Haurrak dituzten familiek jolaserako gune bat dute aurten ere Eguberrietan. TxikiPamp gunea geltoki zaharrean dago eta askotariko proposamen ludikoa eskaintzen du, toki estalian eta doan, eta urtarrilaren 4ra arte egonen da zabalik. Besteak beste, bertan eskaintzen dira XL jolasak, esperimentazio-lantegiak, eraikuntzaren txokoa, familiarteko aurpegi-margoketa, hondar-eremuak, zirku-eskola eta txoko euskalduna jolas hezigarriekin. Hori guztia 900 metro karratu baino gehiagotan banatuta, autobus-nasa zaharretan.
TxikiPamp gunea goizez eta arratsaldez irekiko da, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara, salbu eta abenduaren 31n, goizez bakarrik irekiko baita. Urtarrilaren 1ean itxita egonen da.
Proposamen ludikoak eskaini ahal izateko, gunea eremutan antolatu da, jarduerak eta lantegiak dituztenak. Asmoa familian jolas librea eta partekatua sustatzea da, haurren adin desberdinak kontuan hartuta. Horrela, hondar-eremu bat prestatu da: hor txikienek testurekin esperimentatzen ahalko dute. Ludoteka eremu bat ere prestatu da, mugimendu librea eta garapen psikomotorra esperimentatzeko.
Beste gune batean eraikuntzaren txokoa prestatu da, eskala handiko piezekin. Eta puzzleei, pieza magnetikoei eta formatu erraldoiko mahai-jokoei eskainitako beste txoko bat. Horri guztiari gehitu behar zaio ispiluak eta apain-mahaiak dituen aurpegi-margoketarako gune bat, eta beste bat mahai-futbolean aritzeko: biek ere adinekoen eta txikien arteko elkarrekintza sustatu nahi dute belaunaldiarteko jardueren bidez.
TxikiPamp gunearen proposamenean, halaber, euskarazko jarduerak eskainiko dituen Nolako herria halako Eguberria izeneko eremua dago, bai eta zirku-lantegi bat ere, haurren oreka eta koordinazioa landuko dituena.
Jolas libreko proposamen horiekin batera, unean uneko zenbait ekitaldi antolatu dira girotzeko. Horrela, astearte goizean ustekabe gorritxoa izanen da. Urtarrilaren 2an, ostiralarekin, Erregeen postarien karroza joanen da, baita goizean ere; urtarrilaren 3an, larunbatarekin, Erregeen banderadunek ikuskizuna eginen dute beren banderekin.
TXIKIPAMP. AUTOBUS-GELTOKI ZAHARRA
• Doako aisialdi-gunea. Abenduak 22 – urtarrilak 4
o Ordutegia: 10:00 – 13:30 eta 17:00 – 20:00
o Abenduaren 31n goizez bakarrik irekiko da
o Urtarrilaren 1ean itxita egonen da.
• Ekitaldi bereziak
o Abenduak 30, asteartea. 12:30 – 13:30. Ustekabe gorritxoa
o Urtarrilak 2, ostirala 11:30 –13:30. Erregeen postarien karroza
o Urtarrilak 3, larunbata. 13:00 – 13:30. Erregeen banderadunak