Iruñeko Txantrea auzoan kokatutako Donejakue Bidearen parke berriak, itxura hartu du lehen fasearen obrak bukatu ostean, eta guztira lorategiz eta landarez betetako 24.000 metro koadroko ekarpena egin dio hiriari hegoaldeko sarreran. Udaleko Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak, Enrique Maya alkatea buru dutela, gaur bisitatu dute 2 milioi euroko kostua (BEZa kanpo) izan duen lorategi-eremu berria.
Lanak 2020ko abuztuaren amaieran abiatu ziren. Tarte horretan, Lacunza Hermanos SL enpresa adjudikaziodunak hainbat lan egin ditu, hala nola, lur-mugimenduak eta -erauzteak, drainatze-, ureztatze- eta argiztapen-sistemak instalatzea, pasealekuak berrurbanizatzea eta zolatzea, komunak eta zakurrendako eremuak eraikitzea, hiri altzariak instalatzea eta eremua lorategiz hornitzea. Halaber, parkearen ondoan dagoen Josefinen komentuko horma zaharreko junturak bete dira.
Hasierako proiektuan jasotako jarduketa horiez gain, lanak egin bitartean hainbat ezustekori aurre egin behar izan zaie, hala nola, komentuaren ondoan aurkitutako odol-noria agertu eta berreskuratu izanari, zeina berdegune publiko horretan integratu baita. Izan ere, aurkikuntza arkeologiko horrek hasierako proiektua aldatzea eragin zuen, eta Magdalenako zubitik parkera sartzeko plaza berriz diseinatu zen, 'noria-putzu edo odol-noria' zaharra integratzetzeko Príncipe de Vianaren txostenekin bat. Jarduketa horrek aurreikusitako epeak zazpi hilabete gehiago luzatzea eragin du. Horri guztiari abenduaren 10eko uholdeen ondorioak gehitu behar zaizkio, lanetan kalteak eragin baitzituzten eta, horrek guztiak batera obren entrega-epea atzeratzea eragin du.
Parkearen atal hori bukatzeak eremuko obren lehen fasea amaitzea dakar. Fase horretan, bide berria eraiki eta eremua urbanizatu zen, 6.935.385,00 euroko kostuarekin (BEZa kanpo).
100.000 metro koadroko parkea
Oraindik ere, lizitatu eta egin gabe daude Arga ibaiaren, Done Jakue Bidetik hirirako sarbidearen, Burlatako udalerriaren mugaren eta Txantreako hegoaldeko ertzaren artean dagoen berdegune horren beste bi fase. Amaitutakoan, hiriak 100.000 metro koadroko parke berri bat izanen du, ia kilometro bateko luzera izanen duena Arga ibaitik eta Magdalenatik Burlatako mugaraino, ehun metro inguruko zabalerarekin.
Egiteke dauden bi faseetan, oinezkoendako pasealeku berri bat eraikiko da parkean barna, pasealekuarekin batera doazen hainbat egonleku eta jolasgune eta ureztatzea duten berdeguneak. Halaber, parkour eta skate pistak instalatuko dira eta Iturriapurria ubidea eta Burlatarekin eta ertzeko orlarekin mugatzen duen haritzen zuhaiztia leheneratuko dira. Hegoaldean, familiendako baratze-eremuak, emakida-baratzea, piknik gunea eta zakurrendako eremua eginen dira.