On Egin udal-jantokia prekarietate ekonomikoko egoeran dauden eta elikadura arloan oinarrizko beharrak asetzeko zailtasun handiak dituzten pertsonei zuzendutako zerbitzua da. 2010ean sortu zen Oscus zentroaren Navarreriako lokaletan, eta 2018an egun Karmen kaleko 25. zenbakian dituen lokaletara aldatu zen. Iaz 53.877 zerbitzu eskaini zizkien 568 erabiltzaileri, gosari, bazkari eta afarietan. 2023an jantokia ireki zen egun bakoitzean (hau da, urteko egun guztietan, uztailaren 6tik 14ra izan ezik) egindako zerbitzuen batez bestekoa egunean 151,76 zerbitzukoa izan zen.
Lokalak astelehenetik igandera irekitzen dira, goizez eta arratsaldez. Zerbitzua bertatik bertara emateko gune gisa prestatu bazen ere, une honetan erabiltzen duten pertsonen % 60k jangelatik kanpo jateko jasotzen dituzte otorduak. Izan ere, aukera hori, hasiera batean, adingabeak dituzten familiendako, egiaztatutako gaixotasuna duten pertsonendako eta unean uneko gertaeretarako (ramadana, esaterako) pentsatu zen, baina, ohikoa bihurtzen ari da.
Duela 10 urte On Egin zerbitzuan 10 familia artatu baziren, 2023. urtean 103 familia artatu dira; izan ere, pixkanaka-pixkanaka handitzen joan da jantokian zerbitzatzen zaien adingabeen kopurua. Iaz 167 adingabe izan ziren, artatutako pertsona guztien % 29,4. Pobreziaren feminizazioa ere antzematen da; izan ere, erabiltzaile emakumeen ehunekoa guztizkoaren % 42,6 bada ere, zifra horrek bikoiztu egiten du duela hamarkada bat baliabide hori erabiltzen zuten emakumeen kopurua (% 20). Jantokiak 50 plaza dituen arren, ahal den neurrian, erreferentziazko profesionalek (medikuak, gizarte-langileak... ) bideratutako pertsona bat ere artatu gabe gera ez dadin ahalegintzen dira, eta baliabideak goia jotzen duen egunetan 90 pertsona arteko kopuruak izaten dira.
Hilabeteei dagokionez, uztaila zenbaketatik kanpo utzita, azaroa izan zen erabiliena 2023an, batez beste eguneko 185,86 zerbitzu emanda; gutxien erabili zena iraila izan zen, egunean batez beste 104 zerbitzu emanda. Erabiltzaileen % 19,1ek (109) estatuan du jatorria. Zentroaren funtzionamendurako bonu-sistema erabiltzen da. Bonu horiek astebetez, hamabostaldi batez, hilabete batez eta, ezohiko kasuetan, hiruhileko batez erabiltzen ahal dira. Bonu horiek berritzeko, bonuak ematea erabaki zuen profesionalaren irizpidea hartzen da kontuan.
Iruñeko Udalaren Gizarte Enpleguko lantalde bat
Iruñeko Udaleko Gizarte Enpleguko lantalde bat arduratzen da jantokiaz, gizarte-langile baten, hau da, Bazterkeria Handiko unitateko udal-teknikariaren laguntzarekin. Elikadura-hornidurak lizitazio publikoaren bidez kontratatzen dira, eta une honetan Tallunce SL enpresari adjudikatzen zaizkio. Janari-zerbitzua udal-jantokiaren eguneroko beharretara egokitzen da, eta, gainera, mota guztietako dieta bereziak eskaintzen ditu (osasun-arrazoiengatik, erlijio-sinesmenengatik, etab.).
Iruñeko Udalaren On Egin zerbitzua Bazterkeria Handiaren gaineko Ordenantzak arautzen du. Ordenantza horren arabera, hartzaileak 18 eta 65 urte bitarteko pertsonak izan behar dira, gizarte-bazterkeriaren adierazleek definitutako eta integrazio egoki eta zuzena eragozten duten premia ekonomiko larrian egon behar dute, zehazki, elikadura-minimo batzuk asetzeko baliabiderik ez izatearekin lotuta. Behar izanez gero, prestazio ekonomikoak edo diru-sarrerak bermatzeko sistematik diru-sarrerak jasotzen dituzten pertsonak ere kontuan hartzen dira.
Udalaren baliabide honen helburua hirukoitza da. Prestazio hori beste prestazio batzuen osagarria da, eta Udalak duen erantzukizun publikotik laguntza eman nahi du pobrezia endemikoko edo mementoko pobrezia-egoerak eta norbere kabuz moldatzeko zailtasunak arintzeko, bai eta deserrotzea edo gizarte-marjinazioa eragin edo areagotu dezaketen egoerak murrizteko, eta gainera, ekintza profesionalerako tresna gisa baliagarria izan nahi du Udaleko gizarte-zerbitzuek diseinatutako gizarteratze-prozesuetan laguntzeko.
Txema Mauléon Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak azpimarratu duenez, “ezinbesteko lana egiten dute zerbitzu honetan, gizarte zibilak bultzatzen dituen beste batzuekin batera, elikadura egoki eta osasungarria izatea bezain oinarrizkoa den eskubide bat bermatzeko”. Ildo horretan, “alorrak hainbat ekintza landuko ditu prestazio eta zerbitzuak hobetzeko, izan ere elkarteen sarearen laguntzarekin, herritar guztiei elikadura egokia bermatzea baita helburua”.