Iruñeko Udalak Eguberrietarako prestatu duen kultur programazioak ‘Islak’ proposamen interaktibo berritzailea barne hartzen du, ordu erdiro emanaldiak eskainiko dituena abenduaren 27tik (astelehena) datorren urtarrilaren 9ra arte. Suakai nafar konpainiaren proposamen artistikoak era birtualean 350 musikari bitarte zuzentzeko aukera ematen duen mundu batean sarrarazten du ikuslea bere soinu-banda originala sor dezan. Bizipen hau talde txikitan eskaintzen da, horrexegatik beharrezkoa da sarrera erreserbatzea www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez.
‘‘Islak, zure abentura musikan’’ proposamenak musikaren arloko historiaren barruan kontzeptu bitxi batekin egiten du lan: obra bat sortzea eta konposatzea elkarreraginkortasunaren ikuspegitik. Hau da, sortu berri den obra honen bidez ikusleek dute ondoren zer entzungo den aukeratzeko ardura, ‘hautatu zeure abentura’ liburu ezagunen antzera. Esperientzia honen hasieratik eta musikaren munduarekin erlazionatutako zenbait istorioren bidez, entzulea, erabakiz-erabaki, 300 aldagai baino gehiagotatik pasa daiteke, estilo zeharo ezberdinetako ezin konta ahala amaieratan bukatzeko.
Entzierroaren Monumentuaren ondoan, Carlos III.aren etorbidean dagoen karpa batean, urtarrilaren 9ra arte eskainiko den instalazio honetan, bertaratuek, erdigunean jarrita entzuten ahal izanen dute musika originala, inguruan zein instalazioaren sabaian ezarritako hainbat bozgorailuren bidez, ‘Dolby Atmos’ edo musika inguratzaile sistemari esker. Proposamen honen aniztasun artistikoa musika estilo anitzetan agertzen da, zeinekin elkar eragin baitaiteke: soinu-bandak, musika klasikoa, abesbatzena, mariatxiak, txarangak, baita popa, rocka eta folka ere. Pantaila handi batek aukera emanen du parte hartu duten musika talde guztiak agertzen diren irudiak ikusteko. Parte-hartzailearen esku dagoen ukipen-pantaila batetik gida daiteke.
‘Islak’, elkarreraginezko proiektu ‘‘ezberdin, berritzaile eta oso ausarta’’
‘‘Islak, zure abentura musikan’’ Suakai konpainia nafarraren musika-proiektu interaktiboa da, Claudia Osés eta Iván Carmonak zuzendua, azken honen musika originalarekin. Proiektu hau gauzatzeko, oso estilo ezberdinetako eta Nafarroa osoko 350 musikari baino gehiagok hartu du parte, baita soinu, argiztapen, programazio eta ikus-entzunezkoen arloetako profesional talde zabal batek ere.
Suakai konpainia nafarra 2016an sortu zen artearen eta musikaren mundua berritzeko helburuarekin, espezializazioa bilatuz musika- eta eszena-ikuskizunen ekoizpenean, baita hainbat estilotako ikus-entzunezko ekoizpenetan ere. Konpainia honetako musikariak nazio mailan lehen lerroan dauden instrumentu-jotzaileak dira, eta talde ezberdinak osatzen dituzte ekoizpen bakoitzaren beharren arabera. 2020. urtean, zuzendarietako batek, Iván Carmonak, Nafarroako Gobernuak banatzen duen ‘‘Talentu Artistikoaren Sustapenaren saria 2020’’ jaso zuen, eta orduz geroztik hasi zen garatzen Eguberri hauetan Iruñean erakusten den egitasmoa, ‘‘ezberdina, berritzailea eta oso ausarta’’ den zerbaiten bila
Emanaldien egunak eta ordutegia:
- Abenduak 27, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Abenduak 28, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Abenduak 29, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Abenduak 30, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Abenduak 31, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 19:30
- Urtarrilak 1, 17:00 - 21:00
- Urtarrilak 2, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Urtarrilak 3, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Urtarrilak 4, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Urtarrilak 5, 10:00 - 15:00
- Urtarrilak 6, 17:00 - 21:00
- Urtarrilak 7, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Urtarrilak 8, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00
- Urtarrilak 9, 10:00 - 15:00 eta 16:00 - 21:00