Udalak Iruñeko Gazteendako Literatur Lehiaketarako deialdia egin die 14 – 18 urte bitarteko gazteei; lehiaketak 29 edizio izan ditu jada, eta bere helburua hirian gazteek egindako idazlan onenak saritzea da, bai gaztelaniaz bai euskaraz, narrazio laburrean zein olerki-modalitatean. Aurreko edizioan 123 lan lehiatu ziren 102 gaztelaniaz eta 21 euskaraz.
Orain, beren jatorrizko lanak aurkeztu nahi dituztenek apirilaren 30a arteko epea edukiko dute; Gaztediaren Etxera (Zangoza kalea, 30) igorri beharko dituzte; eta plikaz, hots, gutun-azal itxi batean hauek egongo dira: ezizenez sinatutako lanaren bost kopia, eta kanpoan ezizen bera idatzita eta barruan, oinarrien arabera emanda, egilearen datuak izango dituen bigarren gutun-azal itxi bat.
Lehiaketan bi adin-tarte daude: 14 – 16 urte bitartekoak eta 17 – 18 urtekoak (deialdia bukatzen den egunean); bi tarteen arteko garapen-garaiari begira sortu zen adin-bereizketa hori, 2016an. Horietako bakoitzerako ezartzen dira bi modalitate, narrazio laburra eta olerkiak, eta, aldi berean, gaztelaniaz edo euskaraz. Egile bakoitzak lan bakar bat aurkezten ahalko du, modalitate eta hizkuntza bakoitzean. Testuak jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan beharko du, eta gaia librea izango da. Olerki-modalitatean, lanen luzerak 14 bertsokoa izan beharko du gutxienez, eta 40koa, gehienez ere. Narrazio laburrek, bere aldetik, 2 orriko izan beharko dituzte gutxienez, eta 5 gehienez, alde bakar batez idatziak eta lerro artean tarte bikoitza utzirik.
Iruñean etxea edo ikastetxea duten gazteak aurkezten ahalko dira. Ildo horretan, Gaztediaren Etxeko berriemaileek beren ikastetxeetan berariazko hedadura-lana egingo dute.
Sariak, modalitate, kategoria eta hizkuntza bakoitzeko, diru-zenbateko ezberdinak izango dira, guztira 8.800 eurokoak. Lehen sariek 500 euro joko dute; bigarrenek, 250 euro, eta hirugarrenek, 150 euro. Gainera, epaimahaiak bi accesit eman ditzake kategoria eta hizkuntza bakoitzeko, bakoitza 100 eurokoa. Bi epaimahai ezberdin egongo dira. Gaztelaniakoa Komunitate Garapeneko Alorrekoa izango da; eta euskarakoa, Kultura eta Hezkuntzakoa.
Berritasun gisa, aurreko edizioan irabazleen argitalpen bat egin zen, idatz- zein irakur-zaletasuna bultzatzeko; horregatik, sakelako argitalpena izan da. Aleak, 300ko argitalpenean, irabazleei eta ikastetxeei banatu zitzaizkien. Deialdi honen oinarrien arabera, lehiaketan parte hartzeak berekin ekarriko du, saririk jasoz gero, sarrera libreko argitalpenak egiteko eskubideen lagapena onartzea, Creative Commons Reconocimiento - NoComercial - SinObraDerivada (by-nc-nd) lizentziapean. Saritu gabeko lanak Gaztediaren Etxetik erretiratzen ahalko dira, lehiaketaren epaia eman eta hurrengo bi hilabete bitarte..
IRUÑEKO GAZTEENDAKO XXIX. LITERATUR LEHIAKETA. 2019.
Baldintzak: bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duen gaztea izatea, 14 urte beteta eta 19 urte baino gutxiago edukitzea lanak aurkezteko mugaegunean (apirilak 30).
Modalitateak: narrazio laburra eta olerkia, gaztelaniaz zein euskaraz. Kategoria bat egongo da 14, 15 eta 16 urteko gazteentzat eta beste bat 17 eta 18 urtekoentzat.
- Narrazio laburra: 2 orri gutxienez, eta 5 gehienez, lerro artean tarte bikoitza utzirik eta bakarrik alde batetik mekanografiatuta.
- Olerkia: 14 bertso gutxienez eta 40, gehienez.
Lanak aurkezteko mugaeguna: 2019ko apirilaren 30a arte. Gaztediaren etxean (Zangoza k. 30).
Lanen ezaugarriak:
- Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitateko, hizkuntza bakoitzean. Idazlanek gai librea izanen dute, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.
- Testu bera ezin izanen da bi hizkuntzetan aurkeztu.
Sariak: hiru sari modalitate eta hizkuntza bakoitzeko; 500 euroko saria lehen sarietarako; 250ekoa, bigarrenetarako; eta 150ekoa, hirugarren sarietarako. Epaimahaiak bi accesit eman ditzake modalitate eta kategoria bakoitzeko, bakoitza 100 eurokoa.