Ekitaldi ofizialak, herritarrendako hitzorduak, droneak, birsortze historikoa, kontzertuak, DJak, erakusketak eta hitzaldiak, hiri modernoaren 600. urteurrena ospatzeko programan

Ekitaldi ofizialak, herritarrendako hitzorduak, droneak, birsortze historikoa, kontzertuak, DJak, erakusketak eta hitzaldiak, hiri modernoaren 600. urteurrena ospatzeko programan
Irailaren 1etik 10era bitartean luzatuko dira Iruñeko Udalak herritar guztiendako eta hainbat agertokitarako dituen proposamenak
Fitxategi
logo


600 urte dira Iruña, hiri moderno gisa eratu zela, Karlos III.a Nobleak 1423ko irailaren 8an emandako sorrera-gutunari esker, Erdi Aroko burguak erakunde bakar batean batuta. Aurten, Iruñeak sei mende eginen ditu erakunde bakar batean, entseina komun baten pean eta ordezkaritza bateratu batekin bizitzen, eta Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenarekin ospatuko du. Eta ‘Iruñeko Hiri Txit Prestua’ sortu zeneko inguruabarrak gogoratu eta ulertzeko eta egindako bidea ikusi ahal izateko, Udalak, hasierako ‘jureria’ haren oinordekoak, ekitaldi-programa zabala prestatu du adin eta gustu guztietako herritarrendako. Felipe VI.a eta Letizia errege-erreginek hilaren 8an bertan Udaletxera egingo duten bisitak ekitaldiaren garrantzia berretsiko du.

Gaur emanen zaie hasiera jarduerei, lotura hori sinbolizatzen duen Udaletxera bisita gidatuak eginez: 1.050 plaza bete dira dagoeneko, irailaren 7ra arte gaztelaniaz eta euskaraz eginen diren 42 bisita gidatutan. Bisita horiek, herritarren artean beti harrera ona izaten dute, eta tradizioari jarraiki urtero egin ohi den hitzordua dira, baina 2023an jarduera-proposamenak urteurrena bera bezain berezia izan nahi du. 

Gaur goizean, Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak, gaurtik irailaren 10era (igandea) bitartean eginen diren 100 proposamenak aurkeztu ditu. Azpimarratzekoa da ospakizuna testuinguruan kokatzeko egin den ahalegina, honako hauen bidez: hitzaldi eta aisialdi historikoko jarduerak; garaiko partituretan oinarritutako musika saioak, kontzertuak, esgrima historikoko lantegiak eta erakustaldiak; Erdi Aroko burguei eta haien garapenari eta ondareari buruzko bisita gidatu informatiboak, eta Iruñeko Udal Artxibotik (IUA) ekarrita, hiriaren sorrerarekin lotutako dokumentu eta lan artistikoen erakusketa. 

Udalak, bere proposamenekin, herritarrek ospakizun honetan parte har dezaten nahi du, irailaren 8an bertan publiko gisa pare hartuz, Udalbatzak udal-boterea ordezkatuz eta Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonia, Ohore eta Goraipamenen Erregelamenduan jasota dagoen Hiri Gorpuztuaren segizioaren ekitaldi instituzionalean, izan ere, berriki Interes Kulturaleko Ondasun inmaterial izendatu baitute. Egun horretan, gainera, udal-boterearen gune nagusian bertan, Pribilegioaren sinadura birsortuko dute.

Era berean, solemneak izanen dira Karlos III.aren mausoleoaren aurrean eginen diren errespontsuaren eta lore-eskaintzaren ekitaldia, edo Borja Barrajón Acedoren ‘1423’ eskultura monumentalaren inaugurazioa, lan hori izan baita Iruñea Hiria Hiri Eskulturaren Nazioarteko I. Lehiaketaren irabazlea.

Artelan horrek Batasunaren Pribilegioak ekarri zuen integrazioa islatu nahi du, eta kontzeptu artistiko garaikide batetik egiten du, espiritu berari eusten diote gaur egun bizirik dirauten iraganeko aztarnak ikertzeko programatu diren kontzertu batzuk edo DJ saio luze baten programazioak. Etorkizunera begirako historiaren proiekzio hori Iruñean lehen aldiz programatu den aireko ikuskizun batean ere ageri da. Ikuskizun horretan, 200 dronek hiriaren erdigunearen gainean hegan eginen dute, Iruñearen jatorriari buruzko esperientzia murgiltzaile baten bila. 

Digitalizazioak, XXI. mendeko zeinu horrek, bere lekua izanen du 3Dko garapen batean ere, Iruñeko Udal Artxiboko irudien bidez hiriko espazio eta txokoen bilakaera alderatzeko aukera emanen baitu. Udalaren webgunean ere eskura egonen da Bisita birtuala Udaletxera. Bi web garapen horietan, informazio bisualaz gain, aplikazioak datuak eta xehetasunak lortzeko aukera emanen die bertan nabigatzen dutenei, esperientzia osatzeko.

Ekitaldi horietako asko gailu mugikorren bidez jarraitu ahal izanen dira Udalak sare sozialetan dituen profiletan, Instagrameko zuzenekoetan eta Facebookeko eta Twitterreko post eta txioetan. Udalak sareetan dituen profiletan zein www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.eswebguneetan, eskuragarri egonen da ekitaldiei buruzko informazioa, omenaldi honi lotutako hitzordu guztien agenda osoaz gain. Gainera, Udalak webgunean deskargatzen ahalko den informazio-triptiko baten 3.000 ale argitaratu ditu paperean, eta oroitzapenezko bideo bat egin du. 

Hiriaren jaiotzak bere ‘irudi korporatiboa’ izan bazuen ere Karlos III.ak bere egungo armarria eta bandera ezarrita, Udalak ikur beraren azpian txertatu nahi izan ditu 600. urteurrena ospatzeko ekitaldiak: elkarren artean elkargune bat sortzen duten hiru zifra dituen urre koloreko logotipo bat. Logotipo hori Pribilegioarekin lotutako argitalpen guztietan agertuko da. 

Eta beste urte batzuetako ohituren jarraipen gisa, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta eta La Pamplonesa musika-bandak ere festan parte hartuko dute, 120 postuez osatuko artisau-produktuen Erdi Aroko azoka bat eginen da eta haurrendako hainbat jarduera, Batasunaren pribilegioa eta Erdi Aroa ardatz hartuta: lantegiak, ipuin kontalariak, ihes-joko saioak, etab. Ostalaritzako saltoki eta establezimenduek bat egin nahi izan dute ospakizunarekin, eta Iruñeko Alde Zaharra Elkartearen eta ANAPEHren bitartez, hogei bat ostalaritza-establezimendutan dastatu ahal izanen den mendeurreneko pintxoa eskainiko dute. Era berean, Alde Zaharra Elkarteak deskontuak eskainiko ditu Alde Zaharreko saltokietan erostea sustatzeko.

Irailaren 8a: Batasunaren Pribilegioaren eguna
Urte luzeetako liskar gogorren ondoren, liskar armatuak ere barne, Erdi Aroko hiru udal-jurisdikzioek (Nabarerria hiriak, San Zernin burguak eta San Nikolas biziguneak), entitate bakar batean bat egin zuteneko ituna da Batasunaren Pribilegioa. Karlos III.a Noblea erregeak, 1423ko irailaren 8an, hiri modernoaren sorrera-gutuna izango zena eman zuen, egungo Iruñearen lehen ernamuina.

Ordura arte, entitate bakoitzak osaera demografiko desberdina zuen, bere eremua harresituta zuen eta bere bandera eta gobernu-sistema propioak zituen. Pribilegioak, besteak beste, hiria gobernatzeko sistema berri bat arautu zuen, haren sinboloak (bandera eta armak), eta Udaletxea hiru jurisdikzioak banatzen zituen trokartean kokatzea erabaki zuen, batasunaren sinbolo gisa.

Nafarroako Errege Kontseiluaren 1618ko abenduaren 17ko erabakiaren bidez, Batasunaren Pribilegioa lehen aldiz inprimatu zen, berrehun aletan, Iruñeko biztanle guztiek ezagutu zezaten. Jatorrizko pergaminoak, bi metro inguruko luzera eta hogeita bederatzi kapitulu ditu, nafar erromantzez eta eskuz idatziak, eta azkenak Pribilegioaren errege-zina aipatzen du, betiereko Forutzat hartuz. Dokumentua argizari berdezko bi zigiluz baliozkotuta dago, biak ala biak erregearen eta hiriaren ‘zigilu nagusiak’.

Pribilegioaren jatorrizko bi ale daude Iruñeko Udal Artxiboan, eta horietako bat urtero jartzen da ikusgai, hura eman izana oroitzeko egiten diren bisita gidatuetan. Dokumentu honen beste bi ale ere badira, jatorrizkoak horiek ere, bata Nafarroako Artxibo Nagusian eta bestea Katedraleko Artxiboan.

GUNEAK ETA PARTE-HARTZAILEAK
AGERTOKIAK

•    Udaletxe plaza (birsortze historikoa)
•    Udaletxea (bisita gidatuak)
•    Gazteluko plaza (kontzertuak, DJak, eskulturaren inaugurazioa)
•    Ziudadela (hitzaldiak eta birsortze historikoak)
•    Barbazan Apezkipuaren ingurabidea (kanpamentuak eta birsortze historikoko lantegiak)
•    Guadalupeko bastioia (birsortze historikoa)
•    Kondestablearen jauregia (esgrima historikoko erakusketa, erakustaldia eta lantegiak, haurrendako saioak, ipuin-kontalariak eta ipuin-kantariak)
•    Alde Zaharreko kaleak (Hiri Gorpuztuaren segizioa, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, bisita gidatuak, Erdi Aroko azoka)
•    Iruñeko zerua / Autobus Geltokiko zelaigunea (drone-ikuskizuna)
•    Katedrala (kontzertua, errespontsua, birsortze historikoko saioa)
PARTE-HARTZAILEAK
KONTZERTUAK

•    Ensemble Merveill
•    Uqbarnag Ensemble
•    Suakai
•    La Pamplonesa
•    Nafarroako Orkestra Sinfonikoa
•    Musas y Fusas
•    DJak
BIRSORTZE HISTORIKOA
•    Corvus Nafarroako Esgrima Historikoko elkartea
•    Zaragozako Unibertsitateko birsortze historikoko taldeak
•    Historica Vestimentum
•    Héroes Legendarios Reenactment
•    Jousting Iberia
•    Ricardo Vicente Placed (kaligrafoa)
GIDARIAK
•    Ana Ulargui eta Aitziber Imizcoz 
ERDI AROKO AZOKA
•    Tokiko produktuen Elkartea
HAURRENDAKO JARDUERAK
•    Tea en la Azotea
•    Kokea
BESTE BATZUK
•    Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien konpartsa
•    Iruñeko Udal Artxiboa
•    UMILES Enterteinment
•    Errea Komunikazio Estudioa

¿Te ha sido útil esta página?