Donibaneko auzo-unitate berritua (Tulebrasko Monasterioaren kalea) berriz ere hasiko da zerbitzua ematen erabiltzaileei

Donibaneko auzo-unitate berritua (Tulebrasko Monasterioaren kalea) berriz ere hasiko da zerbitzua ematen erabiltzaileei
Handitze-lanek ia bederatzi hilabete iraun dute, eta bitartean auzo-unitatea Baiona etorbideko lokal batera lekualdatu da
Unidad de Barrio de San Juan

Donibaneko auzo-unitatea hasierako kokagunera itzuliko da –Tulebrasko Monasterioaren kalera– otsailaren 24an, astelehenarekin, lokalean hobetze- eta handitze-lanak egin ondoren. Bihar azkeneko egunez emanen da arreta Baiona etorbideko behin-behineko lokalean. Otsailaren 20an eta 21ean telefono bidez emanen da arreta, 948 420 782 zenbakian. Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak instalazio zaharberrituak bisitatu ditu gaur. 230 metro koadro baino gehiago betetzen dituzte, Udalak Donibanen duen apartamentu babestuetako eraikinean, Txoko Berri delakoan.
 

Zaharberritze-lanen ondorioz auzo-unitatea Baiona etorbideko lokal batera lekualdatu zen aldi baterako, eta erabiltzaileei bertan eman zaie arreta ekainaren hasieratik bihar arte (asteazkena). Denbora tarte horretan eraldaketa garrantzitsua egin dute Tulebrasko Monasterioaren kaleko bulegoetan. Zalantzarik gabe, aldaketarik garrantzitsuena guneen handitzea izan da. Izan ere, Udalaren zerbitzua 132,90 m² erabilgarri izatetik 231,40 m² izatera pasatu da. Sarrerako portxe irekia lanerako gune bihurtu da, eta horri esker 113,50 metro koadro gehitu dira. Handitze horren ondorioz, apartamentuetarako sarbidea aldatu da.
 

Guztira 224.000 euroko aurrekontuarekin, obrei esker sarbidea eta administrazio-gunea hobetu dituzte, gizarte-langileendako zazpi bulego sortu dituzte, bilera-areto bat, komunak eta garbiketa-gela. Eratu diren gune guztiek badituzte aireztapen eta argiztapen naturalak. Auzo-unitatea erabat birmoldatu dute: lehenbizi instalazioak hustu dituzte, barruko zein portxeko zoladurak kendu dituzte, bai eta kanpoko zein barruko arotzeria, trenkadak, sabai aizunak eta estaldurak ere. Hartara, unitate berriak arrapala bat dauka sartzeko, oinezkoendako kalearen eta eraikinaren barruko aldearen arteko desnibela gainditzeko. Gainera, ate automatiko bikoitza duen burdin langa bat jarri dute harrera-gunera sartzeko. Erdigunean itxoiteko eta komunikaziorako gune bat dago eta horren baitan antolatuta dago barrualdea.
 

Gizarte Enplegurako Kontratuak
 

Nafar Lansarearen Interes Orokorreko eta Gizarte Intereseko lanen deialdiaren kargura egin dira lanak. Horretarako, zaurgarritasun egoeran dauden zazpi lagun kontratatu dira –45 urtetik gorakoak, Errenta Bermatua jasotzen dutenak edo emakumeak–. Zehazki, emakume arkitekto tekniko bat kontratatu da lanaldi erdian, 45 urtetik gorako gizon bat obretako arduradun gisa, hiru ofizial eta bi igeltsero-peoi –azken bost horiek Errenta Bermatua jasotzen dutenak–. Lagun horien kontratazioak 101.039 euroko kostua izan du Iruñeko Udalarentzat, zenbateko horren % 40 Nafar Lansareak diruz lagundu duen arren.
 

Iruñeko Udaleko auzo-unitateak Gizarte Zerbitzuen sistemara iristeko sarbidea dira. Hiriko hainbat auzotan kokatuak, lehen mailako arretako lau programa dituzte: harrera eta gizarte-orientaziokoa, norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzekoa, gizarteratzekoa, eta haurrei eta familiei laguntzekoa. Donibaneko auzo-unitateak zerbitzu horiek eskainiko ditu zortzi lagunez osatutako plantilla batekin: administrari bat, Gizarte Integrazioko goi-mailako bi tituludun eta bost gizarte-langile. Profesional horietako bi –gizarte-langile bat eta Gizarte Integrazioko tituludun bat– 2019an hasi ziren lanean, auzo-unitatearen zerbitzua indartzearen aldeko apustua egin zenean.
 

Guztira, iaz 938 lagunek jaso zuten Errenta Bermatua; horietatik 311 adingabeak ziren.  Arretarako Banako Programaren 329 izapide egin zituzten, hots, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko 2006ko Legeak erregulatzen dituen prestazioak adinekoei ematea bermatzeko 329 balorazio izapidetu ziren. Horrez gain, larrialdietarako 85 laguntza eman ziren. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaile kopuruak gora egin zuen, 62raino, eta Etxebizitzaren aldeko zerbitzuak 17raino.  Batez beste, Donibaneko auzo-unitateak 48 laguni ematen die arreta egunean.
 

Auzo zaharkitua
 

Donibane auzoak 2018ko martxoan sustatu zuen Adinekoen Ituna, auzoko bizi-kalitatean hobekuntzak sustatzeko gizarte ekimen bat, auzotarren % 30ek baino gehiagok 65 urtetik gora baitituzte. Berez, auzoan erroldatuta dauden 20.323 lagunetatik 6.468k 65 urtetik gora dauzkate (% 31,8). Horietatik guztietatik 3.994 emakumeak dira, eta 2.474, gizonak.
 

Auzoko osasun-zentroak sustatuta, Iruñeko Udalak ekimen horrekin bat egin zuen, baita bertako hainbat entitate eta erakunde ere, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartuta zahartze aktibo eta osasungarria sustatze aldera. Helburua elkarrekin lan egitea da, zahartzearen hiru zutabeei heltze aldera: osasuna, parte-hartzea eta nagusien segurtasuna.
 

Udalak hainbat jarduera eta proposamenetan aktiboki parte hartzen du, Alor ezberdinen bidez. Auzo-unitateak, Autonomia programako gizarte-langilearen bidez, Adinekoen Itun hori garatzeko bidean zeregin garrantzitsu bat betetzen du.

¿Te ha sido útil esta página?