Ekainaren 2an, igandearekin, Iruñeak lasterka egingo du minbiziari aurre egiteko dirua biltze aldera. Martxa solidarioaren VI. edizioa da, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) Nafarroako ordezkaritzak urtero antolatzen duen hitzordua, herritarrak herri-lasterketan engaiatzeko, Ziudadelatik abiatuta Sarasate pasealekuraino Iruñeko erdigunean osatuko den 5 km-ko ibilbidean. Lasterketa, guztiei irekita, jolas- eta kirol-izaerakoa da, ez lehiatzeko.
Gaur goizean aurkeztu dute Esther Cremaes Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkariak eta Francisco Arasanz Nafarroako AECC elkarteko lehendakariak, eta haiekin batera izan dira Ana Diez Caixabankeko Nafarroako lurralde-zuzendaria eta Javier Miranda Nafarroako Kutxa Fundazioko lehendakaria. Ekitaldian izan dira, baita ere, martxa bera eta helmugan antolatzen diren familiendako jarduerak egitea posible egiten duten enpresa babesleetako batzuk.
Korrikalariek edota korrika egitera atera ez baina dortsal bat erosita lagundu nahi duten kolektibo zein pertsona solidarioek gaurdanik eman dezakete izena VI. Martxan, Interneten bidez: www.rockthesport.com. Gainera, maiatzaren 20tik (astelehenarekin) ekainaren 1eko 14:00ak arte, izena aurrez aurre eman ahalko da kirolei eskainitako El Corte Ingléseko solairuan, merkataritza-ordutegian. Izena emateko prezioa 6 euro da.
Hitzordu honen bitartez eskuratzen diren baliabideak minbiziari buruzko ikerketara bideratuko dira oso-osorik, ikerketa gakoa baita gaixotasun horri aurre egiteko. Urtero Nafarroak minbizi inbaditzaileak jotako 3.400 bat biztanleren kasu berriak erregistratzen ditu, melanoma ez diren azal-minbizia horretatik kanpo utzita. Diagnostiko berri horien % 59 gizonengan egiten dira, batez beste 68 urte dituztela, eta % 41 emakumeengan, batez beste 66 urte dituztela. Foru Erkidegoan birika-minbizia da heriotza goiztiarraren eragile nagusia, hots, 75 urte bete aurretik gertatzen denarena.. Osasun-datuen arabera, minbiziak Nafarroan duen eragina Espainian zenbatetsiaren antzekoa da: gizonengan, 100.000 biztanleko 341 kasu; eta emakumeengan, 100.000 biztanleko 208 kasu. 2017an Nafarroan 1.586 pertsona hil ziren minbiziak jota, eta horietako % 61 gizonak ziren.
Francisco Arasanzek esan duenez, 2018an Iruñeko eta Tuterako martxetan Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Nafarroako ordezkaritzak 69.500 euro bildu zituen ikerketarako, bai martxetan parte hartu zutenengandik bai enpresetatik. Proiektu honi eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak edo hirugarrenen batek antolatutako beste ekintza batzuei esker, Nafarroako ordezkaritzak David Escors doktoreak Navarrabiomeden egindako ikerketa proiektuaren bigarren urtea finantzatu ahal izan zuen (proiektua 300.000 eurokoa da, hiru urterako), eta doktoratu aurreko bi beka. 2019rako, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Nafarroako ordezkaritzak proiektu horiekin eta beste batzuekin jarraitzeko 200.000 euro baino gehiago bideratzea aurreikusi du; eta Iruñeko martxa garrantzitsua da helburu hori lortzeko.
Berritasuna: enpresetarako dortsalak
Minbiziari aurre egiteko ikerketaren aldeko VI. Martxa solidarioa 11:00etan abiatuko da ekainaren 2an, igandearekin, Ziudadelatik. Kirolari eta korrikalariak abiatuko dira lehenengo, eta gero, gainerako parte-hartzaileak, nork bere erritmoan osatzeko ibilbideko bost kilometroak hiriko Alde Zaharrean barna: Taconera parkea, Kale Nagusia, Udaletxe plaza, Estafeta eta Ahumada Dukearen kalea, Gazteluko plaza eta Sarasate pasealekua.
Burlatako Hiru Herri klubeko arduradunak izango dira probaren zuzendari teknikoak, eta Asvona eta Gurutze Gorriko boluntarioek laguntza emango dute martxa garatu bitarte, gertatzen ahal diren jazoerei arta emateko, anbulantzia-zerbitzuaz hornituta, babes-neurri gisa. Lasterketa amaitzean, jende ororendako jarduerak egongo dira, Sarasate pasealekuan.
Aurten, berritasun gisa, enpresek dortsalak erosi ahal dituzte beren langileentzat; eta martxaren egunean diploma bat emango zaie gutxienez 50 langileren izena eman duten enpresei.
Lehiaketa-izaera ez duen arren, urtero legez, sariak egongo dira. 30etik gora elkarte, organismo eta enpresaren laguntzari esker, parte hartzen duten lagunen 300ek gutxienez beste hainbeste opari eta sari eskuratzen ahalko dituzte martxa amaitutakoan, erabilera eta balio desberdinetakoak guztiak, baina kasu guztietan, solidarioak. Izan ere, dortsal-zenbakiei zozketa bidez esleituko zaizkien dohaintza desinteresatuak dira, konpainia eta kolektibo laguntzaileek eginak. Saritutako dortsal-zenbakien zerrenda martxa amaitzean jakinaraziko da, horma-irudi handi batean, eta hor bertan jaso ahalko dira sariak. Gainera, bi garaikur emango dira: bata parte-hartzaile gazteenari eta bestea zaharrenari.
Denok minbiziaren aurka: guztion ahalegin soziala
Nafarroako AECCk, tankera honetako jardueren bitartez, minbiziari aurre egiteko dirua biltzeaz gain, sektore publiko zein pribatuaren, elkarteen eta hezkuntza- zein ikerketa-erakundeen indarrak batzearen beharra azpimarratu nahi du, hartara ahalegin globalak egiteko. Eta martxa honen diseinuak, hain zuzen, borroka globalaren ezaugarri hori islatzen du.
Iruñeko Udalak beharrezko diren baliabideekin laguntzen du martxan. Nafarroako Kutxa Fundazioa eta La Caixa Fundazioa ekitaldiaren babesle dira, haien gizarte-ekintza ildoen barruan. Kasu honetan, sentsibilizazioa bultzatzen dute; izan ere, bi fundazioek berariazko funtsak bideratzen dituzte Nafarroan ikerketa biomedikoa egiteko, honako gaixotasun hauek jorratzen dituzten esparruetan: neuroendekapenezko gaixotasunak, GIBa, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia. Horrez gain, beste erakunde batzuek ere laguntza ematen dute martxa egiteko, besteak beste, El Corte Inglés, M. Torres, Clínica Baviera, Farplus, Grupo Logístico Disayt, Frutos secos Plis Plas, Solán de Cabras, Eventos, eta abarrek.
Gaurko prentsaurrekoan, Ana Díezek, Caixabank-ek Nafarroan duen arduradunak, elkartea zoriondu du “urtez urte ekimena aurrera eramateagatik, jomuga harturik minbiziari aurre egiteko elkartasunaren eta elkarlanaren beharraz gizartea kontzientziatzea eta gaixotasunaren inguruko ikerketa sustatzea”. Javier Mirandaren hitzetan “Nafarroako Kutxa fundazioak Minbiziaren Aurkako Nafarroako Elkartearen ekimenarekin bat egiten du ikerketaren aldeko apustuan. Gure erakundeak iaz aurkeztu zuen Plan Estrategikoaren barruan, zientziaren eta ikerketaren aldeko apustua guk erronka gisa planteatu ditugun gai garrantzitsuetako bat da. Horregatik, martxa honen helburu nagusia, horretarako dirua biltzea, fundazioa garen aldetik dugun xedeari lotuta dago”.