Ehun jarduera kultural eta artistikok baino gehiagok osatzen dute Iruñeko Udalaren Eguberrietako programazioa

Ehun jarduera kultural eta artistikok baino gehiagok osatzen dute Iruñeko Udalaren Eguberrietako programazioa
Kontzertuak elizetan, musika kalean, familiendako ikuskizunak, arte- eta opari-lantegiak..., adin guztietako jendearendako programatutako jarduerak
Fitxategi
mercado navidad



Iruñeko Udalak ehun jarduera baino gehiago dituen Eguberrietako programazioa prestatu du, eta ostiralean hasiko da Nafarroako Erizaintza Fundazioaren pregoiarekin, Udaletxe plazan. Kontzertuak elizetan eta Baluarten, musika kalean, haur eta familiendako ikuskizunak, opari- eta sormen-lantegiak, Bestelako Argiak jaialdia, Eguberriko Azoka, monologoak eta beste hainbat hitzorduk osatzen dute era guztietako jendearendako programa. 

Halaber, bihar, ostiralean, hasiko da hiriko elizetako hamaika kontzerturen zikloa, 20:00etan, doan (Liguori abesbatza eta HelloCellorenak izan ezik), eta gainera, ordainpeko emanaldi bat egonen da Baluarten. Ostiralean Trío Fluencias taldearen emanaldia izanen da, San Agustin elizan; larunbatean, Meraki Ensemble, Aita Karmeldar Oinutsen elizan, eta igandean, Dúo Equilibrium Karmeldarren elizan ere. Astelehenean, hilak 19, 20:00etan, Iruñeko Sinfoniettaren kontzertua eginen da Baluarteko Ganbera Aretoan, eta sarrerak www.baluarte.com helbidean daude salgai. 

Eguberrien aurreko astean eginen dira San Fermin abesbatzaren, Trío Parnasusen, Paulino Otamendi orkestraren, Aizaga Ganbera abesbatzaren eta Olitense abesbatzaren eta haren bakarlarien kontzertuak, San Antonio elizan, San Fermin kaperan, Karmeldarren elizan eta Milagrosako elizan (Pauldarrak), hurrenez hurren. Zikloa urtearen azken astean amaituko da lau emanaldi gehiagorekin. Dúo Irañetak abenduaren 27an (asteartea) eskainiko du kontzertua San Saturnino elizan; Liguori abesbatzak, asteazkenean, San Ignazio elizan; HelloCellok, Juslarrocha Civivoxean, abenduaren 29an (osteguna), eta In Tempore abesbatzak, koruak eta ensembleak abenduaren 30ean (ostirala), Domingo Santuaren elizan.

Gabon-kanten ikasleen errondak atzo eman zion hasiera Musika Kalean zikloari, eta hogei musika talde, abesbatza eta fanfarrek alaituko dituzte hiriko auzoak, ia egunero, urtea amaitu arte. Besteak beste, Iruñeko Orfeoia, Gayarre Operaren Adiskideen Elkartea (AGAO), Andre Mariaren Auroroak, Joaquín Maya musika-eskola hainbat talde, Oberena abesbatza, Ezpelur gaita-jotzaileak, Sanduzelaiko gaita-jotzaileak, Txantreako gaita-jotzaileak, Chirimías ensemblea, Media Lina abesbatza, Zuperri Fanfarrea, Zarrabete gaita-jotzaileak, Gracia Navarra, Ecos eta Jesusen Bihotzaren parrokiako abesbatzaren emanaldiak egonen dira.

María García Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak aurkeztu du gaur goizean Eguberrietako programazioa; Udalak argitaratuko dituen 55.000 diptikoren bidez hedatuko da, zeinak hainbat tokitan banatuko dira, besteak beste, Eguberrietako azokan, Udaletxeko ezkaratzean eta Civivox sarean.

Bestelako Argiak Ziudadelan
Eguberriek Bestelako Argiak. Artea Mugimenduan jaialdiaren zazpigarren edizioa ekarriko dio herritarrei, eta Ziudadelan berriz ere hainbat bideo-sorkuntza erakutsiko dituzte, arte-lantegiak egiteaz gain. Abenduaren 16tik urtarrilaren 8ra VII. Zinetika jaialdian hautatutako lau laburmetraia emanen dira ordutegi jarraituan, 17:30etik 20:30era. Jaialdiak haurrei eta familiei zuzendutako sorkuntza artistikoko lantegiak antolatu ditu bi astez, Arma Aretoan, abenduaren 27tik 30era Kolore anitzeko izakiak askotariko unibertsotan titulupean eta urtarrilaren 2tik 4ra Paperezko arima duten istorioak lelopean. Izen-emateak, 010ean, saio eta pertsona bakoitzeko, 4 euroan.

Ziudadelako ikusizko proposamena Fermín Izcoren Köppö argi-instalazioarekin osatuko da, barruti gotortura sartzeko tuneletatik igarotzen direnekin elkarreragiten duten argi- eta kolore-jokoarekin. Gainera, Ziudadelako erakusketa-aretoek irekita jarraituko dute ohiko ordutegian, Eguberrietan ikusgai egonen diren erakusketekin, esaterako Mila García, Ghislaine Verano eta Oaia Peruarena artistenak eta Afrika behar-beharrezkoa (Barne oihua) eta Iruñeko Topaketak (1972 – 2022) (Topaketen ondoren) mugimenduenak.

Eguberriak Civivoxetan
Civivox sarea ere bat egin du Eguberrietako musika-proposamenekin, lau kontzertuekin Kondestablen. Ostiralean, hilak 23, Alaikapela gospel-abesbatzak abestuko du, asteartean, hilak 27, Armonia errondailak, asteazkenean, hilak 28, Ipar Doñua abesbatzak eta ostiralean, hilak 30, El Salvador errondaila eta abesbatzak. Lau kontzertuak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea da, leku guztiak bete arte.

Eguberriak eta emozioak Civivoxen lelopean musika eta antzerki ikuskizunak, ipuin-kontalariak, arte-lantegiak eta Legorekin lantegiak programatu dira. Abenduaren 23an (ostirala) La Canica Teatrok Chinchulina y el ruiseñor de la China antzeztuko du, zertxobait isila baina oso dantzaria den printzesa baten istorioa. El Pot Petit taldearen Las aventuras del león vergonzoso ikuskizunean, abenduaren 30ean, ikusleek bidaia dibertigarria eginen dute txotxongilo eta zuzeneko musikarekin, eta hainbat animalia ezagutuko dituzte.

Urte berrian, urtarrilaren 2rako (astelehena), Paula Olazek Zergatik dugu musika hain gogoko? lantegia proposatuko du, musikaren bidez emozioen mundura hurbiltzeko eta gaur egun musikari aplikatutako inteligentzia artifizialaren eginkizuna aztertzeko. Asteazkenean, hilak 4, Espiral Mágica taldeak Pigmentoren istorioa kontatuko digu, ikusleek Minimoniren mundua ezagutuko dute, margotzea biziki maite duen pertsonaia dibertigarri eta jolastia, eta haren galdera ezagutu: Zein koloretakoa da muxu bat? Lau ikuskizunak haur eta familiendako dira, 18:00etan, eta sarrera, 3 euroan. 

Gabon-gauean eta Urtezahar-gauean, hitzordua 12:00etan da Zabalguneko Civivoxean eta Milagrosako Civivoxean, hurrenez hurren, emozioen eta beldurren inguruko ipuin-kontalarien saioekin. Emozioak, hain zuzen, izanen dira protagonista urtarrilaren 3an eta 4an aurreikusten diren arte-lantegietan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrendako, Mendillorriko eta Milagrosako Civivoxetan. Izena emateko prezioa 2 eurokoa da. Abenduaren 27tik 31ra bitarteko Lego lantegietako tokiak beteta dute, abendu eta urtarrileko Civivox sareko programazioarekin batera hedatu baitira. 

Gaztediaren Etxea, jostailuen elkar trukea Ingurumen Hezkuntzako Museoan... 
Gaztediaren Etxeak ere hogeiren bat jarduera proposatu ditu Eguberrietarako. Ez dira falta koste baxuko opari sortzaileak egiteko proposamenak, ‘buy – nothing’ doako lantegiaren beste saio batean. 22tik 30era, 19:00etan, prestatu ahal izanen dira kolonia-ura, ezpainetako baltsamoa, erretxinazko bitxiak, opari kutxa bat, brodatutako koadro bat edo pertsonalizatutako diru-zorro bat. Datorren astean eginen da Eguberriko sukaldaritza merke eta osasungarriaren lantegia, hiru saiorekin, sarrerakoak, lehen platerak eta azkenburukoak prestatzeko. Toki guztiak beteta daude dagoeneko. 

Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko Saxofoien Ensenblearen kontzertua abenduaren 20an,  udazkeneko ikastaroetako parte-hartzaileen dantza erakustaldia 22an, bi bakarrizketa Joseba eta Mikel Bermejoren eskutik 23an eta 30ean eta Teatros mágicos gazte-elkartearen saio bat 28an; horrela osatuko da Gaztediaren Etxeko Eguberrietako eskaintza. Gainera, urtarrilean, 12 eta 20 urte bitarteko gazteendako Rocket League bideojokoaren lehiaketa, merchandising sariekin eta opari txartelekin.

Abenduaren 28an eta urtarrilaren 4an, Ingurumen Hezkuntzako Museoan, jostailuak elkar trukatzeko merkatu txiki bana eginen dira,11:30etatik 13:00etara. Haurrek erabiltzen ez dituzten eta ongi dauden jostailuak edo liburuak eramaten ahal dituzte, beste haur batzuek eraman dituztenekin trukatzeko. 

Beste jarduera batzuk: Eguberrietako Azoka, COworkids, txirrista eta Udaletxeko jaiotza
Jarduera horiekin batera, egun hauetan Iruñean ohikoak diren beste hitzordu batzuk mantenduko dira, hala nola Gazteluko plazako Eguberrietako Azoka. Ostiralean, 28 etxolak irekiko dira jendearentzat, hainbat produktu erosi ahal izateko: elikagaiak, bitxiak, xaboiak, osagarriak zein larru-, beira-, egur-, , zilargintza-, saskigintza-, artile- eta , ehungintza-produktuak. Irekita egonen da urtarrilaren 5era bitarte, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta itxita, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean. 

Aurten merkataritza animatzeko eta dinamizatzeko, eguberrietako argiak eta kaleen eta erakusleihoen apainketaz gain, elur artifizialezko txirrista handi bat egonen da Sarasate pasealekuan herritar ororendako. Instalakuntzak ordutegi ezberdinak ditu egunen arabera, eta hiru bider erabiltzeko aukera, 5 euroren truke. Askatasun plazan Eguberri hauetan berriz ere COworkids gunea izanen da, jardueren karpa batekin eta doako zaldiko-maldiko batekin, 4 eta 12 urte bitarteko haurrendako. Zabalik egonen da abenduaren 23, 27, 28, 29 eta 30ean, goizez eta arratsaldez, eta 22an, arratsaldez bakarrik.

Halaber, Nafarroako Belenzaleen elkarteak sortutako jaiotza ere bisitatzen ahal da, Udaletxeko ezkaratzean. Jaiotzaren aurrean Ekialdeko Errege Magoen eta Olentzeroren irudiak ere ikusgai daude. Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara eta asteburu eta jaiegunetan, 10:00etatik 20:00etara ikusten ahal dira.

¿Te ha sido útil esta página?