Dozenaka enpresa eta entitatek dohaintzak egin dizkiote Udalari osasun-krisiaren ondorioei aurre egiteko

Dozenaka enpresa eta entitatek dohaintzak egin dizkiote Udalari osasun-krisiaren ondorioei aurre egiteko
Udalak webguneko atal bat prestatu du laguntza eskuzabal horiek guztiak eskertzeko
ff


Covid-19 koronabirusaren pandemiaren hedapenak eragindako osasun-larrialdiak agerian jarri du egunero Iruñean lan egiten duten ehunka eta milaka lagunen ahalegina eta ardura krisi honen ondorioak gehien pairatzen dituztenei laguntzeko. Baina, horrez gain, egoera honek lankidetza eta laguntza sare oso bat azaleratu du, eskuzabaltasunez ondorioei aurre egiteko nork bere aletxoa jartzeko prest. Azken asteotan makina bat dohaintza heldu dira Iruñeko Udalera, norberaren izenean. Gehienak osasun-materialak izan dira, baina jolas-baliabideak ere jaso dira, udal-zerbitzuetan ostatu eman zaien familiendako, adibidez.
 

Laguntza eman duten enpresa eta entitate horiek guztiak aintzatesteko Udalak udal-webgunean atal bat sortu du eskerrik onena agertuz. www.pamplona.es/eu/koronabirusa/milaesker estekan osasun-krisi hau hobeto kudeatzea ahalbidetuko duen laguntza guztia jaso nahi da, izan materiala, ekonomikoa, logistikoa zein psikologikoa. Ekarpen guztiak garrantzitsuak dira: bai hondamendietan eta gizarte-larrialditan aditua den SAR Navarra GKEak emandako etengabeko laguntza, zeinak Udalaren esku jarri baitu bere profesionalen sarea ibilgailuak desinfektatzeko eta herritar zein profesionalei laguntza psikologikoa emateko, bai Villatuertako Lejía Las Cadenas enpresarena, zeinak lixibarako 1.000 litro hipoklorito sodiko eman baititu gel desinfektatzailea egiteko.
 

Laguntza ekonomikoa eta aterpetxeetan ostatu eman zaien familiendako jostailuak

Hona hemen laguntza eman duten entitateetako batzuk: Iruñeko Maker-ek aurpegia babesteko pantailak egin dituzte, Oftalmologoen Elkargoak maskarak eman ditu Udaleko gizarte-langileentzat, Javi Martínez futbol-jokalariaren udako campusak ohatzeak eta koltxoiak utzi ditu Txantreako antzinako Andre Maria Laguntzakoa komentuko ikasle-egoitza egokitu eta guraso bakarreko familiei ostatu emateko, Emausko trapuketariek Jesus eta Mariaren aterpetxerako izarak eta eskuoihalak eman dituzte, eta Cáritasen San Miguel arropategiak arropa eman du aterpetxe horretako erabiltzaileek aldaaldirako jantzia izan dezaten, eta arropa modu egokian garbitu eta desinfektatzeko.
 

Izaera sozialeko entitateei horiei enpresak ere batu zaizkie. Adibidez, CaixaBank-ek 30.000 euro eman ditu dohaintzan Udalarekin egindako hitzarmen baten bidez, zaurgarritasun egoeran dauden familiei ostatu emateko baliabideak abian jartzeko. Neurri txikiagoan bada ere, beste enpresa batzuek ere ekarpena egin dute: Smurfit Kappak aterpetxeetako oheen artean banatzaileak jartzea posible egin du, Eureka Papelek baliabiderik gabeko adingabekoentzako paper-gauzak eman ditu, El Corte Inglés-ek jostailuzko palet bat eman du udal-aterpetxeetan dauden familiendako, adin guztietako haurrendako jolasekin, haurtxoetatik 14 urtera bitarte.
 

Horiei guztiei Udalak egindako ekarpena publikoki eskertu nahi izan die, ostatu eman zaien familien egoera eramangarriagoa eginen baitute, eta horri esker udal-zerbitzuak kalitate gehiagorekin eta segurtasun-berme handiagoarekin eskaini ahal izanen baitira.

¿Te ha sido útil esta página?