Elikadurari buruzko ‘Hemengoak’ udal-programak Hiri Osasungarrien Espainiako Sarearen eta Osasun Ministerioaren dirulaguntzak jasoko ditu

Elikadurari buruzko ‘Hemengoak’ udal-programak Hiri Osasungarrien Espainiako Sarearen eta Osasun Ministerioaren dirulaguntzak jasoko ditu
2016an jarri zen martxan Udaleko Haur Eskoletan, eta ikerketa-proiektu baten parte da, Nafarroako Pediatria Elkartearekin elkarlanean



Hiri Osasungarrien Espainiako Sareak eta Osasun Ministerioak 6.545 euro emanen dizkiete Iruñeko Udaleko Haur Eskolei. 2025eko apiriletik urrira bitarte Hemengoak programaren garapenak 13.169 euro balioko du eta horren % 49,7 finantzatuko dute. Programak, egunero, jantoki-plazak dituzten haur-eskolen sareko zentroetako (12tik 11) 950 haur baino gehiago eta 154 langile elikatzen ditu, nutrizionista eta sukalde-koordinatzaile batek eta beste teknikari batzuek gainbegiratuta eta koordinatuta.

Hiri Osasungarrien Espainiako Sarearen laguntzak osasunaren arloko edo Osasun Sistema Nazionalean Osasunaren eta Prebentzioaren Sustapenari buruzko Estrategia tokian-tokian ezartzeko jarduketak egiten dituzten tokiko entitateei ematen zaizkien dirulaguntzak dira. 2025eko azaroan amaituta dauden jarduketak izan behar dute, eta entitate bakoitzari adjudikatutako laguntza gehienez ere aurkeztutako proiektuaren guztizko kostuaren % 60 izaten ahalko da.

Zehazki, udal-programa lan-ildo honekin bat dator: elikadura osasungarria eta jasangarria sustatzea ikastetxeetan, sektoreen artean eta hezkuntza-komunitate guztiaren (irakasleak, ikasleak, ikastetxeko langileak eta familiak) parte-hartzea erraztuta. Iruñeko Udalaren Haur Eskolen organismo autonomoak Iruñeko hamabi haur-eskola publiko kudeatzen ditu. Hemengoak proiektuaren helburuetako bat eguneroko elikadura da, baina ez da bakarra, egitasmo pedagogikoa baita: helburua da aztura osasungarriak irakastea txiki-txikitatik, eta hurbileko, kalitatezko eta sasoiko jaki fresko, ekologiko eta osasungarrien garrantzia ikusaraztea haurrei.

Hori guztia lortzeko, sukaldariei irakasten zaie sasoiko produktuekin eginiko oinarrizko menuak prestatzen, intolerantziak eta alergiak dituztenen beharrak aintzat hartzen eta dieta deribatuak osatzen. Beraz, dieta jasangarriak sustatzea, obesitateari eta dieta desegokiek eragindako gaixotasunei aurre egitea eta hornidura-kate motzak sustatu eta bertako ekoizleak babestea dira proiektuaren ardatz nagusiak.

Ez da udal-programa horrek kanpoko laguntza jasotzen duen lehenengo aldia. 2021ean Kontsumoko Ministerioaren NAOS sarietan accesita eskuratu zuen eskola-arloan, elikadura osasungarriaren esparruan, eta aurten Ekimen Jasangarri eta Osasungarriaren hirugarren saria jaso du, ikastetxeetan elikadura osasungarria sustatzen duen ekimen publikoaren balioa aitortzen duen saria. Hemengoak proiektuaren hedapena hainbat bidetatik egiten da, esaterako, Sagone Films ekoiztetxeak Iruñeko Udalarendako sortu duen 55 minutuko ikus-entzunezko piezaren emanaldiaren bidez.

Gaur egun, Elikume ikerketa-proiektuaren parte da Hemengoak egitasmoa: Nafarroako Pediatria Elkartearekin elkarlanean sortu zen Elikume, eta Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuak finantzatzen du. Gainera, Udalak aholku ematen ahal die beste erakunde batzuei horrelako ekimenak abian jartzeko, gaur egun Baztango Udalarekin egiten ari den bezala.

¿Te ha sido útil esta página?