Eguberrietan ehun bat emanaldi baino gehiago antolatu ditu Iruñeko Udalak hiriko auzoetan. Abenduaren 20an hasi ziren, eta urtarrilaren 4an (igandea) amaituko dira. Hala, hiriko erdiguneaz gain, auzoak ere girotzen dira, egun hauetan programazioaren barruan antolatutako jarduerei esker.
Guztira 61 talde eta elkarte dira protagonista auzoetan egiten ari diren 107 emanaldietan. Jarduera musikalak dira gehienbat, eta auzoetako kaleetan barnako ibilbideak barne hartzen dituzte, fanfarreen, txarangen, abesbatzen, gaitero- eta txistulari-taldeen, jota-eskolaren eta auzoetako erraldoi eta buruhandien konpartsen eskutik. Beti ordutegi bera dute emanaldiek: 12:00etan, goizez, eta, 18:00etan, arratsaldez. Herritarrek parte hartzeko aproposak dira, taldeak eta elkarteak auzoetan barnako ibilbideetan laguntzeko aukera ezin hobea baitute.
Eguberriekin lotutako informazio guztia www.pamplona.es/eu udal-webgunean kontsultatzen ahal da, baita Kulturako webgunean ere, hiriko auzoetan Eguberriak girotzeko emanaldiei buruzko atal bat gaitu baita. Programazio hori guztia aditzera emateko, antolatutako jarduerekin lotutako 1.500 kartel jarri dira, ehun bat kartel auzo bakoitzean. Kartel horiek guztiak merkataritza-establezimenduetan kontsultatzen ahal dira, baita udal-azpiegitura publikoetan ere, hala nola zentro komunitarioetan, kirol-azpiegituretan, auzo-unitateetan eta civivoxetan.