Elkarlaneko arkitektura hiri-espazioak birdefinitzeko: Ziudadelan hasiko da ‘Periferia birpentsatuz’ erakusketa

Elkarlaneko arkitektura hiri-espazioak birdefinitzeko: Ziudadelan hasiko da ‘Periferia birpentsatuz’ erakusketa
Mistoen eraikinean egin eta gotorlekuaren belardietan elementuak izanen dituen erakusketari hitzaldi-ziklo bat lotuko zaio

 

 

Iruñeko Udalak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin (EHAEO) elkarlanean, gaur ireki du Ziudadelako Mistoen eraikinean eta barrutiaren belardietan ‘Periferia birpentsatuz’ erakusketa, zeina –arte-erakusketa hutsa baino gehiago– elkarlaneko hirigintza-prozesu baten irudikapena da, eta Iruñeko periferiak aztertzea, berreskuratzea eta birdefinitzea du xede.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta Salomé Wackernagel eta Ioar Cabodevilla (OREKARI estudio) arkitektoek. Erakusketak bi esparru lantzen ditu batera: hainbat herritan (Uharten) eta Iruñeko auzoetan (Etxabakoitzen eta Lezkairun) egin diren prozesuak erakustea horiek grafikoki irudikatuz, eta herritarren partaidetzaren bidez egindako arkitektura iragankorreko erakusketa ere izatea. Ostegunero, erakusketa hausnarketarako eta pentsamendurako gune batek osatuko du, sei hitzaldiko ziklo batez. Lehenengo hitzaldia Zaida Muxí hirigile eta hirigintza eta generoko espezialistaren eskutik izanen da, maiatzaren 27an, 19:00etan.

Ziudadelako erakusketa-guneetan proposamenak etengabe berritzen dira, eta doan bisitatu daitezke asteartetik igandera. Erakusketa ekainaren 27ra bitarte bisitatzen ahalko da Mistoen eraikinean, asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era, eta 18:00etatik 20:30era; igandeetan bakarrik goizez.

Elkarlaneko arkitekturaren hiru esku-hartze dokumentatzea

Mistoen eraikina aukeratu dute ‘Periferia birpentsatuz’ prozesuaren eszenografia ezartzeko, eta dokumentatu egin dute. Orain arte birdefinitzeko hiru esku-hartze egin dira hiru periferiatan. Lehenengoa, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren beharrak eta aukerak birformulatzeko, bere gertuko komunitatearekin modu zabalean eta etengabean abiatutako elkarrizketatik sortutako erabileretara egokitze aldera, topaleku bat sortuz. Bigarrenak, Etxabakoitz auzoan, auzokideek eskatuta, biltoki bat sortu nahi zuen, topagune bat, estalia eta iristerraza, eta hori konpontzeko burbuila erraldoi bat sortu zen. Azkenik, Lezkairun, oraindik orubeen paisaia duen auzo batean, poliedro erraldoi batzuk eraiki ziren, proiektu kultural eta artistikoendako atze-oihal gisa.

Erakusketa bikoitza, alde batetik, (Mistoen eraikinean) irudi handiek eta risografian inprimatutako panel txikiek osatua, non hiru eremu bereizitan eta kronika gisara, egindako prozesu osoa kontatzen baitute. Argazkiek Mirari Echavarriren eta Gorka Beunzaren sinadura dute, eta bideoak Maddi Barber zinemagileak eta Jorge Tellecheak egin dituzte.

Aurrekoarekin batera, eraikinaren kanpoaldean, erakusketa biziago bat eskainiko da, non periferia bakoitzean sortutako arkitektura-elementuak ikusten ahalko diren: totem batzuk, burbuila erraldoi bat eta poliedro batzuk. Burbuila erakusketak iraun bitartean ostegunero puztuko dute, eta gainerako elementuak etengabean egonen dira eskuragarri jende guztiarentzat.

Auzo-prozesuak periferietan

‘Periferia birpentsatuz’ Salomé Wackernagelen eta OREKARIren arteko elkarlanetik sortu da; OREKARI arkitektura-kooperatiba bat da, Ioar Cabodevillak, Xabi Urrozek eta Itxaso Iturriozek osatua, eta era batera edo bestera arkitekturari, hirigintzari, arteari eta kulturari lotutako proiektuak lantzen ditu, gizartearen eta jasangarritasunaren ikuspegitik. Haren lana arkitektura-modu eta -erabilera berrietan barneratzen da, elkarlanean, hiria berroneratzeko eta eraldatzeko bide gisa eta gizarte- eta kultura-aldaketaren eragile gisa. Horregatik, bere proposamenak arkitektura klasikoagotik aldentzen dira, arte garaikidearekin oso lotuta dauden esku-hartze berritzaileetan barneratzeko. Erabilitako metodologia berbera da periferia bakoitzean: aurretiko lantegiak, elkar ezagutzekoak; autoeraikuntzako lantegiak dira, elementua sortzeko eta gero auzotarrek hura aktibatu dezaten.

Elkarrekin gogoeta egiteko espirituaren baitan, ‘Periferia birpentsatuz’ erakusketak ostegunero, Ziudadelan bertan, hainbat hitzaldi eskainiko ditu, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak eta Iruñeko Udalak babestuta, eta bertan izanen dira Zaira Muxí hirigilea eta hirigintza eta generoko espezialista, Francesco Careri arkitekto italiar eta “Walkscapes. El andar como práctica estética” liburuaren egilea, Antonio Giráldez López eta Pablo Ibáñez Ferrera ikertzaileak, eta URBATFest edo Concéntrico Arkitektura eta Diseinuko Logroñoko Nazioarteko Jaialdia, besteak beste.

Hitzaldi-zikloa

Maiatzak 27. 19:00

El espacio público condensador de ciudadanía desde la vida cotidiana

  • Hizlaria: Zaida Muxí Martínez, doktorea Arkitekturan, irakaslea ETSAB-UPCn
  • Moderatzailea: Esperanza Marrodán
  • Genero-begirada zeharkakoa, intersekzionala eta inklusiboa

Ekainak 3. 19:00

Selling Bricks. Música urbana, periferias y políticas espaciales.

  • Hizlaria: Bartlebooth (Antonio Giráldez López eta Pablo Ibáñez Ferrera)
  • Selling Bricks epe luzeko ikerlana da, hiri-musikako bideokliparen bidez espazioa eta arkitektura aztertzen dituena

Pormishuevismo

  • Hizlaria: Erik Harley
  • Eta -ismo bakar batek bilduko balitu Espainiako eraikuntzaren astakeria guztiak?

Ekainak 10. 19:00

  • Hizlaria: Francesco Careri
  • Moderatzailea: Asier Santas
  • Francesco Careri (1966) arkitektoa da eta irakasle elkartua, Roma Tres Unibertsitateko Arkitektura Sailean.

Ekainak 17. 19:00

Un laboratorio cultural sobre las transformaciones urbanas. Urbanbatfest.

  • Hizlaria: Maria Arana
  • URBANBATfest laborategia den jaialdi bat da, hiri-eraldaketen gaineko ikerkuntza-prozesu bat

Concéntrico, Festival Internacional de Arquitectura y Diseño de Logroño

  • Hizlaria: Irene F. Garijo, Javier Peña Ibáñez
  • Concéntrico Arkitektura eta Diseinuko Logroñoko Nazioarteko Jaialdia da, eta urtero luzatzen du hiri-esparruaz eta hiriaz gogoeta egiteko proposamena