Donibaneko disuasioko aparkalekua prest dago, eta datozen egunotan zabalduko dute. Sarbidea kontrolatzeko sistema bat jarri dute, eta horri esker, 24 orduz doan aparkatzen ahal da. 238 aparkaleku-plaza daude, eta beste sei mugikortasun urria dutenendako gorde dira. Disuasioko aparkaleku berri horrek 4.767 metro karratu hartzen ditu, eta Nafarroa etorbidean dago, Donibane eta Sanduzelai artean, udal-hilerriaren ondoan.
Azken hilabeteotan, Iruñeko Udala orubea egokitzen aritu da. Zoladura hobetu dute, zirkulazioko erreia asfaltatu baitute, eta hesiak eta zintarriak jarri dituzte orubea mugatzeko; gainera, kale-argiak jarri dituzte eremua argiztatzeko. Langak, eta matrikulak irakurtzeko sistema automatiko bat ere jarri dituzte sarreran, eta kutxazain automatiko bat ere bai, 24 ordu baino gehiagoz aparkatu ezkero tiketa ordaintzeko. Gainera, Iruñerriko hiri-garraioaren geraleku berri bat jarri dute autobusendako disuasioko aparkalekuaren ondoan, Nafarroa etorbidearen ondoan, eta dagoeneko martxan da. Hala, aparkalekua erabiltzen dutenek hiriaren erdigunera joateko aukera dute.
Orotara 244 ibilgailu sartzen dira aparkalekuan, gehienak perpendikularki aparkatuta, eta plaza bakoitzak 5x2,5 metro hartzen ditu. Nolanahi ere, zenbait tokitan ezin izan dute perpendikularki aparkatzeko lekurik sortu, eta horietan besteen tamaina bereko ilarako aparkaleku-plazak sortu dituzte. Lehengo toki berean izanen du sarrera, eta bi tokitatik sartzen ahalko da: Nafarroa etorbidetik, Sanduzelaitik hiriaren erdigunerako noranzkoan, eta udal-hilerritik.
Lehen 24 orduetan doan izanen da aparkatzea, aparkalekuaren erabilera sustatzeko eta hiriaren erdigunean milaka auto ibili ez daitezen. Helburua da erdigunera doazen gidariek aukera izatea aparkaleku horretan autoa utzi eta garraio publikoan, oinez edo bizikletaz jarraitzeko bidaia. Aparkalekutik irtetean, 24 ordu igaro ez badira, hesia automatikoki zabaltzen da sistemak matrikula irakurtzean. 24 ordu horiek igaro badira, dagokion tarifa ordaindu beharko da Telpark aplikazioaren bidez, eskudirutan edo txartelarekin, aparkalekuan horretarako jarri duten kutxazain automatikoan.
Lehen 24 orduak igarota, hurrengo 24 orduetan 4,35 euro ordaindu beharko dira, eta egun gehiagoz utzi nahi bada, eguneko 2,85 euro.
Europar funtsekin finantzatu dituzte lanak
Next Generation EU europar funtsekin finantzatu dituzte disuasioko aparkalekua egokitzeko lanak, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia planaren bidez. Donibaneko aparkalekuarekin batera, Lezkairukoa, Txantrea Hegoaldekoa eta Ezkabakoa ere egokitu dituzte. Orotara 870.032,74 euroko inbertsioa egin dute aparkaleku horiek guztiak egokitzeko. Lacunza Hermanos SL enpresa arduratu da lanez, eta apirilean hasi ziren. Donibanekoa zabalduko dute aurrena. Helburua da beste hirurak aste batzuen buruan zabaltzea.
Lau horiez gain, Iruñean disuasioko beste bederatzi aparkaleku daude, eta bederatzi aparkaleku horiek aintzat hartuta, 2.486 aparkaleku-plaza. Gaur egun, auzo hauetan daude plazak: Mendebaldea (583), Arrosadia (214), Sanduzelai (108), Milagrosa – Mochuelo (158), Milagrosa – Blas de Laserna (136), Milagrosa - Ultzama Erreka (230), Trinitarios 1 (609), Trinitarios 2 (Biurdana, 198) eta Arrotxapea – Kaputxinoak (250).
DONIBANEKO DISUASIOKO APARKALEKUAREN EZAUGARRIAK
• Non dagoen: hiriaren mendebaldean, Donibane eta Sanduzelai artean.
• Azalera: 4.767 m2.
• Zenbat toki dauden: 238 + 6 mugikortasun urriko pertsonendako.
• Lehen 24 orduak doan.
ZABALIK DAUDEN DISUASIOKO APARKALEKUAK
• Lehenengo 24 orduak doan dira.
• Aparkalekuak autobus-geralekuetatik eta oinezkoendako ibilbideetatik gertu daude.
| Aparkalekuaren izena | Toki-kopurua |
| Mendebaldea | 583 |
| Arrosadia | 214 |
| Sanduzelai | 108 |
| Milagrosa - Mochuelo | 158 |
| Milagrosa - Blas de Laserna | 136 |
| Milagrosa - Ultzama Erreka | 230 |
| Trinitarios 1 | 609 |
| Trinitarios 2 (Biurdana) | 198 |
| Kaputxinoak | 250 |
| Donibane | 244 |
TOKIAK, GUZTIRA | 2.730 |
