Liburuaren 383 orrialdeetan Iruñeko Udalak hiriko saltoki zaharrenen ibilbidea bildu du. Zehazki, Comercios Centenarios de Pamplona (Iruñeko ehun urtetik gorako saltokiak) liburuan bildu du. Liburuak bidaia bat egiten du Iruñeko merkataritzaren historian eta ehun urtetik gorako ehun establezimendu baino gehiagotan barna. Argitalpenean mota guztietako 111 saltoki jasotzen dira. Saltoki horiek ehun urtez egon dira irekita, eta horietako batzuk are gehiago. Azken finean, isileko lan hori egiten dutenei omenaldi txiki bat egitea da helburua; izan ere, ezinbestekoak izan dira hiriaren eta herritarren bilakaerarako, eta establezimendu horiek familia askoren erreferente bihurtu dira.
Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako alorreko zinegotzi ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu du liburua, liburuaren egilearekin, merkataritzan aditua eta Iruñeko Alde Zaharreko merkatarien elkarteko gerentea den Carlos Albillo Torresekin batera, hain zuzen ere. Udalak enkargatu zuen liburu-dokumental hori egitea, ehun urteko establezimenduen mapaketa egin ahal izateko, eta zenbat eta zeintzuk diren, haien kokapena zein den eta zer saltzen duten jakiteko. Baina, saltokiak indexatzeaz gain, argitalpenaren helburua da tokiko merkataritza sustatu eta haren ospe ona aldarrikatzea.
Liburuaren hasieran Iruñeko merkataritzaren bilakaera historikoa jorratzen da. Ondoren, ehun urteko saltokiak zerrendatzen ditu tipologiaren arabera. 111 establezimendu dira guztira, eta horietatik 67k jardunean jarraitzen dute. Saltoki horien artean establezimendu hauek daude, besteak beste: elikadura- eta edari-saltokiak, drogeriak, lurrin-dendak, farmaziak, etxerako salgaien saltokiak, ostalaritza, arropaeta ehunen establezimenduak, zapata-dendak, eta baita optikak, bitxi-dendak, bazarrak, loradendak, arma-dendak eta argazki-estudioak ere. Horien guztien jatorriaren historia eta bilakaera jasotzen da liburuan, argazki askoz lagunduta; argazki horiek eskuratzeko ezinbestekoak izan dira Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eta Iruñeko Udal Artxiboaren, eta saltokien eta parte hartu duten jabeen arteko elkarlana.
Liburuko orrialdeen artean, Casa Manterolaren historia irakurtzen ahal da, 1810an ireki zen saltoki entzutetsua. Izan ere, Iruñean irekita dagoen establezimenduetatik zaharrena da, 224 urterekin. Beste asko XIX. mendearen erdialdean ireki zituzten eta oraindik zabalik daude. Horiek dira, besteak beste, Subiza Txokolateak, Donézar, Sagaseta altzariak, Principal kasinoa, Rouzaut optikak eta Gutiérrez. Azken horrek likidazioaren kartela eskegi du, ixteko.
Zerrendan hiriaren merkataritza-bizitzaren egunez egunekoan garrantzitsuak diren izenak nabarmentzen dira; besteak beste, Victor Idoate bitxi-denda (1964), Ayestarán (1870), Layana pastak (1871), La Mañueta txurro-denda, Irigaray burdindegia (1877), Pablo Goñi oinetakoak (1878) eta Gran Hotel la Perla (1881). Horiek guztiek ehun urte baino gehiago egon dira irekita. Halaber, beste saltoki batzuen bilakaera jasotzen da liburuan, nahiz eta horien kasuan saltokia itxi behar izan zuten, ohituretan eta gustuetan aldaketa gertatu zelako edo belaunaldi-aldaketarik ez zelako eman. Azken horien artean, liburuak ehun-saltokien berri ematen du, hala nola La Fama mertzeria (1904-2017), La Perla Vascongada (1898-2021), Unzu saltokiak (1838-2007); Casa Luna (1880-2000) eta Casa Arilla (1907-2021) musika-denden berri; eta baita taberna eta jatetxe, farmazia eta elikadura-saltoki mitikoen berri ere, besteak beste, Casa Atáun (1898-2020) edo Casa Casla (1904-2002).
Saltokien zerrenda jasotzeaz gain, liburuak xede du herritarrei eta bisitariei merkataritza-proposamen bereziak eta bereizgarriak eskaintzea, eta hurbileko merkataritza bizirik mantentzeak duen garrantzia helaraztea. Izan ere, mota horretako establezimenduak ezinbestekoak dira auzoen eta hirien bizitzan, kalitatezko eta ohiko produktuak eskaintzen dituztelako, eta merkatuaren eta produktuen ezagutza uztartzen dituztelako. Era berean, saltoki horiek ezagutzera emateak mahai gainean jartzen ditu denboraren poderioz jarraipena emateko eta belaunaldi-aldaketarako izan dituzten arazoak; hain zuzen ere, Udala ekintzaileak eta merkatariak laguntzeko eta konektatzeko programak sortzen ari da, besteak beste, Lekuko.
Argitalpena Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatu da, “Iruña askoz gehiago da” programaren barruan. Lehendabiziko edizio honetan, 775 ale argitaratu dira, 43.000 euroko gastuarekin. Liburuak ez daude salgai, liburutegietan kontsultatzen ahal dira eta saltoki kolaboratzaileen artean banatuko dira. Gainera, Eguberrietan aleak zozkatuko dira interesdunen artean. Arrakasta eta interesaren arabera, Udalak bigarren edizio bat inprimatzea baloratuko du, 2025ean salgai jartzeko.