Edukiera handiko bideetako bidegurutzeetan ibilgailu eta bizikleten arteko segurtasuna areagotzeko 16 bidegurutze margotzea aurreikusita dago, eta Udalak laster margotuko ditu gorriz margotzeke geratzen diren azken elkarguneak

Edukiera handiko bideetako bidegurutzeetan ibilgailu eta bizikleten arteko segurtasuna areagotzeko 16 bidegurutze margotzea aurreikusita dago, eta Udalak laster margotuko ditu gorriz margotzeke geratzen diren azken elkarguneak
Yanguas y Miranda kalean, Pio XII.aren etorbidean eta Armada eta Baiona etorbideetan daude, eta kasu batzuetan bestelako segurtasun-elementuak jarri zaizkie

 

 

Iruñeko Udalak laster –eguraldiaren arabera– amaituko ditu auto eta bizikletek nahitaez elkarrekin partekatu behar dituzten guneak gorriz seinaleztatzeko lanak, hiriko 16 puntu zehatzetan, segurtasuna areagotzeko xedez. Elkargune horiek Armada etorbidean eta Baiona etorbideko jarraipenean daude; Yanguas y Miranda eta Lizarra kaleen arteko elkargunean, eta hiriko edukiera handienetako bide batean: Pio XII.aren etorbidean.

Pio XII.aren eta Armada etorbideen arteko elkarguneetan izan ezik, bidegorriaren trazaduraren eta ibilgailuen zirkulazioa igarotzen den galtzaden arteko elkargunearen eremuetako zoladura margotu da, egoera horrek arreta berezia eskatzen baitie hiri-mugikortasuneko eragile guztiei. ‘Hirigintza taktikoko’ esku-hartze horiek joan den urte amaieran egin ziren, eta segurtasuna, oro har, hobetzera bideratuta daude.

Elkargunea kolore bizi batez seinaleztatuz, gune zehatz bat identifikatu nahi da, indargarri bisual bat jartzea gidariei gogorarazteko arreta berezia jarri behar dela gune horietan. Kolore gorria aukeratu izanak hori lortzen laguntzen du, kolore gorria, kode orokorraren arabera, ‘erne’ gisa itzultzen baita. Elkargune horietan, horrez gain, zuriz eta zoladuraren gainean bidegorriaren ikurra margotuko da.

Segurtasun-elementu osagarri gisa, gune batzuetan ere seinaleztapen bertikala instalatu da, ziklista eta gidariei zuzenduta, eta bi zirkuituen arteko tartea handitu da. Horrenbeste trafiko dituzten gune horietan, ibilgailuen eta bizikleten zirkulazio-bideak mugatzeko, Udalak ‘mompes’ izeneko errei-bereizgailu mota bat jarri du; txirrindulariaren zirkulazioaren aldean aldapa leuna duten elementuak dira, gurpilek bereizgailuarekin talka egin ez dezaten, eta autoen aldean malda zakarragoa dago, ibilgailuek bidegorria inbaditzea oztopatzeko. ‘Mompes’ lerro bakoitza 1,60 metro linealeko distantziaz banatuta dago, eta aurretik mutiloi beltz bat dago, zirkulazioaren noranzkoan jarrita dauden kolore griseko banda islatzaileekin, berriz ere gidariei jakinarazteko bidegorria dagoela. Horrez gain, jada ibilgailuentzat semaforoak zituzten bidegurutzeetan, bizikletendako semaforoak ere instalatu dira.

Seinaleztapena hobetzeko lanak egin, semaforoak instalatu eta bereizgailuak eta mutiloiak jarri ondoren, esku-hartzeak, guztira, 41.843 euro joko du.

 

Zein elkargunetan esku hartu den

  • Yanguas y Miranda kalean, Armada etorbideraino, 2 elkargunetan esku hartu da: Sarasate pasealekukoan eta Lizarra kalekoan. Bertan gorriz margotutako seinaleztapen horizontala jarri da, ibilgailu motordunei ohartarazteko azpiegitura ziklista bat zeharkatzen ari direla, eta ziklistendako seinaleztapen bertikala, mompes eta bolardoen bidez ibilgailuak bereizteko elementuez gain. Tarte horretan semaforoak ere paratu dira.
  • Armada etorbidean 6 elkargunetan esku hartu da: bide horren eta Baluarteko plazaren arteko elkargunean, Baluarteko aparkalekukoan, Los Arcos Jeneralaren kaleko pasabidean, Sandoval kalean eta Julián Arteaga kalean.
  • Joan XXIII.aren plaza eta Erreginaren aldapa kalea elkartzen diren tokian, oinezkoendako elkargune bikoitzean esku hartu da. Tarte horretan semaforoak ere paratu dira.
  • Baiona etorbidean, lehen zatian, Belateko Monasterioaren kaleraino, 3 elkargunetan esku hartu da: Zilbetiko Monasterioaren kalean, Urdazubiko Monasterioaren kalean eta Belateko Monasterioaren kalean. Urdazubiko eta Belateko Monasterioen kaleetako elkarguneetan ere semaforoak paratu dira.
  • Baiona etorbidean, bigarren zatian, Europako plazaraino, bi elkargunetan: Belateko Monasterioaren kalekoa eta Martín Azpilcuetakoa.

 

Amaitu gabe daudenak

•    Armada etorbidearen eta Pio XII.aren etorbidearen bidegurutzean, 4 elkargunetan egin behar dira lanak, elementu bereizgarri gehiago jartzeaz gain.

•    Elkargune guztietan, pintura zuriz margotzea bidegorria identifikatzeko ikurra.

 

¿Te ha sido útil esta página?