‘Dzist-Dzast’, euskaraz, eta ‘El niño que se escondía dentro de una caja de galletas’, gaztelaniaz, haurrendako antzerki testuen lehiaketako irabazleak

‘Dzist-Dzast’, euskaraz, eta ‘El niño que se escondía dentro de una caja de galletas’, gaztelaniaz, haurrendako antzerki testuen lehiaketako irabazleak
Bi obrak Nafarroako Antzerki Eskolan antzeztuko dira eta 2.500 euroko saria jasoko dute
campeones

 

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako haurrendako Antzerki Testuen Lehiaketak irabazleak zein diren erabaki du, eta hogeita hamargarren edizio honetan gaztelaniazko modalitatean ‘El niño que se escondía dentro de una caja de galletas’ obra izan da eta euskarazkoan, ‘Dzist-Dzast’ testua. Biek 2.500 euroko sari bana jasoko dute, Udalak finantzatuta, eta beren obrak Nafarroako Antzerki Eskolako agertokian antzeztuko dira.

María García-Barberena Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak jendaurrean aditzera eman du haurrendako Antzerki Testuen Leihaketako XXX. edizioko epaimahaiaren epaia, Fuensanta Onrubia Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendariarekin batera egindako prentsaurrekoan. Azken hori gaztelaniazko modalitateko epaimahaikide ere izan da. Agerraldian izan dira, halaber, Pablo Barrio euskarazko modalitateko irabazlea eta Izaskun Jurado (euskarazko modalitatean) eta Ramon Vidal (gaztelaniazko modalitatean) epaimahaikideak.

Epaimahaiak ‘El niño que se escondía dentro de una caja de galletas’ gaztelaniazko modalitatean saritutako lanari buruz nabarmendu du, itxuraz testu sinple eta edozeinendako irisgarria ematen duen arren, naturaltasunez, berezkotasunez, freskotasunez, zinezkotasunez eta samurtasunez gai konplexu bat lantzen duela, helduek eta haur eta nerabeek dituzten ikuspegi eta portaera ezberdinak, hain zuzen. Horrela, José Luis Bañosek lehiaketara aurkeztutako testua helduek bere buruei inposatzen dizkieten jokabide arauemaileak eta genero-eraikuntzak aztertzen ditu, horiek ulertzen ez dituzten haurren ikuspegitik. Epaimahaiak garrantzia eman die, halaber, protagonista osatzen duten ahotsei eta horiek elkarrizketan jartzeko moduari, bai eta testuaren egiturari ere; izan ere, egungo dramaturgia eransten diote, eta potentziala eta esploratzeko askatasuna duen taularatzea iradokitzen dute.

Euskarazko modalitatean, Pablo Barriok lehiaketara aurkeztutako ‘Dzist-Dzast’ lana, bere literatur kalitatea eta izaera ludikoa baloratuz saritu dute. Gainera, epaimahaiak kontuan hartu du egileak proposatzen duen errealitate eta fantasiaren arteko jolasa, belaunaldien arteko harremana garatzen duena eta haurrentzako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gai jorratzen dituena, hala nola teknologia berriak, kontziliazioa eta kontsumoa.

‘El niño que se escondía dentro de una caja de galletas’ antzerki ekoizpena Nafarroako Antzerki Eskolako Eguberriko programazioaren barruan taularatuko da. Bestalde, euskarazko modalitatean irabazi duen ‘Dzist-Dzast’ obra, agertoki berean aurkeztuko da 2022an.

Lehiaketaren hogeita hamargarren edizioak harrera ona izan du, 123 obra aurkeztu baitira

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak edizio honek izan duen harrera ona nabarmendu dute, zeinetara guztira 123 testu aurkeztu baitira, 118 gaztelaniaz eta 5 euskaraz. Azpimarratu beharra dago Latinoamerikatik jasotako lanen ehuneko altua, non haurrendako dramaturgiak sona eta kalitate handia baitu.

Haurrendako antzerki testuen lehiaketaren helburuak dira haurrei zuzendutako dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea sendotzen eta bultzatzen laguntzea eta txikitatik antzerkigintzaren aberastasun kultural eta artistikoa handitzea. Edizio honetan, gaztelaniazko testuak baloratzeko epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendari eta irakasle Fuensanta Onrubiak, Nafarroako Antzerki Eskolako antzerki zuzendari eta irakasle Ramón Vidalek eta Sara Pinedo artistak osatu dute. Euskarazko modalitateko epaimahaia Xabier López dramaturgo, aktore eta irakasleak,  Izaskun Mujica aktore eta irakasleak eta Inés Bengoa kazetaritzan lizentziadunak osatu dute.

¿Te ha sido útil esta página?