Donejakue bidea egin duten atzerritarren % 96k segurutzat jotzen du, eta % 82 berriz ere bueltatuko da

Donejakue bidea egin duten atzerritarren % 96k segurutzat jotzen du, eta % 82 berriz ere bueltatuko da
Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteak Iruñean hiru informazio zerbitzu aurkeztu ditu, zabalik dauden aterpetxeei buruzkoak eta COVIDaren ondoriozko murrizketei buruzkoak

 

 

Donejakue bidea egin duten atzerritarren % 96k segurutzat jotzen du, eta % 82k bueltatzeko asmoa du. Horiek dira gaur goizean Donejakue Bideko Udalerrien Elkartearen bileran –zeinetan Iruñeak anfitrio-lanak egin baititu– aurkeztu diren datuetako batzuk. Telematikoki egin den topaketara penintsulako Donejakue Bide tradizionalaren 1.000 km-etan zehar barreiatuta dauden 30 bulego baino gehiago gonbidatuak izan dira.

Donejakue bidera erromes gehien ekartzen dituzten 16 herrialdeetako nazioarteko Donejakue bidearen 20 elkarterekin lotura duten 1.115 pertsonari egin zaie inkesta, datozen hilabeteetan zer bidaia-asmo dituzten jakiteko. Hala Iruñeko Udalak nola elkarteak inkesta egiten lagundu izana eskertu diete.

Donejakue Bideko Udalerrien Elkarteak (AMCS) ere erromesendako hiru informazio-zerbitzu esklusibo aurkeztu ditu: Frantziako Bideko COVID-19aren murrizketen mapa, Bidean zabalik dauden aterpetxeen mapa eta Albergues LoT proiektua. Bileraren xehetasun guztiak eman dituzte gaur prentsaurrekoan Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziak eta Eduardo Pueyo AMCSko Enpresa-foroaren eta Donejakue bidearen atzerriko elkarteen arduradunak. Biek adierazi dutenez, "erromesaldia pixkanaka suspertuko da, baina espero baino indar handiagoarekin hemendik uztail eta abuztura, eta joera irailean eta urrian mantenduko da".

% 49ko edukiera segurtasuna bermatzeko

Helburu horrekin, AMCSk herri eta hiriek COVID arautegia betetzen duen azpiegitura zabala prest edukitzea nahi du, edukiera-ahalmenaren % 49 solik eskainiz, besteak beste. Prentsaurrekoan gogora ekarri dutenez Donejakue bidea ingurune lasai eta sendagarritik igarotzen da, ia osorik naturaz inguratuta eta landa eremuan barna. Hori dela eta uda honetarako bizi-esperientziak izateko eta aisialdirako aukera egokia bihurtu da "pandemiak iraun duen bitartean gaizki pasatu duten eta kultura- eta aisialdi-aukerak ingurune natural eta seguru batean berraktibatu behar dituzten pertsonentzat".

Gaur aurkeztutako erromesendako hiru informazio-zerbitzu esklusiboetako bat Frantziako Bideko COVID Mapa da. Baliabide horren bitartez, AMCSk modu garbi eta laburrean informazioa emanen du Bideari tarte desberdinetan eragin diezaioketen murrizketei buruz, izan ere, autonomia erkidegoek horri buruzko araudi ezberdina onar dezakete eta astez aste alda daiteke. Horrela, erromesaldia egiten dutenek une bakoitzean zeri heldu jakinen dute. Baliabide hori www.amcsantiago.com elkartearen webgunean eskuragarri dago eta mapak berariazko esteka du. Besteak beste, honako hauek adierazten dira: herrien arteko mugikortasuna baimenduta dagoen edo baten batek perimetroa itxita duen, ostalaritza establezimenduen edukiera eta saltokien irekiera-baldintzak.

Aterpetxeen egoera eguneratua ezagutu

Frantziako Bideko bigarren informazio-baliabidea Bidean zabalik dauden aterpetxeen mapa bat da, eta hamabostean behin eguneratzen da. Inkestatik ondorioztatu zenez, aterpetxeei buruzko informazioa da erromesek gehien eskatzen dutena; horrela adierazi zuen % 75ak. Mapa hori iaz jarri zen martxan eta udan egunero 1.000 erromesek kontsultatu zuten. Aste honetan azken eguneraketarekin kaleratuko da, establezimenduetara hamarnaka dei egin ostean. Mapan hiru kategoria izanen dira: lehenengoa, aterpetxe seguruekin, hau da, AMCSren aholkularitza izan dutenak; bigarrenak, aterpetxe tradizional edo udal-aterpetxeei buruzko informazioa emanen du, eta, azkenik, ibilbidean zerbitzua ematen duten aterpetxe pribatu, turistiko edo erromes-aterpetxeak.

Amaitzeko, informazio zerbitzu hau Albergues LoT proiektuarekin osatuko da, zeina duela urtebete Iruñean aurkeztu baitzen eta Donejakue bideko autonomia erkidego guztiek sostengatzen baitute hein handi batean. Albergues Lot proiektuak erromesei 70 aterpetxeetan denbora errealean dauden tokien berri emateko balio du, dagoeneko sarearen lehen fase honetan sartuta daudenak. Baliabide hau ekainaren 15etik aurrera eguneratuta egonen da berariazko webgunean. Horien artean Iruñeko Udalaren Jesus eta Maria Turista eta Erromesen Aterpetxea aurki dezakegu.

Donejakue Bidearen Udalerrien Elkarteak Frantziako Bidea edo ibilbide tradizional osoaren garapena sustatzen du. 2015ean eratu zen, Iruña 2018an sartu zen eta une hauetan lehendakariordea da. 104 udalerrik osatzen dute. Horien artean daude, besteak beste, penintsulara sartzeko bi ateak, Luzaide-Orreaga eta Canfranc, hainbat hiriburu, hala nola Logroño, Leon eta Burgos, eta beste zenbait hiri: Ponferrada, Astorga, Naiara, Lizarra, Gares, Jaca, Santo Domingo de la Calzada eta Carrión de los Condes. Frantziako Bidea osatzen duten udalerri guztien bi heren baino gehiago dira.

¿Te ha sido útil esta página?