Ekhi Rojo, Beñat Astiz eta Saioa Alkaiza dira Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketaren irabazleak

Ekhi Rojo, Beñat Astiz eta Saioa Alkaiza dira Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketaren irabazleak
Saridunen zerrendan Ibai Letona, Bittori Elizalde, Erika Lagoma eta Eneko Fernández ere badaude
Persona escribiendo

 

Ekhi Rojo Rodríguez, Beñat Astiz Isasi eta Saioa Alkaiza Guallar izan dira irabazleak Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketaren hiru kategorietan, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak antolatu duten bertso idatzien literatura-lehiaketan (bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoak). 24 lan aurkeztu zituzten lehiaketara (2, A kategorian; 5, B kategorian, eta 17, C kategorian).

A kategorian 2007an edo ondoren jaiotakoek parte har zezaketen. Ekhi Rojok 150 euroko kultura-bonua irabazi du, eta Ibai Letona Garaikoetxeak bigarren saria, 100 euroko kultura-bonua. Ekhi Rojok ‘Garai arraro hauetan’ lana aurkeztu zuen, pandemiak eguneroko bizitzan eragin dituen aldaketei buruzko bertso-sorta.

B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoei zuzenduta (biak barne), Beñat Astiz Isasik lortu du lehen saria, eta Bittori Elizalde Sotok bigarren eta hirugarren saria. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro. A kategorian bezala, egile bakoitzak gehienez ere hiru lan aurkezten ahal zituen. Beñat Astizen ‘Pieza akatsduna’ lana saritua izan da bertso-sorta sinesgarri eta bikaina izateagatik, eta epaimahaiaren hitzetan “gaia ongi jorratu” duelako.

C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lehen saria 1.500 euro da; bigarrena, 1.000 euro, eta hirugarrena, 500 euro. Saioa Alkaiza Guallar, Erika Lagoma Pombar eta Eneko Fernández Maritxalar izan dira irabazleak, hurrenez hurren. ‘Hiru pena mota’ lanak lehen saria jaso du “hiru istorio aurkezten dituelako egitura ausart eta original baten bidez, zeinetan aipagarria baita hainbat gai modu oso sinesgarrian jorratzeko gaitasuna”.

Epaimahaia Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatu du, eta bertan aritu dira Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea eta Sustrai Colina. Sari-banaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen duten Bertsoaroa zikloan izanen da, 2020ko azaroan.