Ekainaren 9an argitaratuko dira Iruñeko haur-eskola publikoetako behin betiko onartuen zerrendak

Ekainaren 9an argitaratuko dira Iruñeko haur-eskola publikoetako behin betiko onartuen zerrendak
Erreklamazioak familiek aurkeztutako edo Administrazio Publikoetatik eskuratutako agiri berriak kontuan hartuta ebatziko dira
escuela infantil lezkairu


Iruñeko haur-eskola publikoetako onartuen behin betiko zerrendak ekainaren 9an (ostirala) argitaratuko dira, behin-behineko zerrendetarako aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren. Zerrendak hemen kontsultatzen ahalko dira: Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako webgunean, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaitzen duen webgunean, navarra.es atariko izapideen katalogoan eta eskainitako ikastetxe bakoitzean, hala Udalaren titulartasunekoetan nola Nafarroko Gobernukoetan. Matrikula egiteko epea 2023ko ekainaren 9tik 16ra izanen da, biak barne.


Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren zentroak barne hartzen dituen Iruñeko Haur Eskola Publikoen Sareak 0 eta 3 urte bitarteko haurren 1.574 behin-behineko izen-emate jaso ditu datorren ikasturterako. Horietatik guztietatik, % 86,5 (1.362) Udalaren titulartasuneko eskoletarako ziren eta % 13,5 (212) Foru Gobernukoetarako.

Onartuen behin-behineko zerrendak maiatzaren 9an argitaratu ziren, eta erreklamazioak egiteko epean 375 aurkeztu ziren. Kopuru hori oso handia da kontuan hartuta aurreko urteetan askoz gutxiago izan zirela: 2022an 69 izan ziren, hain zuzen ere. Gehienak Gizarte Segurantzan alta emateko agirien aurkezpenari buruzkoak ziren. 375 erreklamazioak aztertzeko orduan zorroztasun juridikoa bermatzeko behin betiko zerrendak beranduago argitaratu eta matrikula egiteko epea atzeratu zen. Ekainaren 9an argitaratuko diren behin betiko zerrenden aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoak jartzeko aukera izanen dute onarpen-eskaeretan lehenengo plaza eskatu duten haur-eskolaren entitate titularraren aurka.


Azken asteotan, Hezkuntza Departamentua eta Iruñeko Udala lanean aritu dira erreklamazioak ebazteko irizpide komun bat adosten saiatzeko, bi administrazioen zerbitzu juridikoek egindako txostenak erabat aurkakoak baitziren. 


Azkenik, Hezkuntza Departamentuak eta Iruñeko Udalak erabaki dute erreklamazioak ebazteko Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko Zuzendaritzak adierazitako irizpidea erabiltzea, erreklamazio gehienak Iruñeko Udalaren titulartasuneko haur-eskoletako plazen eskaerei lotuta daudelako (erreklamazioen % 95, gutxi gorabehera), eta Iruñeko haur-eskoletan sartzeko berdintasun-printzipioa bermatuko duen irizpide bakar bat izan behar delako.


Araudiak aurreikusitako balorazio-batzordea arduratuko da aurkeztutako erreklamazioak ebazteaz, eta familiek erreklamazio aldian aurkeztutako agiriak edo zuzenean Administrazio Publikoetatik eskuratutako agiriak kontuan hartuko ditu. 


tabla que recoge los plazos de escuelas infantiles

¿Te ha sido útil esta página?