Ekainean hasiko dira San Frantzisko eskolako gimnasio berria egiteko obrak, eta komunak berritu edo leihoak aldatuko dituzte beste bost eskolatan

Ekainean hasiko dira San Frantzisko eskolako gimnasio berria egiteko obrak, eta komunak berritu edo leihoak aldatuko dituzte beste bost eskolatan
Tokiko Gobernu Batzarrak lan horietarako kontratuak esleitu ditu, guztira ia 750.000 euroko inbertsioa ikastetxeetan
imagen

 

Iruñeko Udalak obrak abiatuko ditu Haur eta Lehen Hezkuntzako sei ikastetxetan ekainean, ikasturtea amaitu eta gero. San Frantzisko eskolan gimnasio bat eraikiko da; Hegoalde, Amaiur eta Sanduzelain komunak berritu, eta Iturraman eta García Galdeanon leihoak aldatuko dira.

Tokiko Gobernu Batzarrak hiru kontraturen esleipena onetsi du, guztira ia 750.000 euro, obra horiek egiteko. Horiei gehituko zaie pasa den astean San Juan de la Cadena ikastetxeko jantokia handitzeko kontratua, 186.327,90 euroan; horrek guztira 936.000 euroko inbertsioa egiten du urtean ikastetxeetan. Jarduketa horiek guztiak udan zehar eginen dira, eta aurreikuspenen arabera lanak ia amaituta egonen dira datorren ikasturte hasierarako.

Gimnasio berria patioaren estalkia aprobetxatuz

San Frantzisko eskolako gimnasio berria patioan eraikiko da, bertan estalkia jartzeko 2018an egindako lanen barruan. Erki Construcción Sostenible, SL enpresari esleitu zaio kontratua, 186.095,05 euroan, hau da, 200.522,58 euro jotzen zuen lizitazio-prezioa baino % 7,2 gutxiagoan. Estalkiaren pieza nagusia eraikin-zubi moduan egin zen, eraikinaren beheko solairuari dagokion altuera guztiz liberatuz. Pieza hori lehen solairuaren altuera berarekin garatu zen, eta nahiz eta forman zein materialetan gainontzekoekin alderatuta desberdina izan, bolumetrikoki patio karratu moduan eratu zen.

Estalkiaren espazio horretan ez ezik, patiorako bi sarbideetan eta San Frantzisko kaleko aldean lehen solairuan dauden bi komun multzotan ere jardun behar da. Komun horietako ontziak murriztuko dira bi solairuetan. Beheko solairuan komunak pixka bat murriztuko dira gimnasiora bide nagusietatik sartu ahal izateko. Goiko solairuko komuna neurri handiagoan murriztuko da, instalazio-gela bat jarri behar delako, bertan proiekturako beharrezko aireztatze- eta berogailu-elementuak paratze aldera.

Komun berriak datorren ikasturterako

Sanduzelai IPek eta Hegoalde eta Amaiur ikastolek datorren ikasturtean zaharberritutako komunak estreinatuko dituzte ikastetxeko hainbat solairutan. Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak astelehenean onetsi zuen lan horiek egiteko kontratuaren esleipena. Kontratua hiru lotetan banatu da, bat ikastetxe bakoitzeko, guztira 291.180,05 euroko inbertsioa.

Sanduzelai IPko obretan lehen solairuko komunak zaharberrituko dituzte. Lehen solairuko komunetako alikatatuak eta zoladurak, komun-ontziak, luminariak eta mekanismo elektrikoak kenduko dira, eta kanpoko arotzerien ordez aluminiozko leihoak paratuko dira, zubi termikoaren hausturaz eta kristal bikoitzaz. 83.665,05 euro inbertituko dira, lizitazioaren 90.716,89 euroetatik % 7,8 gutxiago. Lanak Belate Servicios Integrales SL-ek eginen ditu.

Hegoalde Ikastolan eraikin zaharreneko beheko eta lehen solairuan dauden komunen espazioak birbanatuko dira. Gaur egun, komun-gune bakoitza gutxi gorabehera simetrikoak diren bi gelatan banatuta dago. Eraberritzearen bidez gune bakar batean batuko dira, eta bertan leku bat erreserbatuko da komun egokitu bat egiteko. Amaiur Ikastolan, ikastetxeko komunen eraberritzearen bigarren faseari helduko zaio: eraikinaren iparreko aldean dauden komunei eraginen die, beheko solairuan eta lehen solairuan daudenei. Ikasleendako bi komun sortuko dira, gaur egun irakasleendako komun txiki batek eta ikasleendako beste batek okupatzen duten espazioa birbanatuz.

Hegoaldeko eta Amaiurreko obren bi loteak Baluarte RYM SL enpresari esleitu zaizkio, 136.125 eta 71.390 euroan, lizitazio-prezioa baino % 4,6 eta % 12 gutxiago, hurrenez hurren. Hegoaldeko eta Amaiurreko komunak eraberritzeko lanek aldaketak barne hartzen dituzte alikatatuetan, zoladuretan, komun-ontzietan eta argiztapenean, eta doikuntzak iturgintza-lanetan, saneamenduan eta arotzerietan.

Leihoak eta kanpoko arotzeriak aldatzea

Halaber, Iturrama eta García Galdeano ikastetxeek leihoak estreinatuko dituzte datorren ikasturtean. Bi lotetan banatutako kontratua 156.090 euroan esleitu da, lizitazio-prezioa baino % 2,8 gutxiago, Iturramako lanetan, eta 116.093,45 euroan, lizitazio-prezioa baino % 7,8 gutxiago, García Galdeanon egin beharreko lanetan. Obrak Baluarte RYM SLek eta Aguaser Sum. y Serviciosek eginen dituzte, hurrenez hurren.

Kanpoko arotzerien ordez (pertsianak eta sarrailak barne) aluminiozko arotzeria berriak paratuko dira, kristal bikoitzaz eta pertsianak barne. Iturrama IPko ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetako leihoak aldatuko dira, eta García Galdeano IPko lehen solairukoak. Jarduketa honen bidez, ikastetxe horien inguratzailearen elementu batzuen parte bat birgaitu nahi da, baldintza termikoak, bizigarritasunekoak eta erabilerakoak hobetzeko.

¿Te ha sido útil esta página?