Egile Berrientzako Euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketara lanak aurkeztu ahal dira azaroaren 5a arte, poesia, narrazio laburra eta bertso-paperak modalitateetan

Egile Berrientzako Euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketara lanak aurkeztu ahal dira azaroaren 5a arte, poesia, narrazio laburra eta bertso-paperak modalitateetan
Modalitate bakoitzeko hiru sari ezarri dira, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak, gai librea edukiko duten jatorrizko lan argitaratu gabeetarako

Iruñeko Udalak Egile Berrientzako Euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketara lanak aurkezteko epea ireki du, hiru modalitateetan: poesia, narrazio laburra eta bertso-paperak (bertsoak idatzita aurkeztu behar dira, bertsolaritzaren arauekin bat). Lehiaketak 13.000 euro banatuko ditu saritan, modalitate bakoitzeko hiru sari daudelarik, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Gainera, epaimahaiak 250 euroko lau aipamen eman ahalko dizkie, gehienez ere, lau lani, zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe. Udalak sariak argitara emanez gero, horiek gainontzeko saridunekin batera egongo dira. Lanak azaroaren 5a arte aurkez daitezke.

Deialdi honen xedea da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzea. Parte-hartzaileek modalitate bakoitzeko lan bakarra aurkeztu ahal dute, gai librekoa, euskaraz idatzia, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Bere izenpean, bakarka, literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izango dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izango dute berriro parte hartu modalitate horretan.

Iaz, guztira 25 lan aurkeztu ziren lehiaketara. Horietako 8 poesia modalitatean, 11 narrazio modalitatean eta 6 bertso-paperak modalitatean. Narrazioan eta poesian lehen saria Nerea Balda Sanjuanentzat izan zen, bi sariak irabazi baitzituen. Bertso-paperak modalitatean Eneko Fernández Maritxalar izan zen irabazlea.

Lanen ezaugarriak modalitateen arabera
Poesia modalitatean lanek 15 orri eduki behar dute gutxienez, eta horiek alde bakar batetik eta tarte bikoitzaz idatzi behar dira. Narrazioan ere, 15 orrikoak izan behar dira, gutxienez, alde bakar batetik eta tarte bikoitzaz. Azkenik, bertso-paperek gutxienez 25 bertso-ahapaldi izango dituzte, elkarrekin nolabaiteko batasuna osatzen duten gai ezberdinak har ditzakete hizpide, betiere bertsolaritzaren arau formalak betez.

Lanak Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan edo indarra duten legeek aurreikusitako edozein bideren bitartez aurkeztu beharko dira. Lan bakoitzaren bosna kopia aurkeztu beharko dira, izenorde batez sinaturik, zein modalitatetara aurkezten den argi adieraziz. Kopiekin batera, gutunazal itxi bat aurkeztuko da, non sartuko baitira kasuan kasuko izenordeari dagozkion datuak: izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izango da lehiaketan onartu.

Epaimahaiko burua María García Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria izango da; eta berarekin batera hiru literatur aditu egongo dira, horietako bat, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta. Idazkaria Udalaren euskarazko kultur programazioko teknikaria izango da.

 

EGILE BERRIENDAKO EUSKARAZKO XXIX. LITERATUR LEHIAKETA


Lanak aurkezteko mugaeguna: azaroak 5

Modalitateak

  • Poesia (gutxienez 15 orrialde, alde bakar batetik eta tarte bikoitzaz idatzita)
  • Narrazioa (gutxienez 15 orrialde, alde bakar batetik eta tarte bikoitzaz idatzita)
  • Bertso-paperak (25 ahapaldi, gutxienez)


Saria: Hiru sari modalitate bakoitzeko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Gainera, epaimahaiak lau aipamen eman ahalko ditu gehienez ere, bakoitza 250 eurokoa, zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe.

Parte-hartzaileak: Egileek nafarrak izan beharko dute, edo helbidea Nafarroan finkaturik eduki. Ezin izanen dute lanik aurkeztu haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek (ez dira hor sartzen aldizkarietan, komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere) Aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.

Lanak: gaia librea izango da, euskaraz idatzita egon behar dute, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan. Egile bakoitzak lan bakar bat aurkeztu ahalko du, modalitate bakoitzean.

Lanak non aurkeztu: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2) edo erregistro osagarrietan.