Nafarroako Aldizkari Ofizialean gaur, ostegunean, argitaratu da Iruñeko Udalaren zerbitzura aritzeko Gizarteratzeko Goi Gailako 19 Teknikari-lanpostuoposizio-lehiaketa bidez beteko dituen deialdia. Eskaerak ekainaren 22a arte aurkeztu ahal dituzte interesdunek, eta izena emateko eskubide-tasa ordaindu behar dute, 15 eurokoa.
Deialdian honela jasotzen dira lanpostuak: 9 lanpostu txanda irekian, 9 igoera-txandan eta 2 desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandan. Lanpostuak funtzionario araubidekoak eta C mailakoak dira. Lanpostu horietarako izangaiek nazionalitate, adin eta gaitasun fisiko zein psikikoari buruzko baldintzak bete beharko dituzte, eta ezin izango dira egon eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik ego eginkizun-etenaldian. Gainera, honako titulu hauetakoren bat eduki behar dute: Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikaria, Gizarte Egokitzapeneko Teknikari Espezialista komunitaterako zerbitzuen adarrean, Gutxitu Psikikoen Hezitzaile Teknikari Espezialista osasun adarrean edo horien baliokide den titulu bat.
Igoera-txandako lanpostuetarako honako baldintza hauek ere bete behar dira: Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, C mailakoak edo beheragokoak izatea eta administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte. Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandarako, desgaitasuna % 33 edo gehiagoko graduan aitortuta izan beharko dute.
Lehiaketa-oposizioko faseak, merituak eta probak
Lehiaketa-oposizioa bi fasetan garatuko da, azarotik aurrera. Lehiaketa-aldia ez da baztertzailea izango, eta alegatutako merezimenduak baloratuko dira, izangaiek behar bezala egiaztatuak. Aintzat hartuko dira antzeko eginkizunetan emandako zerbitzuak, bai administrazio publikoetan bai kanpo-enpresatan emandakoak; zerikusia duten prestakuntza-ekintzetan parte hartu izana, hots, titulazio ofizialak edukitzea zein gizarteratze eta gizarte esku-hartzeari buruzko ikastaroetan parte hartu izana; eta hizkuntzen ezagupen egiaztatua, zehazki, euskara, ingelesa eta frantsesarena. Lehiaketan gehienez ere 15 puntuko balorazioa jaso ahalko da.
Oposizio-aldian hiru proba izango dira. Lehen ariketa teorikoa izango da; test moduko 100 galdera izango dira, gehienez; bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeratzeko, baina bat bakarra baliozkoa, eta okerrak zigortuko dira. Bazterturik geldituko dira proban gehienez ematen diren 25 puntuen erdira iristen ez diren izangaiak. Bigarren ariketa teoriko-praktikoa da; idatziz garatu eta ebatzi beharko dira deialdiaren eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz Epaimahaiak proposatutako galdera eta kasu praktikoak. 45 punturen gainean baloratuko da, eta gutxienez erdia lortzen dutenek gaindituko dute proba. Azkenik, egingo den hirugarren ariketa proba psikoteknikoak izango dira, eta izangaiek lanpostua betetzeko dituzten gaitasunak baloratuko dituzte. Gehienez, 15 puntuz baloratuko da, eta gutxienez erdia lortzen dutenek gaindituko dute proba.