EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek, PSN udal-taldearekin batera, legealdiko hirugarren aurrekontu-akordioa sinatu dute: 293,78 milioi, 2026rako

EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek, PSN udal-taldearekin batera, legealdiko hirugarren aurrekontu-akordioa sinatu dute: 293,78 milioi, 2026rako
Akordioak 4,3 milioi barne hartzen ditu, PSNk Aurrekontuetan txertatutako proposamenei dagozkionak, eta 4 milioi zuzenketetan, urteko bigarren erdirako aurreikusitako diruzaintzako geldikinen eta inbertsioen kargura
Irudia
Irudia

Iruñeak aurrekontu berriak izanen ditu 2026an ere, eta, beste behin, bere historiako handienak izanen dira: 293,78 milioi, 2025ekoak baino % 2,14 gehiago. EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin udal-taldeek osatzen dute gobernu-taldea eta PSN-PSOErekin batera sinatu dute gaur goizean aurrekontu-akordioa. Akordioa hainbat hiri-proiektutan, eta, etxebizitzarekin, hirigintza kudeaketarekin, mugikortasunarekin, elkarbizitzarekin, segurtasunarekin eta auzoekin lotutako konpromisotan gauzatuko da. Horrez gain, 4,3 milioi barne hartuko ditu sozialistek aurrekontu proiektuan txertatutako proposamenei dagozkionak, eta beste 4 milioi zuzenketetan, urteko bigarren erdirako aurreikusitako diruzaintzako geldikinen eta inbertsioen kargura.  

Udaletxeko harrera-aretoan sinatu dute legealdiko hirugarren aurrekontu-akordioa, 2023ko abenduan zentsura-mozioa eta udal-gobernuaren aldaketa eragin zuen akordio-politikoaren edukia berresten duena. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, EH Bilduren izenean, bai eta Mikel Armendáriz Barnetxea, Txema Mauleón Echeverría eta Marina Curiel García, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta Iruñeko Udaleko Sozialistak taldeetako bozeramaileek ere, hurrenez hurren, sinatu dute akordioa.

Aurreikuspenen arabera, proiektua datorren astean onetsiko da Tokiko Gobernu Batzarrean. Azaroaren 14an, ostiralarekin, 09:00etan, Lehendakaritza Batzordearen menpeko alorren partidak aztertuko dira; egun horretan bertan, 12:00etan, Herritarren Aferen Batzordearen menpeko alorren partidak, eta azaroaren 17an, astelehenarekin, 09:30ean, Hirigintzaren menpeko alorren partidak.

Aurreikuspenen arabera 2026ko aurrekontuen hasierako onespena azaroaren 27ko, osteguna, Osoko Bilkuran eztabaidatuko da. 

PSN-PSOEren ekarpenak
Aurrekontu-proiektuak 4,34 milioi euroko inbertsioak jasoko ditu sozialisten taldeak proposatuta eta lehenengo agiri honetan (1,54 milioi) zein urteko bigarren erdiko diruzaintzako geldikinetan (2,8 milioi) adjudikatuko dira. Hala, Urdazubiko Monasterioaren kaleko berrurbanizazio lanetarako 1,5 milioi bideratuko dira eta Bizikidetza Planerako 40.000 euro. Geldikinei egotzitako 2,8 milioiei dagokienez, 1,5 milioi inbertituko dira Pio XII.aren 2. eta 3. faseetarako (Ospitalegunea eta Singular eraikina, hurrenez hurren), milioi bat auzoetan asfaltatze- eta argiztapen-lanak egiteko eta 300.000 euro hiriko erdigunea eta Arrosadia lotzeko mikrobus elektrikoaren esperientzia piloturako. 

Zuzenketei dagozkien 4 milioiei dagokienez, akordioan jasota dagoenarekin bat, horietatik 2 milioik lehen aurrekontu-proiektuan eraginen dute, eta beste 2 milioiak berriz, geldikinen kargura eginen dira. Zuzenketen zerrendak hogei proposamen inguru jasotzen ditu, besteak beste, honako hauek nabarmentzekoak dira: 500.000 euro, ibilgarritasuneko jarduketetarako; 200.000 euro, argiteriarako; 180.000 euro, hiri altzarietan, haurrendako parkeetan eta aire zabaletako gimnasioetan inbertitzeko; 150.000 euro, mugikortasun-proiektuetarako, eta 100.000 euro, Buztintxuriko partaidetzako aurrekontuetarako. Gainera, 100.000 euro bideratuko dira Ermitagañako Udal Merkatua sustatzeko eta 100.000 hirian inpaktua duten kirol-ekitaldiak egiteko, NICDOrekin duten lankidetza-hitzarmenaren barruan.

Apustu amankomuna: hiri orekatua, berdinzalea eta etxebizitza lehentasuntzat duena
Aurrekontu-akordioaren ardatz estrategikoak Iruñeko Bizikidetzako I. Plana eta hiria hobetzeko zenbait lehentasun dira. Besteak beste, Etxebizitza Eskuragarriaren Udal Plana, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa, Pio XII.eko igarobide jasangarria osatzea eta Sanduzelaiko biribilguneko arazoak oso osorik eta herritarren parte-hartzearekin konpontzea. 

Talde sinatzaileek konpromisoa hartzen dute auzo guztien artean berdinzaleagoa eta orekatuagoa den hiria sustatzeko, ekipamendu publiko gehiagorekin, bereziki premia gehien dituzten auzoetan. Era berean, beharrezkotzat jotzen da eredu ekonomiko berri bateranzko trantsizioa bultzatzea, merkataritza bultzada-eragile gisa hartuta, sektore ekonomikoekin batera, jarduera ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren sorreraren alde eginen duen hiri erakargarri eta indartsu bat sustatuz.

Etxebizitzari dagokionez, etxebizitza babestuaren aldeko apustua eginen dute, eta horren isla izanen da Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan Azpilagañan eta Arrosadian eraikiko diren hiru orubeak eta Buztintxuriko eta Sadarreko HJPB onestea. Alde Zaharreko eta Buztintxuriko udal-orubeetan hiru etxebizitza-kooperatiba sortzea bultzatuko da, bai eta Txantrean eta Ermitagañan etxebizitza kolaboratiboak egiteko ekimenak ere. Etxebizitzak birgaitzeko konpromisoari eutsiko zaio, Alde Zaharreko Etxebizitza Plana babestuko da, hiria birgaitzeko alternatibak aztertuko dira Santa Engrazian eta San Pedron eta legez kontrako bizitokiei aurre egiteko ikuskapena indartuko da.

Lehentasunezko ardatzak: ekipamendu publikoak, Sarasate pasealekua eta Pio XII.eko azkeneko bi faseak
Era berean, alde guztiek akordioan islatu dituzte hiriarendako garrantzitsuak diren beste hainbat proiektu eta ekipamendu publiko, hala nola, Sanduzelaiko biribilgunearen proiektua, Etxabakoitzeko zenbait eraikin botatzea sustatzea, Soto Etxea – Etxezuriko eta Magdalena parkeko lanak amaitzea eta II. Zabalguneko eta Agustindarren komentuko HJPBa behin betiko onestea. Lezkairuko civivoxeko, liburutegiko eta Auzo-unitateko proiektuak idatziko dira, bai eta Guelbenzuko ekipamendu zibiko eta kultur ekipamendukoa, eta Buztintxuriko skate parkekoa ere bai. San Agustín Aquaboxean kudeaketa-eredu berri baten aldeko apustua eginen da eta Santa Ana plaza eraberritzeko lanak gauzatuko dira. Azpiegitura Berde eta Urdinen Planarekin lotutako bi ekimen ere eginen dira: Kale Berriaren birnaturalizazioa eta Ilundaindarren errotaren ibai-erreserbaren lanak amaitzea.

Aurrekontu-akordioan, halaber, honako proiektu hauek daude jasota: Sarasate pasealekua eraberritzeko lanen jarraipena, Iturramako superetxadiko, Bartolomé de Carranza eta Amaiurko Gazteluaren kaleen berrurbanizazioko, eta, Abejeras eta Azpilagaña artean igogailu berri bat egiteko proiektuak idazten amaitzea; Mendillorri eta Lezkairuren arteko oinezkoendako loturaren proiektua eguneratzea; Pio XII.aren etorbideko 2. eta 3. faseen lanak gauzatzea; Urdazubiko Monasterioaren eta Gaztelugibel kaleen elkargunea atseginago egitea, eta Etxabakoitzeko Barcos Etxeen inguruko espazio publikoa hobetzea. 

Mugikortasunarekin eta hiri-kontserbazioarekin lotutako konpromisoak
Mugikortasunaren barruan, Arrosadian eta Sadarren eremu urdina ezartzea aztertuko da eta sartzeko eta aparkatzeko mugak jartzea Arantzadi parkean. Acella zeharkalean eta, Irunlarrea kalearen eta Premin de Iruña pasealekuaren arteko elkargunean trafiko-antolaketa, eta, Lezkairun eta Santa María la Realen aparkatze-eremua hobetuko dira. Mendebaldean, Barañain etorbideko bidegorriaren proiektua idatziko da; mugikortasuna hobetuko da Caparrosoren bidean; neurriak hartzeko asmoz,  Erripagaina, Ermitagainako Nafarroa etorbidea eta Arrotxapeko Otsagabia kalea aztertuko dira, eta mikrobus elektrikoaren proba pilotu bat eginen da Alde Zaharrean, Zabalgunean eta Santa Maria la Realen. Arauzko alderdiei dagokienez, mugikortasunaren eta terrazen ordenantza berriak onetsiko dira; emisio gutxiko eremua indarrean sartuko da, eta aurrera pausoak ematen jarraituko dugu bizikletak alokatzeko zerbitzua eskualdeko bihurtzeko. 

Hiri kontserbazioari dagokionez, 1,5 milioi euroko inbertsioa eginen da Ibilerraztasun Planeko obretan, ibilbide irisgarri eta seguruak sortzen jarraitzeko. Beste 1,5 milioi erabiliko dira urteko asfaltatze kanpainan, eta 700.000 euro, argiteria publikoa berritzeko, kontsumo urriko LED argiak jarriko baitira. 150.000 euroko partida bat izanen da, haurrendako jolasguneak berritzeko, Félix Huarte plazakoa, esaterako. Eskultura-ondarea berritzearen arloan, 2025. urtean hasitako lan ildoari eutsiko zaio, eta lehentasuna emanen zaio, hurrengo urtean, Europa plazako Tramontana lanari.

Komunitate-poliziaren, gizarte zerbitzuen eta unitate mistoen aldeko apustua
Lau taldeek komunitate-polizia eta bizikletaz patruilatzen duten udaltzainen taldea indartzen jarraitzearen aldeko apustua egin dute: polizia gehiago izanen da auzoetan eta hobeto koordinatuko dira bizikidetza taldeekin eta gizarte zerbitzuekin. Bada berrikuntza bat: elkarbizitza konplexutasun handieneko zonetan gizarte esku-hartzearen eta poliziaren arteko unitate mistoak sor daitezela sustatuko da, gatazkei modu integralean heltzeko eta zaurgarritasun egoerak prebenitzeko.

Era berean, gizarte-eskubideen arloko jarduketa batzuk jasoko dira aurrekontuan; adibidez, auzo-unitateak aldatu eginen dira eta egokituko zaizkio auzoaren egungo errealitateari, figura profesional berriak sartuta; gertuko baliabideak sortuko dira menpekotasuna artatzeko, eta gizarte-laguntzak berraztertuko dira, eraginkorragoak eta eskuragarriagoak izan daitezen. Gainera, aterpe-premiako ordenantza berrikusiko dute eta desgaitasuna duten pertsonek beraien etxeetan autonomia pertsonala sustatzearen aldeko apustua eginen da.

Emakumeen Etxeak egiten duen lana bultzatzen jarraituko dute eta zaintza-lanetan erantzukidetasunez jokatzearen alde lan eginen dute. Hainbat ekimen txertatuko dira, esaterako udal eguneko zentroak sortzea eta emakumeen familia gurasobakarrei zuzendutako prestakuntza eskaintzea, haurrak zaintzeko zerbitzuak haien eskura jarrita. Azkenik, beste ekimen hauek ere islatu dira: Iruñea Palestinarekin 0 Auzoa sortzea, Barbazán Apezpikuaren ingurabideko indusketei jarraipena emateko aurrekontu-zuzkidura, Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa eraikitzea eta udal-espazioetan asteburuetan ikasteko guneak gaitzea, hala nola, Gaztediaren Etxean, civivoxetan eta zentro komunitarioetan.

Hiri jostagarria eta Kulturako Plan Estrategikoa
Akordioan jasota dago haurren jolasteko eskubidea bermatzeko programa integrala abian jartzeko konpromisoa, eta haurrek berek aktiboki parte hartuko dute programa diseinatzeko eta gauzatzeko orduan. Gune jostagarrien sarea eratuko da hiri osoan, dagozkion seinaleekin eta gune horiek identifikatuko dituen jolas-mapa batekin.

2026an, halaber, Kulturako Plan Estrategikoa egiteko lanean arituko dira, Iruñeak dituen senidetzeei beste bultzada bat eman, merezimenduetan, gaitasunetan eta oreka linguistikoan oinarritutako baldintzen arabera, aukera-berdintasuna bermatuz eta diskriminazio mota oro saihestuz. 

Akordioak ere, Sanferminei dagokienez, udal-ordenantza bidezko espres lizentzien espedientea garatzen jarraitzearen, eta, haurrendako eta mugikortasun urriko pertsonendako berariazko unean uneko jarduerak antolatzearen aldeko apustua egiten du.
 

¿Te ha sido útil esta página?