Domu Santuen egunaren inguruko egun hauetan, San Jose hilerrira ohiko moduan sartzen ahalko da ibilgailuz: Biurdana kalearen eta Orkoien kalearen arteko biribilgunetik eta Nafarroa etorbidetik. Udaltzaingoak sarrera eta irteera kontrolatzeko dispositibo berezi bat prestatu du, eta berritasun nagusia aurten hilerriko aparkalekuan bertan martxan jarri den eremu laranja da. Eremuak normaltasunez funtzionatuko du, azaroaren 1ean (asteazkena) salbu, jaieguna denez ez baita erabilgarri egonen.
Beraz, ibilgailuak sartzen eta aparkatzen ahalko dira hilerriko ate nagusiko aparkalekuan edozein egunetan. Aparkalekua betetzen bada, neurri bereziak ezarriko dira eremuko zirkulazioa kontrolatzeko. Orduan, galarazi eginen da aparkaleku horretara sartzea Nafarroa etorbidetik eta ‘ibaiko atetik’ ate nagusiranzko zirkulazioa ere galaraziko da. Hala, ibilgailuak Miluzeko errepidetik atera beharko dira.
Egun hauetan, hilerria atzealdetik inguratzen duen bidera Sanduzelaiko igerilekuetatik hurbilen dagoen tartetik sartzea debekatuko da. Bide horretatik zirkulatzeko sarbidea ate nagusiko aparkalekuan egonen da, eta noranzko bakarra izanen du, Sanduzelaiko Aquavoxetik ateraz. Ezin izanen da hilerrira sartu Miluze kaleko sarreratik, egun horietan zirkulazio noranzko bakarrekoa izatea nahi baita. Bide hori hilerrira Biurdana kaletik edo Nafarroa etorbidetik sartzen diren ibilgailuak irteteko erabiliko da.
Hilerriko ate nagusiaren eta errausketa-eraikinaren artean, egun horietan bertaratu beharreko gremioek (lore-dendak, marmolariak, igeltseroak...) aparkatzeko erreserbatutako eremu bat seinaleztatuko da. Aparkalekuaren gainontzekoa urte guztian bezala funtzionatzen jarraituko du, eremu laranja gisa, eta doakoa izanen da lehendabiziko orduan. Nafarroa etorbidearen ondoko disuasio-aparkalekua zabalik egonen da baita ere ibilgailuak aparkatzeko.