Txantreako Izartegi Haur Eskolan egin da gaur goizean Iruñeko Udalaren Haur Eskoletan 2024-2025eko ikasturteari hasiera emateko ekitaldi ofiziala Mila haurrek baino gehiagok hasi zuten ostiralean ikasturtea, Donibane Haur Eskola irailean berriro irekitzeak, plantillaren behin-behinekotasuna murrizteak eta eskolen ildo pedagogikoan sakontzeko lanak markatuko dutena.
Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Gizarte Ekintzako, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Alfredo Hoyuelos Planillo Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko kudeatzailearekin, Inés Zazu Artuch zuzendari pedagogikoarekin eta Garikoitz Torregrosa Armendáriz haur-eskolako zuzendariarekin batera, Izartegi Haur Eskolara egindako bisitan parte hartu dute, ikasturte berriaren lehen egunak nola joan diren bertatik bertara ezagutzeko.
Izartegi Haur Eskolak egonaldi osoko 82 ikaspostu eskaintzen ditu, hiru adin-taldetan banatuta.Ikaspostuak euskarazko hizkuntza-eredukoak dira, eta hamarkadetan eutsi diote haur-eskolan eredu horri. Izartegi Haur Eskolan 17 pertsonak lan egiten dute (1 zuzendarik, 12 hezitzailek eta zerbitzuetako 4 langilek). Udaleko Haur Eskolen erakunde autonomoak bi urtean % 40 murriztu du plantillaren behin-behinekotasuna, hainbat lanpostu betetzeko deitutako egonkortze-prozesuen bidez. Langile finko eta/edo funtzionarioen kopurua 2022an % 25 izatetik % 66 izatera igaro da 2024an. Haur-eskoletako langileak 250 inguru dira.
Iruñeko Udaleko haur-eskolen sareak hamabi zentro ditu, gaztelaniazko ikaspostuak, euskarazkoak, gaztelaniazko ikaspostuak ingelesezko jarduerekin eta euskarazkoak ingelesezko jarduerekin eskaintzen dituztenak, dela egonaldi osoan jantoki-zerbitzuarekin, dela egonaldi erdian. Beste ikasturte batez, matrikula doakoa da, baina familiek jantoki-zerbitzua ordaindu behar dute egonaldi osoko adingabeen kasuan.
Hiru milioi eurotik gorako inbertsioak eskoletan
Ikasturtea ostiralean hasi zen ofizialki, baina irailaren 2ra arte ez dute Donibane Haur Eskola irekiko. Eraikina osorik eraberritzeko obrak egin dira, eta 2,9 milioi euro inbertitu dira horietan –zati batean Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta–, haur-eskola indarrean dagoen foru-araudira egokitzeko. Donibane Haur Eskola itxita egon da azken ikasturtean.
Hainbat lan egin dira: lehen solairua eraberritu eta handitu da, administrazio-bulegoak eta eraikineko zerbitzu-multzoa hara eramateko, eta beheko solairua garden utzi da, argiztapena eta aireztapena hobetuz, eta estalkirik gabeko bi patio berri sortu dira. 102 adingabe hartzen ahal dituen eskolak bost hezkuntza-talde izanen ditu, eta talde bakoitzak gela, jangela, komuna eta logela izanen ditu. Gainera, espazioak irisgarritasun- eta segurtasun-araudietara egokitzeko baliatu dira obrak, gasolio-galdararen ordez aerotermia eta zoru bero emaile bidezko berokuntzarako instalazio elektriko bat jartzeko, eta eguzki-panel fotovoltaikoak instalatzeko.
Datozen hilabeteetan, halaber, 25.693 euro inbertituko dira Hello Buztintxuriko sarrera eraberritzeko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zati batean diruz lagunduko dituen lanen bidez. Horiez gain, Hello Azpilagañako bi gela intsonorizatu dira prestazioak hobetzeko. Aurrekontua 12.916 eurokoa izan da.
Egiteke daudenen artean, laster hasiko dira Printzearen Harresi Haur Eskolako estalkia eraberritzeko lanak. 337.729,15 euro inbertituko dira dagoeneko adjudikatuta dauden baina oraindik hasi ez diren lan horietan. Eta eskola horretan bertan, ikastetxearen egokitzapen klimatikoa egitea, 11.496 euroko inbertsioa izanen duena.
Eskolen ildo pedagogikoan sakontzea
Ikasturte berriak ildo pedagogikoarekin zerikusia duten bi alderdi izanen ditu ardatz, ildo horretan sakontzen jarraitzeko. Ildo horren printzipio komunetako bat bidelagun profesionala izatea da, zeina tokian eta unean egoten jakitea eta haurrari presentzia menpekotasunik sortu gabe ematea kontzeptuaren bidez definitzen baita. Rol hori bi esparrutatik landuko da: batetik, hori izanen da haur-eskoletako langile guztien prestakuntzarako oinarria, eta bestetik, ikerketa-proiektu baten ikuspegitik landuko da.
Bigarrenik, lan pedagogikoaren barruan, haurrekiko eta familiekiko harremanetarako dokumentu praktiko bat landu da, haurtzaroan eman beharreko tratuari buruz, “Hezi eta izan bidelagun, samurtasunez eta sentikortasunez zainduz" izenburua duena. Zirriborro hori inplikatutako kolektibo guztiekin landuko da, eta haiek ere ekarpenak egin ahal izanen dituzte, haur-eskoletako hezitzaile, teknikari eta praktiketako langileentzat oinarri eta gida bihurtuko den dokumentu bat idatzi ahal izateko.