Egungo punta-puntako emakume jazzlariei buruzko hitzaldia eta ‘Latin-bask’ fusiozko kontzertua dira ‘UrtarriJAZZ, Tokiko jazzaz beteriko urtarrila’ zikloaren hurrengo bi proposamenak

Egungo punta-puntako emakume jazzlariei buruzko hitzaldia eta ‘Latin-bask’ fusiozko kontzertua dira ‘UrtarriJAZZ, Tokiko jazzaz beteriko urtarrila’ zikloaren hurrengo bi proposamenak
Jarduerak urtarrilaren 22an, asteazkenarekin, eta urtarrilaren 24an, ostiralarekin, eginen dira Sanduzelaiko Civivoxean. Sarrera librea da, aldez aurretik gonbidapenak hartuta
urtarrijazz

‘UrtarriJAZZ, Tokiko jazzaz beteriko urtarrila’ zikloak aurrera jarraitzen du bihar, Sanduzelaiko Civivoxean, “Gaurko emakume jazzlariak” izenburuko hitzaldiarekin. Pachi Tapizek emanen du, “Jazz Para Ti” asteroko irrati-saioaren zuzendari, editore, ekoizle eta aurkezleak. Saioa 19.30ean hasiko da. Sarrera librea da, betiere gonbidapena hartuta jarduera hasi baino ordubete lehenagotik. Pertsona bakoitzak bi gonbidapen hartzen ahalko ditu gehienez.

Hitzaldian egun jardunean ari diren 18 emakumeren izenak aipatuko dira. Ez dira kantariak soilik, kontrabaxua, gitarra, txirula, edo metalezko musika-tresnak ere jotzen dituzte, bai eta pianoa ere Satoko Fujii japoniarrak bezala. Horietako asko profesionalak dira, ibilbide luzeko ikasketa akademikoak dituztenak, eta batzuk jazzik aurrerakoienaren eremuan mugitzen dira. Fujiiren izenaz gain honako hauenak ere nabarmenduko dira: Joëlle Léandre, Nicole Mitchell, Mary Halvorson, Chefa Alonso edo Andrea Motis.

Eta urtarrilaren 24rako proposamena Ache pa ti taldearen ‘Aunitz urtez’ kontzertua izanen da. Jatorri ezberdineko bost musikarik osatzen dute taldea; latindar musikarako zaletasunak batu ditu modu batez edo bestez kultura tradizionalari eta folkloreari lotuta dauden bost lagunok. Kontzertu honetan euskal tradizioko eta kultura afro-karibetarreko doinuak nahasiko dituzte ‘Latin-bask’ deituriko estiloan: erritmo latindarra txistu-doinuz lagundurik. 

Fermin Goñik (txistua eta tronpeta), Jose Ramón García Beorleguik (pianoa), Jokin Zabalzak (baxua), Andoni Zugastik (congak eta perkusioa) eta Daniel Arias Elizarik (bateria) osatzen dute taldea.  Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan eta Donostiako Goi mailako Kontserbatorioan ikasiak dira guztiak. 

‘UrtarriJAZZ.‘Tokiko jazzaz beteriko urtarrila’  urtarrilaren 10etik  egiten ari da Sanduzelaiko Civivoxean. Zikloaren proposamenetariko bat, Sera Martinen ‘Jazza Nafarroan? Jazza Nafarroan! (iruditan) argazki-erakusketa, Civivox horretan bertan ikusi ahal izanen da urtarrilaren 31ra arte.