Donibane Ikastetxe Integratuko ikasleek Iruñeko Animaliak Hartzeko Zentroko katakumeen eremurako zurezko altzariak egin dituzte

Donibane Ikastetxe Integratuko ikasleek Iruñeko Animaliak Hartzeko Zentroko katakumeen eremurako zurezko altzariak egin dituzte
Lau hilabetez lanean aritu dira atseden-kutxak, eskailerak, jolaserako etxolak eta lo egiteko altzariak egiteko

foto

Iruñeko Animaliak Hartzeko Zentroko katakumeen eremuan altzari berriak jarri dituzte. Altzari horiekin animalien egonaldia erosoago egin nahi da, katuak adoptatu arte, eta familiekin interakzioa erraztu nahi da. Eremuaren apainketa berria Donibane Lanbide Heziketako Ikastegi Bateratuko Zurgintzako eta Altzarigintzako Oinarrizko Graduko Lanbide Heziketako lehen mailako hamabost ikasle inguruk egindako lanaren emaitza da. Ikasketa eta Zerbitzuko proiektuak bigarren saria jaso zuen Iruñeko Udalaren lehiaketaren azken edizioan.

Joan den abenduan Iruñeko Animaliak Hartzeko Zentroko katuen beharrak ezagutzeko zentroa bisitatu zutenetik, ikasleak lau hilabetez lanean aritu dira altzari berriak eraikitzeko. Hainbat fasetan egin dute, eraikuntza-prozesu guztiari helduta, katuek beren garapenerako, ongizaterako, osasunerako eta aisialdirako zer behar duten ikertzetik, altzariak behin betiko tokian instalatzeraino. 

Horretarako, hainbat lantaldetan antolatuta, Donibane IIko ikasleek altzari-ideia desberdinak aztertu eta altzariak diseinatu eta eraiki dituzte. Prozesuan, ikasleek zur motei, muntatzeko mekanismoei, altzariak egiteko beharrezko makineriari, akaberei –baldin eta barneko edo kanpoko altzariak badira– eta altzariak jartzeko eta ainguratzeko sistemei buruz ikasi dute. 

Horren guztiaren emaitza hainbat atseden-kutxa, eskailera eta jolaserako etxola, apalategiak dituen lo egiteko altzari bat eta hormako zirkuitu bat izan dira. Guztiak katakumeen eremuan jarri dira, lo egiteko altzaria salbu, katu helduen eremuan jarri dena. Hala, altzari berriek katakumeen eremuko 14 metro karratuak apaindu dituzte, bai eta 18 metro karratuko lorategia ere. Azken hori katu gazteenendako da eta bertan 20 katu baino gehiago bizi izan dira elkarrekin. Animaliak Hartzeko Zentroak katakumeendako bereizitako eremu hori gaitu zuen, adoptatu nahi duten familiekin interakzioa hobetzeko xedez, katuekin jolastu ahal izateko pertsonak barrura sartzea ahalbidetzen baitu. 

Izan ere, altzari berri horiei esker, animalien garapena hobetuko da beraiendako bereziki diseinatutako jardueren eta jolasen bidez. Katakumeak eremu horretan sartzen dira berrogeialdia amaitutakoan eta txerto guztiak jarrita. 

Proiektuak alderdi bikoitza du: katuei laguntzeaz gain, gizarte osagai bat ere badu, ikasleek beren lanaren aplikazio praktikoa ikusten baitute. Oinarrizko Graduko Lanbide Heziketara sartzen diren ikasleek ez dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulurik. Bide horretatik titulu hori eta Zurgintzako eta Altzarigintzako Oinarrizko Profesionalaren titulua eskuratzen ahal dituzte eta horrek lan-merkatura sartzea eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako lanbide bat ikasten jarraitzea erraztuko die.

¿Te ha sido útil esta página?