
Ecozine Film Festival Nazioarteko Zinema eta Ingurumen Jaialdia Iruñean izanen da berriro apirilaren 8tik 11ra. Udalaren Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak sustatutako jaialdi horren helburua topagune bat sortzea da kulturaren eta ingurumenaren inguruan. Ingurumenari buruzko dokumentalak eta film laburrak proiektatuko dira, eta horien zuzendariekin hitz egiteko aukera aparta izanen da. Sail Ofiziala, herritarrei irekia, Golem Baiona zinema-aretoetan ikusten ahalko da,19:30ean, eta sarrera doan izanen da.
Apirilaren 8an (astelehena) emanen zaio hasiera jaialdiari, Andrew Niskerren Nuked (Bombardatua) film dokumentalarekin. Oppenheimer filmak Oscar sarietan arrakasta izan eta aste gutxira, filmak, istorio haren jarraipena izan zena erakusten du nolabait: AEBek Ozeano Bareko atoloi zoragarri batean eginiko proba nuklearrak eta bertan bizi zirenendako ondorioak.
Gerra Hotzaren garaian, Estatu Batuek 67 arma nuklear leherrarazi zituzten Marshall uharteetako Bikini atoloian, eta ondorioek lau belaunaldi geroago ere eragina dute herritarrengan, klima-aldaketak mehatxu berria dakarrenean.
Apirilaren 9rako (asteartea) proposamena Will Parrinelloren Water for life (Bizitzarako ura) da. Dokumental honek Atlantikoaren beste aldera eramaten gaitu, Txile, Honduras eta El Salvadorrera, eta proiektu hidrauliko eta meatzaritza-proiektu handiek han eragin dituzten gatazketara. Filmak uraren gaineko eskubideen, sinesmen indigenen eta baliabideak ateratzearen arteko talka aztertzen du Erdialdeko eta Hego Amerikako hiru komunitate-liderren bizitzen bidez. Protagonistek jazarpenari eta heriotza-mehatxuei aurre egin behar diete beren eskubideen alde borrokatzen duten bitartean.
Sail berezia
Aurtengo edizioak “tokiko ekoizpenendako” sail berezi bat du, Oskar Alegria iruindarraren Zinzindurrunkarratz film berriak ordezkatuko duena. Filma asteazkenean proiektatuko da, apirilaren 10ean, eta ahanzturan galtzen ari dela dirudien garai bateko bideak zeharkatuko ditu, natura poesia, sustraiak eta astoa presente zeudeneko garai batekoak. Zinemagile batek bere herriko artzainek mendietara iristeko erabiltzen zuten itzainen bidea egitea erabakitzen du, baina ez du ibilbide zehatza adieraz diezaiokeen inor bizirik aurkitzen. Bere familiako super-8 kamera zaharrarekin bidaia filmatzea ere bada bere asmoa, baina 41 urtez erabili gabe egon ondoren, ezin duela soinurik grabatu konturatzen da. Ahaztutako bidea eta kamera mutua, oroitzapenez, galderaz eta isiltasunez betetako bidaia baten protagonista bihurtuko dira.
Gertuko eszenatoki batean kokatzen da apirilaren 11n, ostegunarekin, eginen den ziklo horretako hurrengo eta azken emanaldia ere: Lucía Castillon eta Ana Valle del Rioren Donde quisimos vivir dokumentala. Urtegiek mehatxatu edo zapuztu zituzten Aragoiko herrien iraganeko eta oraingo bizitza gogorarazten du lanak. Dokumentalak erakusten du nola lau herritan beren bizitza etxetik urrun berregin behar izan zuten, eta nola jasan behar izan zuten denboraren poderioz beren herriak ahanzturan gal zitezen.
Egun horretan bertan, 2024ko Animaziozko Film Labur Onenaren Goya saria irabazi zuen Martín Romeroren To bird or not to bird film laburra ikusteko aukera izanen dugu. Bertan, hegazti talde batek gure bizimoduaren eta haren ondorioen karikatura groteskoa jarriko digu begien aurrean. Eta horiekin batera, Miriam Martinen Vuelta a Riaño film laburrak urtegi bihurtu zen bailara batean bizi direnen testigantza ekarriko digu.
Ecozineko saio bakoitzaren amaieran, topaketa bat eginen da filma sortu duen taldearekin, bizi izan dituzten esperientziak eta zer nolako egoerei aurre egin behar izan dieten partekatzeko. Antolakuntzarekin eta zuzendariekin elkarrizketak erreserbatzeko idatzi i.alfaro@pamplona.es helbide elektronikora, edo deitu 948 420 984 telefonora (Iosu Alfaro).
Gazte-atala
Edizio honetan gazte-atala ere izanen da; aurten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta heziketa-zikloetako 1.113 ikaslek parte hartuko dute. Gure ohiturek ingurumenean dituzten ondorioei buruzko Estatuan erakutsi gabeko film laburrak proiektatuko dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, konponbidea eta aldaketa pertsonen eta erakundeen esku dagoela uler dezagun.
ECOZINE FILM FESTIVAL JAIALDIA. GOLEM BAIONA. 19:30, SARRERA DOAN
• APIRILAK 8, ASTELEHENA
o Nuked. Kanada, 90 min., 2023. Zuzendaria: Andrew Nisker
• APIRILAK 9, ASTEARTEA
o Water for life. AEB; 91 min., 2023. Zuzendaria: Will Parrinello
• APIRILAK 10, ASTEAZKENA
o Zinzindurrunkarratz. Espainia, 89 min., 2023. Zuzendaria: Oskar Alegría
• APIRILAK 11, OSTEGUNA
o To bird or not to bird. Espainia, 9 min., 2023. Zuzendaria: Martin Romero. Animazioko film laburrik onenaren Goya saria 2024an
o Vuelta a Riaño. Espainia, 14,40 min., 2023. Zuzendaria: Miriam Martin
o Donde quisimos vivir. Espainia, 44,55 min., 2023. Zuzendaria: Lucía Castillón eta Ana Valle Del Río
• Antolakuntzarekin edo zuzendariekin elkarrizketak erreserbatzeko idatzi i.alfaro@pamplona.es helbide elektronikora, edo deitu 948 420 984 telefonora (Iosu Alfaro).