Eskola-jantokian autonomia eraikiz proiektuak oinarri hauek ditu: ikastea, eraikitzea, partekatzea eta beste pertsona batzuen egunerokoa errazte aldera lanak duen aplikazio praktikoa aztertzea. Ekimenak bi ikastetxe batu ditu: Bernart Etxepare ikastetxe publikoa eta San Juan - Donibane Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua. Proiektuak Iruñeko Udalaren Ikasketa eta Zerbitzuko sarien bederatzigarren edizioa irabazi zuen, eta orain egikaritu da, hainbat hilabetez lanean aritu eta gero.
Maiatzetik aurrera, Bernart Etxepareko ikasleek altzari berriak dituzte eskolako jantokian, Zurgintzako eta Altzarigintzako Oinarrizko Graduko Lanbide Heziketako hamabi ikasleren ahaleginari esker. Altzari erabilgarri eta erosoek jantokia apaindu, eta kontzeptu berri batera egokitzen dute, eta kontzeptu horren bidez, Lehen Hezkuntzako ikasleek autonomiaz elikatzen ikasiko dute. Asmoa da norberaren autonomia sustatzea eta autorregulazioa eta erabakiak har dezaten bultzatzea, bai elikatzeko orduan, bai jantokiko orduan pizten diren harreman sozial eta emozionaletan.
Altzariak Donibane IIko ikasleen bost hilabete baino gehiagoko lanaren emaitza dira. Altzariak egiten hasi eta instalatu aurretik, Zurgintzako eta Altzarigintzako ikasleak Bernart Etxepare IPra joan ziren, gunea ezagutu, eta eskola-jantokia kudeatzen duen Guraso Elkarteak planteatutako beharren berri izateko. Informazio guzti horrekin, behar eta erabilera horiei egokitutako proposamenak egin zituzten hurrengo hilabeteetan, eta ondoren, melaninazko taulekin fabrikatu eta torlojuak, bandak, zintzilikatzeko euskarriak, gurpilak eta heldulekuak gehitu zizkieten. Donibane IIko lantegietan dena prest zutenean, ikasleak Alfredo Ibáñez Irigoyen irakasle eta proiektuaren arduradunarekin batera joan ziren berriz Bernart Etxepare IPra, dagoeneko jantokian dauden altzariak instalatu eta muntatzera.
Altzari berri horiei esker, hainbat eremu finkatu dira, zentroko ikasleek askotariko zereginak egin ahal ditzaten. Egunero, egitekoak banatzen dituzte ikasleek. Eguneko menua zein den dakitenean, mahaiak jarri, norberak bere janaria zerbitzatu, eta amaitzerakoan, mahaiak jaso eta garbitzen dituzte. Gune horretan, funtzio anitzeko apal bereizleak jarri dira: talde bakoitzeko espazioak bereizten dituzte eta otordua egiteko behar den guztia biltzeko aukera ematen dute.
Prestakuntza praktikoa eta lankidetza
Proiektuak bi hezkuntza-alderdi izan ditu. Alde batetik, Donibane IIko ikasleek ikaskuntza tekniko eta profesionala izan dute, hau da, dokumentazio teknikoa interpretatzen ikasi dute, eta bistak, piezak, sekzioak, loturak, xehetasunak, profilak eta kotak bereizten ikasi dute; gainera, zurak eta gainerako produktuak hautatzen lan egin dute, altzari bakoitzerako egokienak bilatuz, eta zuraren gaineko oinarrizko mekanizazio-operazioak aplikatu dituzte.
Bestalde, alderdi sozialagoa eta kolaboratiboagoa landu dute ikasleek, beste pertsona batzuen beharrekiko interesa agertuz, haien proposamenak entzunez, proiektu garrantzitsuenei lehentasuna emanez eta, batez ere, beren lanak aplikazio praktikoa duela egiaztatuz.