
Datorren asteburuan Iruña Batasunaren Pribilegioaren urteurrena ospatzeko apainduko da. Pribilegio horren bidez, 1423ko irailaren 8an, hiria eratu zen, San Zernin, Nabarreria eta San Nikolas burguak Karlos III .a Noblea Nafarroako erregearen babespean bateratuta. Edizio honetan, Iruñeko Udalak hainbat jai-ekitaldi antolatu ditu irailaren 6tik (ostirala) irailaren 8ra (igandea), eta El Columpio Asesino musika taldeak eginen duen emanaldiarekin amaituko dira ospakizunak. Kontzertua doakoa izanen, 20:00etan, Gazteluko plazan.
Hala iragarri dute prentsaurrekoan Joseba Asiron Saez hiriko alkateak, Mikel Armendariz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako,Garapenerako Lankidetzako eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Gómez Eguiluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak.
Kontzertuarekin, Udalak keinu txiki bat egin nahi dio 1999an Iruñean sortu zen banda abangoardista eta alternatibo horri. Orain, musikaren panoraman bi hamarkada baino gehiago egin ondoren, taldeak bere musika-ibilbideari amaiera ematea erabaki du, besteak beste bere estilo propioaren isla leiala den Toro lanarekin arrakasta handia lortuta. Rockaren eta punkaren artean dagoen lana da, non elektronika eta sintetizadoreak nahasten diren. Haien oihartzunak mugak gainditu ditu eta atzerrian ere zale ugari dituzte, batez ere Mexikon, non taldeak kontzertu ugari eskaini baititu.
Ez da ospakizun-asteburuko musika-ekitaldi bakarra izanen. La Pamplonesak, berriro ere pultsua hartuko die herritarrei ostiralean, 20:00etan, Gazteluko Plazan eskainiko duen kontzertuarekin. ‘Martxa sinfonikoak’ izenburupean, udal-bandak herritarrentzat oso ezagunak diren Izarretako Gerra filmeko martxa inperiala eta Indiana Jonesen martxa interpretatuko ditu, eta horiei gehituko zaie iaz Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren ospakizunerako espresuki konposatutako ‘Pribilegioak elkartua’ martxa.
Gainera, larunbatean, 20:00etan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak hartuko die musikaren lekukoa, Perry So titularraren zuzendaritzapean, Gazteluko Plazan. Aukeratutako errepertorio horretan, besteak beste, Johann Strauss Jr-ren Enperadorearen balsa, Fernando Remacharen Larrain dantza eta Giochino Rossiniren Guillermo Tell-en obertura entzunen dira.
Erdi Aroko azoka, erraldoiak eta Hiri Gorpuztuaren desfilea
Asteburu honetan musika-emanaldiek garrantzi handia izanen badute ere, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunak ez ditu egun honetan jada ohikoak diren beste ekitaldi batzuk alde batera utziko. Hori horrela, ez da faltako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, ez eta Karlos III.a Noblearen mausoleoaren aurrean lore-eskaintza bat egiteko Udalbatzak Hiri Gorpuztuan egin ohi duen desfilea, edo Alde Zaharreko kaleetan egin ohi den Erdi Aroko azoka ere.
Hain zuzen ere, azoka txikiak emanen die hasiera ospakizunei ostiral arratsaldean. 17:00etatik aurrera, Iruñeko erdialdeko kale nagusietan txokolate-, pasta-, likore-, ezti-, infusio-, hestebete-, bisuteria-, zilargintza-, beira-, zur-, larru- eta artile-postuak izanen dira, besteak beste. Tokiko Produktuen Elkartearen eskutik, ehun postu baino gehiago jarriko dituzte Mercaderes kalean, Udaletxe plazan, Kale Berrian, Kontseiluko plazan, San Frantzisko plazan, Eslava kalean eta Kale Nagusian.
Ostiralean arratsaldez bakarrik irekiko dituzten arren, larunbatean eta igandean postu horiek guztiak 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egonen dira zabalik. Produktuak dastatu eta erosteaz gain, hainbat artisauk horiek nola lantzen dituzten ere ikusi ahal izanen da.
Postuek eta merkatarien janzkerak Erdi Aroko kutsua izanen dute herritarrak Batasunaren Pribilegioa sinatu zen garaietara –XV: mendera– eramateko.
Igandea, egun handia
Hala ere, igandean –irailaren 8an– izanen da ospakizunaren egun handia, egun horretan aldarrikatu baitzen ordura arte elkarrengandik urrun eta elkarren aurka zeuden hiru burguen batasuna. Egun horretan, arratsaldean pilatuko dira ekitaldirik jendetsuenak; izan ere, uztailaren 14az geroztik kalera irten gabe dagoen Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa kalerik kale ibiliko baita berriro ere. Heldu eta haurrek 17:00etan izanen dute hitzordua, autobus-geltokian.
Behin kalean, erraldoi, kiliki eta buruhandiek Bake plaza, Yanguas y Miranda k., García Ximenez k. eta Tutera k., Vínculo plaza, Sarasate pasealekua, Comedias k. eta Zapatería kalea zeharkatuko dituzte, Udaletxe plazara iritsi arte. Bertan, Udalbatza batuko zaie eta 17:45ean, Hiri Gorpuztuan, katedralerantz abiatuko dira, 18:45ean Karlos III.a Noblearen mausoleoaren aurrean lore-eskaintza eta errespontsua egiteko.
Katedral barruko ekitaldien ondoren, 19:00ak aldera, Udalbatza, Hiri Gorpuztuan, Udaletxera itzuliko da, eta bertan Duguna Iruñeko Dantzariak dantza-taldeak hiriaren omenez dantzatuko du. Erraldoiak eta buruhandiak Zapatería kalea, Comedias kalea, Sarasate pasealekua, Vínculo plaza, Tutera kalea, Oliveto Kondearen etorbidea eta Bake plazan barrena dantza eginez itzuliko dira autobus-geltokira.
Iruñeko Udalak 60.000 euro inguru bideratuko ditu Pribilegioa ospatzeko ekitaldiak ordaintzeko.
BATASUNAREN PRIBILEGIOA OSPATZEKO EKITALDIAK
- Irailak 6, ostirala
- Erdi Aroko azoka, 17:00 – 21:00
- La Pamplonesaren kontzertua, 20:00etan, Gazteluko plazan
- Erdi Aroko azoka, 17:00 – 21:00
- Irailak 7, larunbata
- Erdi Aroko azoka: 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00
- Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua, 20:00etan, Gazteluko plazan
- Erdi Aroko azoka: 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00
- Irailak 8, igandea
- Erdi Aroko azoka, 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00
- Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, 17:00etan, autobus-geltokitik. Ibilbidea: Bake plaza, Yanguas y Miranda k., Gartzia Ximenez k., Tutera k., Vínculo plaza, Sarasate pasealekua, Comedias k., Zapatería k. eta Udaletxe plaza
- Udalbatzaren desfilea Hiri Gorpuztuan, Udaletxetik, 17:45ean Ibilbidea: San Saturnino k., Kale Nagusia, Eslava k., San Frantzisko plaza, Kontseiluko plaza, Zapatería k., Calceteros k., Mercaderes k. eta Curia kalea
- Lore-eskaintza eta errespontsua Karlos III.aren mausoleoaren aurrean, 18:45ean, Katedralean
- Desfilearen itzulera katedraletik Udaletxera, 19:00etan, eta dantzak hiriaren omenez, 19:20an
- El Columpio Asesino musika-taldearen kontzertua, 20:00etan, Gazteluko plazan
- Erdi Aroko azoka, 10:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00