu bat eta jolaserako guneak. Parkearen izena helburu baten isla da: 47 emakumeren ekarpena ikusaraztea. Garai desberdinetakoak dira; jatorria ere ez dute bera, eta hainbat arraza eta arlotakoak dira gainera, baina bada batzen dituen zerbait: gizartea hobetzen lagundu duten ekarpenak egin dituzte. Parkearen osagai nagusia, eta bereizgarria gainera, 173 m2-ko mural koloretsu bat da. Variopintas artista-kolektiboak diseinatu zuen, 2021/2022an: zortzi sortzailek osatzen dute kolektibo hori, eta haiek margotu zuten murala, beste ia 100 lagunekin batera.

Aisialdirako ez ezik, 2. Zabalgunea, Mendillorri eta Lezkairu lotzen dituen oinezkoendako gune bat ere bada, eta Monjardín eta Eguesibar kaleak batzen dituen igogailuak ere laguntzen du lotura horretan, modua ematen baitu 2. Zabalgunearen eta Lezkairuren arteko desnibela saihesteko. Gainera, duela hamar urte egin zituzten lanei esker, Tellaiturria berreskuratu zuten: Subizatik hirira ura ekartzeko antzinako eroanbideen harresiari atxikia zegoen, eta beraz, balio historikoa du.

Berrikuspena
Aisialdirako gune horrek badu beste bereizgarri bat ere: aldapa handi bat. Malda arintzeko, hainbat terraza egin zituzten maila desberdinetan, harresi txiki batzuez inguratuta eta hainbat landare-espeziek bananduta. Mantentze-lanen ardura eskualdatzean, instalazio eta osagai guztiak berrikusi dituzte, baita landareak ere. Berdeguneak edo zelaiak daude, bai eta hainbat tapiz-landare ere, eta paisaia ederra sortzeaz gain, oso baliotsuak dira ingurumenari dagokionez, biodibertsitatearendako bereziki. Halaber, 30 metro inguruko bi muino biribil daude, eta baso txiki moduko batzuk dituzte, hainbat espeziez osatuak: haritzez, gereziondoz eta ezkiz, besteak beste.  Parkea eraiki zuen enpresak berriz landatu ditu aurrera egin ez duten landareak eta zuhaitzak, eta gaur egun, Udala arduratzen da baso txiki horiek zaintzeaz: 270 astigar aldatu dituzte berriki, eta arbak jarri dizkiete.

Urari dagokionez, gune bakoitzak bere beharrak ditu, eta ureztapen-sistema behar horietara egokituta dago: aspertsoreak daude zelaietan, eta tantakako ureztaketa-sistema zuhaixketan eta beste tapiz-landare batzuetan. Besteak beste ezpela (Buxus sempervirens) dago landatuta, eta urte osoan berde-berde egon ohi da; sasiama ere bai, udaberrian loratzen diren landare usaintsuren bat edo beste, erromeroa kasurako, eta bada udazkeneko kolorea duen espezierik ere, zuhandorra (Cornus Sanguinea) adibidez: neguan gorritu egiten zaizkio zurtoinak zuhaixka horri. Ezponden beheko aldean, huntza jarri zuten (Hedera helix), eta mendi-hegalean hainbat arte daude sakabanatuta, Quercus ilex motakoak. Eraikuntza-enpresak konponketak egin ditu tantakako ureztatze-sisteman, eta zelai bihurtu diren lekuetan egokitu egin dute sistema.

Halaber, mantentze-lanen ardura eskualdatu aurretik, zenbait argi berritu dituzte, eta erabiltzearen poderioz kaltetuta zeuden zoladura zatiak ere konpondu dituzte. Parkean egurrezko 58 eserleku daude, eta denak lixatu eta bernizatu dituzte; bai eta lasai egoteko gune biribiletan dauden eserlekuak ere. Gaur egun, parkearen 1.400 m2 txakurrendako gordeta daude: hesi batek inguratzen du eremua, eta iturri bat ere badago txakurrendako. Kontu berria da hori, joan den hilean aldatu baitzuten Txakurrendako Eremua Misiolarien eraikinaren atzetik Emakume Aitzindarien Parkera.

 

¿Te ha sido útil esta página?