Udalak Iruñeko Udaleko auzo-unitateak, Etxez Etxeko Arretarako Udal lantaldea eta Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Udal Lantaldea omendu ditu aurtengo Eguberrietan. Udalaren lantegi-eskolek, erakunde osoaren izenean, Eguberrietako koro apaingarriak jarri dituzte Gizarte Ekintzako Alorreko zerbitzuetako lokaletan. Koro apaingarriak pinaburuekin, bolatxoekin eta ikasleek egindako Eguberrietako faroltxoekin egin dituzte.
Ekimen hori, lehenik eta behin, gune horiek apaintzeko modu bat da; gune horietatik milaka pertsona igarotzen dira urtero, prestazioak izapidetzeko, informazioa, prestakuntza eta orientabidea jasotzeko edota Udalaren gizarte-zerbitzuek eskaintzen dituzten programetan parte hartzeko. Baina, horrez gain, gune horietako lan-ingurunea atsegin egiteko modu bat da, lan hori egiten dutenei babesa emateko keinu bat; izan ere, erabiltzaileek ez dute beti jokabide ona izaten langile horiekin, eta batzuetan erasoak ere jasan behar izan dituzte.
Abenduko lehen egunetan Zur bidezko Zurgintzako Lantegi Eskolako 5 neskak eta 12 mutilak faroltxoak diseinatzen, mozten eta muntatzen hasi ziren Landaben Prestakuntza Zentroko lantegietan. Ondoren, Eraikinetako Mantentze-lanetako ikasleek (16 mutil eta neska 1) txuriz eta zilar kolorez apaindu zituzten, eta azken ukituak eman zizkieten aste honetan egiten ari diren konpontze-lanen aurretik. Hala, gainera, prozesu hau guztia esperientzia praktikoa izan da ikasleentzat, eta hari esker talde-lana, eskolen arteko kooperazioa eta programa horien eta Udaleko beste unitate batzuen harremana sustatu dute.
Basogintzako eta Lorezaintzako Lantegi Eskolan ere Eguberrietako apaingarriak egin dituzte azken asteotan; lantegi horrek Aranzadi Prestakuntzako Zentroan du egoitza. Kasu honetan, eskoletako ikasleek, 2 neska eta 14 mutil, Eguberrietako 58 koro diseinatu eta egin dituzte Aranzadi parkean jasotako eta material naturalekin. Material begetalen artean hauek erabili dituzte, besteak beste: sahatsen eta zuhandorren adarrak, tuien adarrak, indigaztainak, pinaburu naturalak, motozerrarekin moztutako egurrezko trontzak eta likidanbarren hostoak eta fruituak.
Lantegi-eskolen 16. edizioa 2024ko martxoan hasi zen, eta 2025eko azaroan bukatuko da. Iruñeko Udalaren Lantegi Eskolak Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen dira Nafar Lansareren bitartez.