Bonbilla bat ordezkatzea, ur-ihes txiki bat konpontzea eta armairu baten ateak doitzea lan txikiak dira, baina adinekoek eta desgaitasunen bat duten pertsonek esfortzu handia egin behar dute zeregin horiek egiteko. Brikolaje-zerbitzu txiki horiek eskaintzeko xedez, hainbat gremiotako langileak barne hartzen dituen jubilatu-talde batek El Taller elkartea sortu du. Trukean ezer eskatu gabe egiten dute lan hori, gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden etxeetako kideei eta adinekoei laguntzeko xedez. Iruñeko Udalak 2026rako hitzarmen bat sinatu du elkarte horrekin, elkartearen gastuen zati bat ordaindu eta erakundeak zerbitzu hori ematen jarraitu ahal izateko.
5.000 euroko dirulaguntza ematen du Udalak, eta zenbateko horri esker, lanak egiteko materialak ordaintzen dira, baita boluntarioendako eta erantzukizun zibileko aseguruak ere. Elkarteak egiten duen lanak hiru funtsezko premisa ditu oinarri: konpontzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Horregatik, hain zuzen, hein handi batean, osagaiak berrerabiltzen dira sortutako matxura konpontzeko.
Kideen borondatezko lanean oinarritzen da elkartea, trukean ezer eskatu gabe denbora eta ezagutza baliatzen baitituzte baliabide mugatuak dituzten pertsonen premiei arreta emateko. 2025ean, El Taller elkarteak 4.257 orduz aritu zen brikolaje-lanetan, eta 283 familia-eskakizuni erantzun zien. Dirulaguntzen eskatzaileek oso profil zehatza dute. Gehienak bakarrik bizi diren emakumeak dira. Elkarteak jakinarazitako zifren harira, arreta jaso zuten % 68 emakumeak izan ziren, eta etxebizitzei dagokienez,% 51 lagun bakarrekoak izan ziren.
Elkarteak bi bide ditu laguntza-eskaerak jasotzeko: helbide elektronikoa (voluntarioseltaller@hotmail.com) eta 948315301 telefonoa. Eskaerak baloratu eta elkarteak artatzen ahal dituen egiaztatu ondoren, zerbitzuen egutegia egiten da: egun bakoitzean libre dauden boluntarioen artean banatzen da lana, eta egitekoa gauzatzeko ezagutzak hartzen dira aintzat. Baina, konponketa txikietatik haratago, El Taller elkarteko kideek adinekoen eta egoera zaurgarrian dauden familien ongizatea dute helburu, etxean zahartzeko eskubidea samurtuz. Gainera, gizarte-lana egiten dute: Iruñeko Udalarekin lankidetzan, gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak hautematen lan egiten dute, eta, hala, beharrezkoa izanez gero, pertsona horiek udal-zerbitzuetara eta zentro espezializatuetara –osasun-zentroak eta Auzo-unitateak– bideratzen dituzte.